Euskaraz gehiago hitz egiteko hautua hartuta, hamaika modu daude Euskaraldira batzeko, eta, rol ezberdinak izango dituzten norbanakoez gain, Euskaraldiaren laugarren edizioan ere izango dira entitateak; funtsezkoak pertsona askorentzat, ariketa soziala ondo egiteko.
Askotariko entitateak
Mota guztietako entitateek eman dute izena dagoeneko Euskaraldian: lantoki, elkarte, denda eta bestelako komertzioek, besteak beste, eta horiek hiru konpromiso hartuko dituzte maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa sozialean, kontuan hartuta kide askorentzat entitatea dela euskaraz hitz egiteko eremu bakarra. Batetik, entitateko kideei –edota bezeroei– Euskaraldiaren berri eman eta ahobizi eta belarriprest izan daitezen sustatuko dute. Bestetik, ariketa ondo egiteko eta rolean eroso egon daitezen prestakuntza tresnak aztertu eta partekatuko dituzte. Eta, azkenik, Euskaraldiaren ariketan parte hartzen ari direla ikusgarri egingo dute, espazioak apainduz, txapak banatuz, eta barne zein kanpo komunikazioetan Euskaraldia zabalduz.
Hiru konpromiso izango dituzte Euskaraldian parte hartzen duten entitateek
Entitateen izen-ematea
Bailaran entitate ugarik eman dute izena, baina informatzea, prestatzea eta Euskaraldia ikusgarri egin nahi duten horiek aukera dute oraindik entitate gisa izena emateko, euskaraldia. eus/entitateak webgunean. Bertan dagoen formularioa bete beharko dute, eta hiru eskakizunak betetzeko materiala eta bitartekoak entitateen intranetean izango dituzte eskuragarri.
Haizeberrik, aisialdia euskaraz
Eskoriatzan, esaterako, hamabost entitatek eman dute izena Euskaraldian; horietako bat da lau koordinatzaile eta begiraleren gidaritzapean euskarazko zerbitzua ematen duen Haizeberri Aisialdi Elkartea. Entitate gisa ariketa sozialean parte hartuko dute, eta eurak dira Aitor Herrero, Aimar Larrea, Iñigo Larrañaga eta Leire Uribesalgo. Aniztasun funtzionala duten Debagoieneko pertsonei aisialdi osasuntsu eta kalitatezkoa emateko helburua du elkarteak, eta familiak euskarara gerturatzeko ahalegina egitea ezinbestekoa iruditzen zaie. Hala, euskara ohiturak areagotzea helburu duen gizarte mugimenduarekin bat egingo dute, haize berriak mundura zabaltzeko.
Hauxe dio Haizeberri Aisialdi Elkarteko Leire Uribesalgok: "Euskal identitatea sentitzen dugu, eta sentimendu hori ingurukoei transmititu nahi diegu. Haizeberrik gizarteko ekintza den Euskaraldian parte hartzea erabaki du. Izan ere, aniztasun funtzionala dutenek eskubidea dute euskaraz ikasteko, hazteko eta bizitzeko, eta gure helburuen artean ere bada bide horretan laguntzea. Geroz eta gehiago bermatzen da bailaran eskubide hori, baina oraindik baditugu ikasleak euren konfiantzazko hizkuntza euskara izanda esparru edo eremu batzuetan ez dutenak euskaraz harremantzeko aukerarik; familia batzuek ez dakite euskaraz, eta, gure ustez, garrantzitsua da ibilbide horretan guk laguntzea. Elkarlan polita ari gara egiten familiekin, eta hizkuntza ezin da oztopo izan euskaraz bizitzeko. Gure taldea ahobizi-z eta belarriprest-ez osatuta egonda, ulertzen ez duenari ere laguntza eskaintzeko prest gaude beti".
Ereindajan euskaraz
Sasoian sasoiko produktuekin eta bestelako produktu ekologikoekin osatuta dagoen Arrasateko Ereindajan kooperatiban ere argi dute Euskaraldiaren garrantzia, eta entitate gisa izena eman dute. Kalitatezko produktuekin batera, gertuko zerbitzua eman nahi dute, euskara erdigunean izanda. Lantaldea Asun Aranak, Veronica Riosek eta Edurne Kortabarriak osatzen dute, eta euren lehenengo hitza beti dela euskaraz diote. "Gure ama-hizkuntza denez, lantaldean eta gure bezero eta ekoizleekin, baserritarrekin, beti erabiltzen dugu euskara. Bezeroekiko arretan, dendari bezala ere beti da gure lehenengo hitza euskaraz, eta beti ahalegintzen gara euskaraz komunikatzen. Iruditzen zaigu ekimen garrantzitsua dela, eta, nahiz eta guk egunerokotasunean beti euskaraz egin, hamabost egun hauetan hori aldarrikatzea ere ezinbestekoa dela uste dugu", adierazi du Edurne Kortabarriak, Arrasateko Ereindajaneko kideak.
Gemes-en ere euskaraz
Aretxabaletako Gemes estetika zentroak ere bat egin du entitate moduan Euskaraldiarekin. Bost pertsonak osatzen dute lantaldea: Xeli, Mari Karmen, Masaro eta Nerea Etxeandia ahizpek eta Iratxeder Iturrik, euren lehengusinak. Haien esanetan, beharra du euskarak, eta entitate gisa euren alea jarriko dute, euren arteko zein bezeroekiko hizkuntza euskara izan dadin.
"Euskaldun moduan tokatzen zaigu ariketa sozialean parte hartzea eta eredu izatea. Euskaraz hitz egitea kostatzen zaion jendea animatzeko eta euskaraz egiteko bultzada emateko ariketa ederra dela uste dugu. Euskararen beharra leku guztietan dago, galtzen ari da poliki-poliki, eta ezinbestekoa da denon ahalegina. Aretxabaletaren kasuan, inguruko beste herri batzuetan baino euskara gehiago erabiltzen dela esango nuke, baina erosotasunean bizi dira asko. Hau da, lotsagatik, ez dira ausartzen, eta ulertzekoa da, baina adibide ugari daude: bizitza osoa hemen daramatenak eta euskaraz hitz egiten ikasi ez dutenak daude, duela gutxi hona iritsi eta euskara ikasi dutenak daude, eta euskaraz jakin arren hitz egiten ez dutenak ere badira… Hortaz, haiei guztiei erraztasunak jarri behar dizkiegu", adierazi du Nerea Etxeandiak, Gemes estetika zentroko kideak.