Euskaraldia 2025

Batzordeen ezinbesteko lana

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 11a, 10:00

Euskaraldian milaka debagoiendarren parte-hartzea lortu eta herrietan egingo diren ekintak antolatzeko lanetan dabiltza bailarako herri guztietan eratu diten batzordeak.

"Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea", esan zuten joan den astean Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideek Lekeition egindako agerraldian. Zentzu horretan, lanean lehenago edo beranduago hasi, jende gehiagoz edo gutxiagoz osatuta egon, Debagoieneko herri guztietan osatu dira batzordeak.

Hilabetetako lana

Bergaran, esaterako, azaroan hasi zen elkartzen Udalak, Jardun Euskara Elkarteak eta Udal Euskaltegiak osatutako talde motorra, aurreko aldietan ere eragile berdinek osatu zutena. Abenduan, aldiz, abiatze saioa egin zuten Kike Amonarrizekin eta orduan jaso zituzten batzordean laguntzeko prest zeudenen izenak. "Talde motorra lanean hastea erraza egin zen, aurreko edizioetan parte hartu zuten kide berdinek osatzen dutelako. Talde motorretik kanpo jendea laguntzeko prest dago, baina, batez ere, lan puntualak egiteko. Ez dugu kopuru finkorik", diote Bergarako batzordeko kideek.

Aramaion, aldiz, Txirritola euskara elkarteko juntan dauden lau kideak eta Gorbeialdeko euskara teknikaria den Manex Agirre daude Euskaraldiko batzordean eta ikasturte hasieratik zekiten arren hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa zetorrela, urtarrilean hasi ziren horren bueltan lanketarekin. Leintz Gatzagan apirila hasieran hasi zen batzordea biltzen: "Aurreko Euskaraldiko antzerako taldea da. Oraingorako Whatsapp bidez hasi ginen berriz ere aktibatzen eta bilerak Labidean egiten ditugunez, lehenengo aldietan jende hurbiltzen zitzaigun zertan genbiltzan galdezka. Horietako batzuk ere gehitu dira lantaldera eta zortzi bat lagun aritzen gara".

Leintz Gatzagako batzordearen bilera bat.

Aramaion eta Leintz-Gatzagan ez, baina Bergaran badute Euskaraldiaren dinamizatzaile figura, Andrea Bella: "Hasieran, aurreko Euskaraldietan egindakoa ezagutu eta Bergarako egungo errealitatean murgiltzea izan nuen egitekoa. Gero, hainbat gauzetan aritu naiz: sare sozialak martxan jartzen eta kudeatzen, komunikazioa, entitateei Euskaraldiaren berri ematen, ikastetxeetan hitzaldiak ematen, parte-hartzea bultzatzen, ekitaldiak koordinatzen, Gipuzkoako koordinazio taldean eta herri batzordeko foroetan parte hartzen...". Dinamizatzaile bariko herrietan, batzordeko kideen artean banatu dituzte lanak.

Euskaraldiaren batzordeek, era berean, sustatu dituzte harremanak herrietan dauden gainerako eragileekin. "Izen-ematea ireki zenean herriko elkarteekin eta enpresekin jarri ginen hartu-emanetan; horien kideak parte-hartzera gonbitatu ditugu eta erantzuna ona izan da", azaldu dute Bergarako batzordekoek. Aramaion ere antzera ibili dira: "Hamaikakoa aurkezteko ekitaldirako, adibidez, bertso eskolakoengana jo genuen".

Hamaikakoak osatzea

Hain zuzen ere, Euskaraldiaren enbaxadore lanak egin dituzten Hamaikakoak osatzea izan da batzordeen zeregin nabarmenetako bat. "Hasieran zaila egin zitzaigun zeinekin osatu nahi genuen zehaztea, askotariko profilak batu nahi genituelako. Behin zerrenda osatuta jendeari hamaikako kide izatea proposatu genionean, baina, denek esan zuten baietz"; azaldu du Aramaioko batzordeko kide Irati Lasagak. Bergaran ere generoa, adina, jatorria eta ahobizi edo belarriprest rolak bezalako irizpideak aintzat hartuta zerrenda luzea prestatu zuten hasieran. Aukeratutakoei proposamenak luzatzen hasita, jaso zuten ezezkorik. "Baina ezezkoak ez ziren izan Euskaraldiaren kontrako jarreragatik, haien burua enbaxadore lanetan ikusten ez zutelako baizik. Hala ere, erraz bilatu genituen ordezkoak", zehaztu du batzordetak. 

Maiatzaren 15era begira motorrak berotzeko batzordeek askotariko ekintzak antolatu dituzte, beti ere herriaren tamainaren eta baliabideen arabera. Herritarrak Euskaraldian parte hartzera animatzea izan da guztietan errepikatu den bat. "Herri txikia izanik ezin dugu gauza askorik egin, baina denok aritu gara ahoz ahoko kanpaina egiten eta gure inguruan eragiten. Ia herri osoa sartuta dagoen Whatsapp talde bat ere badugu eta hortik ere zabaldu dugu informazioa", azaldu dute Leintz Gatzagako batzordeko kideek. Bergaran bestelakorik ere egin dute: "Ikastaroak antolatu ditugu. Batetik, hika ikastaroa eta bestetik, ostalaritzan lan egiten dutenei bideratutako oinarrizko euskara ikastaroa".

Ekintzak planteatzeko orduan herrietako batzordeek modu independentean jokatzen dute, baina beti ere premisa bat jarraituta: "Ildo orokorrak Eusko jaurlaritzak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak markatzen dituzte. Herrietako batzordeen lana da gero ildo horiek herrian bertan lurreratzea", azaldu dute bergararrek.

Hasiera emateko

Normala den legez, Euskaraldia hastearekin, batzordeek antolatutako ekintzak ugaritu egingo dira. Maiatzaren 15ean bertan, Bergaran, esaterako, lehenego edizioan egin zen ahobizi eta belarrispresten jaitsiera egingo dute San Martin plazan eta ondoren denek batera txapa jarriko dute. Aramaion ere talde handi bat batu eta argazki bat atereaz hasi gura dute Euskaraldia: "Herriari adierazi nahi diogu Euskaraldia hasi dela eta izena eman dutenak aktibatu egin behar direla".

Leintz Gatzagan, Bergaran bezala, aurreko edizioei egingo diete keinua aurtengoa hasteko. Hirugarren Euskaraldian herrigunetik Dorletara doan bidean ihartutako enbor handi bat jarri zuten Ez deila igartu berbia zioen esaldiarekin, eta hori berriz ere margotzea izango da lehen ekintza.

Herritarrak, "gogoz"

Herritarrak Euskaraldia dela eta gogoz dauden galdetuta, orokorrean baietz diote batzordeetako kideek. "Askok, euren egunerokotasunean euskaraz bizi direnez, ez diote zentzu larregi ikusten Euskaraldian parte hartzeari. Baina beste asko oso motibatuta daude eta garrantzitsua da hori auspotzea", adierazi dute Aramaiokoek. Bergarakoen esanetan, onartzen dute akaso hurrengoetan ez dela lortu lehen Euskaraldiak piztu zun zirrara piztea, baina jendea parte hartzeko gogoz eta laguntzeko prest ikusten dutela ere gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak