Astebete baino gutxiago falta da euskararen erabileran eragiteko gaur-gaurkoz martxan dagoen "tresna indartsuena" has dadin; sei egun besterik ez da geratzen Euskaraldia abiatu dadin. Maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren edizioa; aurreko hirurak udazkenean egin ziren, eta laugarrena udaberrian egingo da. Ahobizi eta belarriprest rolak, ariketaren ikur diren txapak entitateak, ariguneak, hitanoaren erabilera aktibatzeko aurten lehen aldiz Euskal Herri osora hedatuko den Euskaraldia Hika... Dena dago gertu hamaika egunez hamaika lagunek euren hizkuntza ohiturak aldatu ditzaten eta aldaketa hori hamabigarren egunetik aurrera egonkortu dadin.
Edizio honetan, erabilera aktibatuko duten "mugimendua" elikatu nahi dute
Definizioan ere, jauzia
Orain arte, "euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala" bezala definitu dute antolatzaileek, baina laugarren aldi honetan harago joan nahi izan dute: "Hemendik aurrera, Euskaraldiaren definizioa honako hau izango da: euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua. Beste era batera esanda, hamaika eguneko ariketa soziala batera eta masiboki egingo dugu, ordura arte egindako pausoen erakusgarri eta hurrengoetarako bultzatzaile, baina askoz zabalagoa litzateke mugimendua. Hots, ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunera mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik. Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun arren, zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu".
Helburu nagusia da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da: "Bereziki, ariketa edo praktika kolektibo bat da, eta maila pertsonalean edota kolektiboan har daiteke parte".
Eraginkortasuna, "frogatuta"
Aurreko hiru edizioak amaitu berritan, "ikerketa-lan sakona" egin dute antolatzaileek Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko. 2022koaren ostean hainbat datu eman zituzten; datu azpimarragarriena da 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan izan bazen ere, hizkuntza ohiturak aldatu zituztela. "Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da", dio Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok.
Datuen arabera, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute Euskaraldiak ere badituela bere mugak: "Euskaraldia ez da kanpaina huts bat, ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa". Partaide kopuruari dagokionez, honako datu hauek utzi zituen Debagoienak aurreko hiru edizioetan: 2018an, 12.000 pertsona; 2020an, 9.954 lagun; eta 2022an, 8.750 lagun. 2025eko parte-hartze datuak ariketa masiboa amaitu ostean jakinaraziko dituzte antolatzaileek.
2022ko ariketan bi herenek ohiturak aldatu zituzten, "intentsitate ezberdinekin"
Elkarlan barik, Euskaraldirik ez
Debagoienean zein Euskal Herri zabalean buru-belarri dabiltza azken orduko lanekin: izen-emateak biltzen, entitateetara bisitak egiten, Euskaraldiak iraungo duen bitartean izango diren ekitaldiak antolatzen… "Milaka lagun, ilusioz lanean eta urduritasun ukituarekin", diote antolatzaileek. Hain zuzen ere, elkarlana dago Euskaraldiaren antolaketaren beraren oinarrian. Taupa euskaltzaleen mugimenduak kudeatuta, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak. "Esan gabe doa, koordinazio mahaiaz gain, euskalgintzako gainerako eragile, herrietako batzorde, boluntario eta entitaterik gabe ezinezkoa litzatekeela Euskaraldia Euskal Herriko txoko eta bazter ezberdinetan gauzatzea", gaineratu dute.
Berrabiarazteko gonbita
Egindako ikerketa-lanek Euskaraldia eraginkorra dela badiote ere, antolatzaileek proposatu dute Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea: "Berrabiaraztea, reset egitea. Azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa-prozesuaren ondorioetako bat izan zen Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu". Bi hitzetan laburtzeko, orain arteko Euskaraldiak gaindituko dituen Euskaraldia nahi dute antolatzaileek.
Ilusioa masiboki pizteko reset egitea proposatu dute, "hasierako esentziari" eutsita
Ariketa gozamenetik gauzatzeko gonbidapenarekin dator Euskaraldiaren iruditeria berria ere. Euskarri berrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mugimenduan daude: hitz egiten, elkarri eragiten, elkar hunkitzen eta, nola ez, elkar mugitzen agertzen dira. Marko bizi, organiko, koloretsu, fresko eta alaian kokatu da Euskaraldia. Berritu bai, baina hasierako esentziari eutsita. Eta, horregatik, txapa erabiltzean jarri dute azpimarra: "Txapak ahalbidetzen du ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du; hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta, batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: Nirekin egizu euskaraz, lasai". Izan ere, jarreran dago gakoa. Horregatik, Euskaraldiak proposatzen duena da lehen hitza euskaraz egitea ezagutzen ez dugun horrekin. Gainera, euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eusteko eskatzen zaio partaideari, ariketak irauten duen egunetan elkarrizketa elebidunak sortuz; eta, esan gabe doa: euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea ere ezinbestekoa da.
Udazkenetik, udaberrira
Debagoieneko Euskaraldia batzordeetan "gogoz" ari dira lanean. Hala dio, esaterako, Elgetako batzordeko kide eta Goibekoko presidente Ainara Iribarrek: "Elgetan gogotsu ari gara eta badakit horrela dela Debagoieneko gainerako herrietan ere. Herri guztiek eman dute izena Euskaraldian eta guztietan osatu dira batzordeak. Debagoieneko dinamizatzaileak, gainera, kontaktuan gaude eta elkarri laguntzeko prestutasun handia dago. Ikusi da Euskaraldian euskara gehiago egiten dela eta eragindako hizkuntza-ohitura aldaketa batzuk mantendu egiten direla ondoren. Euskaraldia da, gaur-gaurkoz, hizkuntza ohituretan eragiteko dagoen ariketa eraginkorrena. Masiboa da eta gizartearen gune zabaletara heltzen da; tresna oso interesgarria da".
Ariketa udaberrira pasatzea erabaki ona dela uste dute Debagoieneko batzordeetan
Iribarrek gaineratu du gaur egun txapen banaketarekin ari direla buru-belarri, baita azken orduko izen-emateekin eta entitateen lanketarekin ere. Horrez gain, Euskaraldiko koordinatzaile nagusi Goiatz Urkijok azpimarratzen duen ideian jarri du arreta Iribarrek ere: "Euskaraldiko arduradunari entzun diot entrenamendu bat bezala hartu behar dugula Euskaraldia, eta proposamen ona da. Hamaika egunez entrenatuko gara, hamabigarren egunetik aurrera nork bere kabuz ariketarekin jarrai dezan. Hori da ideia, hori da azken helburua". Era berean, Euskaraldia udazkenetik udaberrira pasatzea "erabaki ona" dela uste du Iribarrek: "Gure batzordean, behintzat, aire librean eta giro onarekin egiteko bestelako ekimenak eta proposamenak irten dira".
Txapa jasotzeko aukera, herriz herri
Debagoienean azken asteotan hasi dira txapak banatzen, eta datozen egunotan ere zeregin horretan jarraituko dute. Herriz herri postuak non eta noiz egongo diren jakiteko mapa interaktibo bat sortu dute, honako webgune honetan.