'Faisanen irla' pelikula ikusgai izango da Arrasaten eta Bergaran

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 6a, 12:26

'Faisanen irla' filmeko une bat. Irudia: Faisanen irla.

Maiatzaren 10ean eta 12an izango da Arrasateko Amaia antzokian, eta hilaren 11n eta 12an, berriz, Bergarako Seminarixoan. 19:30ean hasiko dira emanaldi guztiak, eta sarrerak salgai daude aretoetako webguneetan.

Faisanen irla pelikula ondu du Asier Urbieta zuzendari errenteriarrak, eta Arrasaten eta Bergaran izango da ikusgai. Haren hitzetan, "munduko kondominio txikiena" da Faisanen irla, Espainiako estatuari dagokiona urte erdiz, eta, beste erdiz, Frantziakoari: Bidasoa ibaiaren erdian dago, eta "estatuak banatzen dituen muga naturala" da. Bada, inguru horietan dabiltza filmeko protagonistak: "Laida eta Sambou, bertako bikotea, irlaren aurrean paseatzen ari da. Bat-batean, bi pertsona ikusten dituzte ibaia igerian zeharkatzen, beste aldera iristen saiatzen. Egun batzuk geroago, gorpu bat agertzen da uharteren subiranotasun-trukean. Nor arduratzen da?".

Jone Laspiurrek, Sambou Diabyk eta Ibrahima Konek gorputzen dituzte pelikulako pertsonaia nagusiak, eta tartean dira Itziar Ituño, Aia Kruse, Ximun Fuchs, Jon Olivares, Rodonny Perriere eta Josean Bengoetxea aktoreak ere.

Migrazioaren auziaz

Benetako kokalekuetan dago filmatuta pelikula, eta bere ingurunearekiko "erabat lotuta" dagoen fikziozko istorioa dela argitu dute sortzaileek. Halere, egia izan zitekeen: "Muga hau askok zeharkatzen dute egunero. Irun eta Hendaia lotzen dituen zubia zeharkatzen dute paperak dituztenek; beste batzuek, ibaira salto egin behar izaten dute, bizitza arriskuan jarriz. Lortzen dutenetako askoren kasuak, berriz, beroan egindako itzulketak –alegia, muga zeharkatzen saiatzen diren unean kanporatu egiten dituzte herrialdetik, atzerritartasun-legeen babes eta bermeak aplikatu gabe– dira".

 

Urbietaren hitzetan, egoera hori "gehienek" ezagutzen ez dutena da, "nahiz eta egunero gertatzen den haiengandik oso gertu", eta, horrenbestez, horregatik erabaki zuen gai hau kontatu beharra zegoela.

Gertaeretatik tiraka

Egia izan zitekeen filmeko istorioa, eta egia izan dira antzeko batzuk, halako kasuak gertatu direlako. Bada, horietatik tiraka hasi zen Urbieta lan hau sortzen: "2021etik bederatzi pertsona hil dira Bidasoako muga zeharkatu nahian etorkizun hobe baten bila. Bost ibaian ito dira, hiru trenak harrapatu ditu eta bat ibai aurrean urkatu da. Egoera global eta konplexu batera hurbildu nahi izan dut, nire etxe inguruan gertatzen denaren adibidetik, baina ezagutzen ez dena: mugek, horiek zeharkatzen dituzten pertsonek eta nazioarteko politikek guztiok zeharkatzen gaituzte, horretaz jabetu ala ez. Horregatik, istorio hau tokiko begirada batekin kontaktu nahi izan nuen, benetako mugan, baina nazioarteko publikoarentzat interesgarria izan daitekeena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak