Ingurune digitalean izaten dira orain harreman asko; hori dela eta, Euskaraldia Digitala izango du aurtengo Euskaraldiak.
Euskaraldiaren arlo digitalean parte hartzeko prozesua eta tresnak hainbat dira. Lehenengo pausoa da nork bere txapa digitala aktibatzea, Euskaraldiaren webgunean aukeran dauden hiru txapetako bat deskargatuz.
Ariketa digitalera eraman
Bigarren pausoa da rola sareetan partekatzea. Webgunean bertan deskargatu daitezke ereduak. Bi motatakoak dira: batek –laukizuzen bertikala– norberaren rola zein den eta horrek zer dakarren azaltzen du; besteak –karratua– norberaren rolaren berri emateko balio du.
Hirugarren pausoak ariketa soziala ingurune digitalera eramateko dei egiten du. Ideia da Whatsapp, Telegram, Tiktok, Mastondon eta antzekoetan euskaraz egitea eta gainerako erabiltzaileak horretara animatzea. Baita ere sare sozialetan edukiak euskaraz partekatzea eta erantzunak beti euskaraz izatea.
Nork bere gailuak euskaraz jartzeko eskaria ere egiten da, eta kutxazainetan, TAO makinetan eta bestelako gailuetan euskara hautatzea eta webguneak ere euskaraz bistaratzea.
Gailuak euskaraz konfiguratzeko Lehen Hitza webgunea dago martxan. Euskaraz ondo moldatzen ez direnentzat edo adierazi nahi dena euskaratzen laguntzeko, Itzultzaile Neuronala eta Elia Elhuyar itzultzaileak daude.
Arigune digitalak Entitateak ere gonbidatuta daude euskararen erabilera arlo digitalera eramateko urratsak egitera. Entitateko webgunean euskara lehenestea edo .eus domeinua erabiltzea izan daitezke bi pauso esanguratsu.
Mezu elektronikoen kasuan, ulertzen dutenekin beti euskaraz aritzea eta zalantza badago testuaren amaieran itzultzaile automatikoaren lotura eskaintzea proposatzen dira. Bestetik, Euskaraldiak irauten duen bitartean, amaierako sinaduran txapa digitala txertatzeko aukera dago.
Material guztia prest dago Euskaraldiaren webgunean.