Hainbat nobedaderekin dator laugarren Euskaraldia, eta horien artean da Euskaraldia Hika ekimena. Euskaraldian parte hartzeko modu bat da, ZirHika taldearekin lankidetzan antolatu dena, eta helburua da hika ikusgarri egitea. Hala, Euskaraldiaren oinarriak mantenduta, hika ere erabiltzeko proposamena gehitzen zaio ariketari.
Euskal Herri osoko 83 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan parte hartzeko. Tartean dira Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Oñati. Euskaraldian izena emateko orduan, herri horietako hiztunek galdera bat gehiago dute erantzuteko: Euskaraldia Hikan ere parte hartu nahi duzu? Baiezkoa ematen dutenek H pegatina jasoko dute txaparekin batera, eta bertan itsatsi beharko dute. H-aren esanahia da: Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu. "Pegatinak ez ditu belarriprest ala ahobizi rolak aldatzen. Rola edozein izanda ere, txapak aurrean dugunari mezu argia helarazten dio: Nirekin egizu hitanoz, lasai. Ariketa eroso egiteko ezinbesteko tresna da, beraz. Eta ez dago hika jakin behar H-a ipintzeko. Hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere ipini dezake", azaldu dute ariketa bultzatu duten antolatzaileek.
Lehen Euskaraldia Hika
Lehen aldiz egingo da Euskaraldia Hika, eta izena ematerakoan nahastu diren herritarrei zein ekimenean garaiz izena eman ez duten herri batzordeei lasaitasun mezua helarazi zaie: herri gehienetan egongo da aukera txaparekin batera H pegatina eskuratzeko. "Aukera ona da hitanoarekin harremanetan hasteko, entzuteko edo praktikatzen hasteko", azaldu du Oñatiko Euskaraldiaren dinamizatzaile Julen Agirrek. Nola ez, ariketarekin bat egitera animatu ditu debagoiendarrak.
Biziberritzeko beste aukera bat
Euskara biziberritzen laguntzeko beste aukera bat dela gehitu du Ingo Xonau taldeko eta Oñatiko Euskaraldia batzordeko kide Idoia Etxeberriak. "Aurreko Euskaraldian Hikaldia egin zen, baina zenbait herritara mugatu zen. Oraingoan, Euskal Herri mailako Euskaraldia Hika egingo dugu eta hitanoa bultzatzeko ekimen zabalagoa landuko dugu".
Ez dagoela zertan hikaz jakin azpimarratu du Etxeberriak ere. "Euskaraldia Hikan izena emateak ez du esan nahi derrigor hika jakin behar denik, ez eta hikaz berba egin behar denik ere. Nahikoa da belarriprest ariketa egitea eta entzuteko edo ikasteko prest egotea", azaldu du.
Etxeberriak urteak daramatza toka zein noka biziberritzeko ekimenetan murgilduta, eta azaldu du arrazoi asko egon daitezkeela hitanoa ez erabiltzeko azken hamarkadetako joeraren atzean: "Hitanoari ezarri zaion estigmaren ondorioz ez jakitea edo lotsa sentitzea, ez jakitea parekoak onartuko ote duen, toka jakitea baina noka ez...".
Horrekin batera, zera dio: noka bultzatzea da, Oñatiren kasuan, behintzat, Euskaraldia Hikaren erronka nagusia: "Oñatin toka bizirik dago eta mutilei zuzendutakoa entzuten dugu kalean, baina neskei zuzendutakoa apurka-apurka galtzen joan da. Oraindik bizirik dago, baina arnasa beharrean, eta Oñatin, behinik behin, hori izango da Euskaraldia Hikaren helburua".
Ekimen bereziak herriz herri
Nork bere baliabideen eta gaitasunen arabera, herri bakoitzeko Euskaraldia batzordeak diseinatzen ditu Euskaraldiaren bueltako ekimenak eta estrategiak, eta hitanoarekin lotutako ekimenak ere eman ditu fruituak. Esaterako, Debagoieneko zenbait herritan hitano txuletak edo hiztegi laburrak prestatu eta banatu dituzte. Horrekin batera, bertako hitanoa lantzeko aukera ematen duten Appa Hi! aplikazioak daude erabilgarri Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin. Hain zuzen ere, Appa Hi! lehiaketak antolatuko dituzten herriak.
Bestelako ekintzak ere egin dira han eta hemen: hika bazkariak, hika afariak, hika bertso-saioak, hika tailerrak...
"Egidak, egidan"
Hitanoa bultzatzeko askotariko ekimenetan parte hartzen duen eta ZirHikako kide Juan Martin Elexpuru bergararrak ere Euskaraldia Hikan parte hartzeko dei egin du. "ZirHika hika berpizteko ahalegina da. Aurreko belaunaldiek hika egiten zuten, nagusiki, baina gaur egun erdi hilda dago. Zaila da azaltzea hika egiteak dakarren plazera: egunerokoan zuka aritu bazara eta lagunartera iritsi eta hika egiteko aukera baduzu, mendiko botekin iritsi, haiek erantzi eta etxeko zapatilak janztea modukoa da. Beste konfiantza-giro bat dago", azaldu du.
Onartu du aurreko belaunaldiek ez zietela nagusiagoei hika egiten, baina arnasa behar duen hizkera izanik arau horiek alde batera uzteko lizentzia hartu daitekeela uste du. "Gaur egun, hika egiteko aukera gutxi dago, eta nagusiak garelako hika egiten ez digutenei zera esango nieke: Egidak, egidan. Badator Euskaraldia, eta 83 herrik aukeratu dute Euskaraldia Hikan parte hartzea. Animatzen dut jendea ariketa horretan parte hartzera", esan du.