Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratu beharko dute Euskaraldiaren laugarren edizio honetan ere dagoeneko izena eman edo datozen egunetan izena ematen duten norbanakoek –izenematea.euskaraldia.eus atarian dago horretarako aukera–. Ariketan parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea, eta bete behar diren baldintza bakarrak dira 16 urtetik gora izatea eta euskaraz ulertzea. Norberak aukeratzen du zein izango den beteko duen rola, eta maiatzaren 15etik 25era egingo da ariketa, txaparekin soinean.
Entitateek ere hartu dezakete parte, kideak rol horiek hartzera gonbidatuz, euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eta baliabideak kideen eskura jarriz eta ariketan parte hartzen direla ikusgarri eginez.
Euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza-ohiturak aldatzea da hamaika eguneko ariketa sozial masiboaren helburua, eta eginkizun garrantzitsua daukate ahobizi-ek eta belarriprest-ek. Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea proposatzen du Euskaraldiak, hizkuntza portaera hori jendartean ohiko bihurtzeko. Euskaralditik gogorarazi dute rola aukeratzean gakoa jokaeran dagoela, eta ez gaitasunean: "Garrantzitsuena ez da zenbat euskara dakidan, baizik eta dakidan euskara hori nola erabiliko dudan; zenbat euskara, zenbatekin eta zenbatetan egingo dudan".
Jokaera da gakoa
Aretxabaletako Euskaraldiko Ainhoa Sanchezek bi jokamoldeen konpromisoak zeintzuk diren azaldu du. Ahobizi-ei dagokienez dio euskaraz dakiten guztiekin euskaraz hitz egingo dutela: "Lehen hitza, ezezaguna izanda ere, euskaraz egingo dugu". Halaber, elkarrizketa elebidunak jarri ditu mahai gainean, elkarrizketa horietan baitute ahobizi-ek garrantzia hizketaldian euskarari eutsiz: "Nik baldin badakit nirekin berba egiten dabilen horrek euskaraz ulertzen duela, nahiz eta hark gazteleraz egin berba, nik euskarari eutsiko diot. Orduan, elkarrizketa elebiduna edukiko dugu, bion arteko komunikazioa ahalbidetzen duelako, bakoitzak bere hizkuntza mantendu arren".
Belarriprest-ek euskaraz egiteko "askatasuna edo erabakitzeko ahalmena" dutela dio Sanchezek, baina eskatzen dutena dela haiekin euskaraz egitea. "Zelan egiten didate berba niri? Ni belarriprest banaiz, eskatzen dudana da niri euskaraz hitz egitea. Horrekin azaltzen dut euskaraz ulertzen dudala, eta aukera ematen du erabakitzeko zein hizkuntzatan erantzun". Dena den, adierazi du horiek direla oinarrizko konpromisoak, baina, horietaz gain, norbanako bakoitzak bere erronkak ere izan ditzakeela.
Erronketako bat izan daiteke Euskaraldia Hikan parte hartzea, eta hori izena ematean zehaztu beharko da. Txapa jasotzean, H pegatina emango zaie, txapan itsasteko, eta pertsona horiekin hika hitz egin ahal izango da.
Txaparen garrantzia
Rol bakoitza lehen begirada-kolpean identifikatzeko eta elkarren artean euskaraz dakitela jakiteko tresna da txapa, eta horregatik da garrantzitsua bularrean jartzea. Egun hauetan ari dira banatzen herrietan, eta izena eman dutenek puntu horietatik pasatu besterik ez dute txapa eskuratzeko.
Gainera, rola edozein izanda ere, txapak aurrean dagoen pertsonari mezu argia helarazten dio; hau da, norbanakoarekin euskaraz hitz egiteko. Norberarendako baino gehiago, besteen- dako keinu bat da txapa, euskaraz dakiela erakusten baitu.
Txapak mezu argia zabaltzen du: "Nirekin egizu euskaraz". Horrela, gainera, ahotan maiz darabilgun estres linguistikoa ezabatzen da. "Estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita badakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, eta euskaraz hitz egitea nahi duela". Eskoriatzako Euskaraldiko dinamizatzaile Olaia Benitok txaparen garrantzia berretsi du: "Txapa barik ez dago ariketarik. Identifikagarria baino gehiago da. Geure buruarendako baino gehiago, besteendako informazioa ematen duen elementua da. Ho- rri lotuta, estres linguistikoa amaitzen du. Askotan, berba egitean zalantza izaten dugu ea aurrekoak euskaraz jakingo ote duen edo ez. Txaparekin, zalantza amaitzen da".
Halaber, aurtengo edizioan, nobedade bezala, parte hartzen dutenek txaparekin batera orri-markatzailea jasoko dute Euskaraldiko oinarrizko gomendioekin.
Aldaketa bultzatzeko aukera
Euskaraldiko leloak dioen bezala, Elkar mugituz egingo dugu euskararen erabilera areagotzea, eta hamaika egunetan zehar beharrezkoak izango dira hizkuntza-aldaketak horretarako. Debagoieneko Euskaraldiaren batzordeak joan den astean grabatu zituen hainbat spot –argazkian ikusi daiteke uneetako bat– gai horren bueltan.
Euskaralditik ere egin dituzte Euskaraldian zehar, egunerokotasunean, parte-hartzaileek egin ditzaketen aldaketen hainbat adibide, eta herritarrak animatu dituzte euren proposamenak praktikan jartzera; dena den, urte osorako balio dute, ez soilik datozen hamaika egunetarako.
Hala, Benitoren ustez, aldaketa horiek egunerokotasuneko egoeretan egin behar dira: "Egunekoan bizi ditugun une horietan aldaketa txikiak egin behar ditugu. Erronka txikiekin hasiz gero, uste dut gauza handiak lortu daitezkeela. Lanean, kalean... Norbere hizkuntza ohiturei erreparatu behar zaie, eta ikusi zein momentutan egin behar diren aldaketak eta norekin. Askotan pasatzen da pertsona batzuekin ohituta zaudela gaztelaniaz hitz egitera, nahiz eta dakizun pertsona horrek euskaraz dakiela, eta Euskaraldia izan daiteke une aproposa horri buelta emateko".