Debagoienean ere izango da 'Hitzetatik Ekintzetara' ekimena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 14a, 15:04

'Hitzetatik Ekintzetara' ekimenaren edizioetako bat. Irudia: Kutxa Fundazioa.

Kutxa Fundazioak antolatuta, hirugarren aldia izango du, eta maiatzaren 19tik ekainaren 20ra bitartean egingo dira ekintzak, Gipuzkoako eragileekin; tartean, Aretxabaletan eta Arrasaten.

Hitzetatik Ekintzetara ekimena bueltan da hirugarren urtez, eta, aurten, kultura eta hizkuntza aniztasuna izango du oinarri, Kutxa Fundazioaren hitzetan. "Helburua herritarrei aukera ezberdin eta errazak eskaintzea da, Garapen Jasangarrirako Helburuen alde ekarpena egin dezaten. Izan ere, gizartea, oro har, bat dator helburuekin, baina ez daki nola lagundu". Erantsi duenez, Nazio batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen "milurtekoaren garapen jasangarrirako hamazazpi helburuak", baina ez zioten erreparatu hizkuntzari eta kulturari: "Bada, 2017az geroztik, helburu hori txertatzeko prozesua abian jarri dute EAEko eragileek", eta, orain, horri eutsiko dio Hitzetik Ekintzetara ekimenak.

Horretarako, "lurraldeko hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean", hemeretzi jarduera biltzen dituen Klik agenda prestatu du Kutxa Fundazioak, maiatzaren 19an hasi eta ekainaren 20ra bitartera arte luzatuko dena. Debagoienari dagokionez, maiatzaren 21ean izango da Aretxabaletan, eta hilaren 26tik ekainaren 7ra, berriz, Arrasaten.

Bi herri, ekintza bana

Hilaren 21ean, eguaztena, Hitzak opari saioa egingo da Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, 11:00etatik 12:00etara. MUk, Eraginek, DAB Bitartekaritzak eta CodeSyntaxek antolatu dute elkarlanean, eta saioa irekia dela azpimarratu dute. "Performance baten bidez, parte-hartzaileek hitzak jaso beharko dituzte, horiek irudikatu, sortu eta Wikipedian partekatzeko, ondoren". Ostean, bertso saioa izango da Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Hilaren 26tik ekainaren 7ra bitartean, berriz, Maniklik erakusketa ikusteko aukera izango da Emaus Fundazioak Arrasaten duen dendan, 10:00etatik 13:00etara. "Espazio publikoa arte-galeria bilakatuko duen esku-hartze artistiko honek aniztasuna ospatuko du, eta begirada aldaketa bat proposatu. Hondakinekin sortutako manikien bidez, egoera zaurgarrian dauden kolektiboek hiriko bizitza kulturalean parte hartu dezaten aldarrikatuko du, eta Emausen eguneko zentroko ikasleen eta parte-hartzaileen topaketak egingo dira [Errenterian, maiatzaren 26ik 31ra], sormena eta sen kritikoa bultzatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak