Bea Asurmendi: "Inprobisazioak paper garrantzitsua dauka diskoan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 16a, 07:02

Bea Asurmendi Aramaioko musikaria. Argazkia: Ione Saizar.

Zortzi kantu batzen dituen Asteartea lana aurkeztuko du gaur, egubakoitza, Arrasateko Juan Arzamendi Musika Etxeko –JAME–auditoriumean, 20:00etan, Londresen bizi den Aramaioko Bea Asurmendi musikariak.

19:45ean zabalduko dituzte ateak eta emanaldia dohainik da; edukiera bete arte.

Bilduma osoa argitaratu duzu gaur, egubakoitza, formatu fisikoan eta, aldi berean, bildumako laugarren singlea Yo estaba allí izenekoa plataforma digitaletan.

Hala da bai; modu oso kontzientean hartu nuen hala egiteko erabakia. Plataforma digitalen bidez musika horren azkar kontsumitzen den garaian, dinamika horrekin apurtu gura izan dut. Disko hori ez da kantu bilduma bat soilik: ia bi urteko lan-intentsudun, dedikazioaren, denboraren inbertsioaren, energiaren, pasioaren, emozioaren eta diruaren emaitza baizik.

Arrasateko MIAU Estudioak egin du diskoaren diseinua. Pozik?

Egia esan, lan ikaragarria egin dute. Emaitzarekin hunkituta nago. Artista itzelak dira, eta euren lanak proiektua. Goratu egin du. Diskoa erosten duenak, musikaz gainera, arte-bisuala deskubritzeko pribilegioa izango du.

"Jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko zortzi abestik osatzen dute bilduma"

Zelako bilduma da?

Jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko zortzi abestik osatzen dute. Nire bizitza nabarmen markatu zuen emakumeen talde batean izandako esperientzia eraldatzailean daude inspiratuta eta ondorengo gaiei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte: dolua, barkamena, maitasun propioa, emakumeen arteko elkartasuna eta osasun mentalaren garrantzia, besteak beste.

Inprobisaziotik ere badute kantuek, ezta?

Bai, inprobisazioak paper garrantzitsua dauka diskoan, ez ahotsean bakarrik, baizik eta instrumentu guztietan. Gainera, disko osoa zuzenean dago grabatuta (nire ahotsa izan ezik), momentuko magia hori harrapatu eta inprobisaziorari espazioa utzi nahi niolako.

"Bizipen oso intentsua izan da, baina oso aberasgarria, aldi berean"

Lehen diskoa izanda, zelako esperientzia izan da?

Estreinako lana izanda, eta gainera autoekoiztutakoa, bizipen oso intentsua izan da, baina oso aberasgarria, aldi berean. Ez dut gezurrik esango: zailtasun asko aurkitu ditut bidean. Hala ere, nire bidea eraikitzen jarraitzeko tresna eta irizpide gehiago ditudala sentitzen dut orain. Oso eskertuta nago parte hartu duten musikariekin, lagunak dira gainera. Prozesua talentu handia duten pertsona eskuzabalekin partekatzea izan da onena. Harro nago.

Jendaurrean aurkeztuko duzu asteburuan, esaterako, gaur, egubakoitza, Arrasateko Juan Arzamendi Musika Eskolako auditoriumean izango zara.

Sekulako gogoa dut kantuak taularen gainera eramateko eta aretoan dagoen publikoarekin konektatzeko. Asteburuan bi emanaldi izango ditut: JAMEn eskainiko dut lehenengoa gaur, 20:00etan hasita, 19:45ean zabalduko dituzte ateak, eta sarrera dohainik da; edukiera bete arte. Domekan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean izango naiz, 19:00etan hasita. Maiatzaren 27an, berriz, Londresen joko dut; gau oso berezia izango da, kontzertu bikoitza izango da; izan ere, Judit Neddermannek eta Pau Figueresek ere euren diskoa aurkeztuko dute. Euren musikaren jarraitzailea naiz orain dela urte asko, beraz, kartela eurekin partekatzea ametsa da niretzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak