Tentsio handiko eremuei buruzko txostena, informazio-kanpaina eta webgune berria aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak egin du aurkezpena, Miguel de los Toyos sailburuordearekin eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarekin batera.
Eguneratutako txostenaren arabera EAEko 32 udalerrik betetzen dute Eremu Tentsionatu izendatzeko irizpideren bat. Debagoienari dagokionez Oñati eta Bergara gehitzen dira lehenagotik Arrasate bazegoen zerrendara.
Gipuzkoari dagokionez bestelako aldaketak ere identifikatu dira. Zarautz partzialki tentsionatua izatetik erabat tentsionatua izatera igaro da, eta, Bergara eta Oñatirekin batera beste sei udalerri tentsionagarri berri sartu dira: Legazpi, Deba, Oiartzun, Getaria, Hondarribia eta Orio. Txanponaren beste aldean, sei herrik galdu dute kalifikazio hori: Andoain, Ordizia, Beasain, Urnieta, Lazkao eta Zestoa.
Eskaera udalei
Aurkezpenean, Itxasok azaldu du bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan maizterrek eta jabeek dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutarazteko lagungarri izango direla txostena eta tresna digital berriak. Udalei ere igorri die mezua: "Eusko Jaurlaritzak eremu tentsionatuak izendatzeko eredu bat aukeratu du, udalekin egindako itunean oinarritua, eta udalok dira hiru urteko ekintza-plan bat egiteko arduradunak. Plan horren helburu nagusia babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean eraikitzen laguntzeko", esan du. Gaineratu duenez: "Udalei eskatzen die lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal-ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal-eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko, horiek gabe zaila izango bailitzateke tentsionamendutik ateratzea".
Itxasok gaineratu du eremu tentsionatu izendatzeak atea irekitzen diela etxebizitzaren arloko politika publikoaren esku-hartze espezifikoei. "Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza lege-erreformak sustatzen ari da, eremu tentsionatuaren figurari irismen handiagoa emateko. Gaztelagun edo Bizigune bezalako programak, Erabilera Turistikoko Etxebizitzak mugatzea, eremu tentsionatuaren figurari indexatuta egon ahal izango dira Jaurlaritzak premiazko neurrien dekretu bat izapidetzen duen bakoitzean eta talde parlamentarioekin lankidetzan aritzen den bakoitzean figura horri ibilbide luzeagoa emango dioten lege erreformak lortzeko", azpimarratu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.
Tresna digital berriak
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Eremu Tentsionatua izeneko webgunearen berri ere eman du. Etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremuei buruzko informazio "argia, gardena eta eguneratua" eskaintzera bideratutako tresna digitala dela esan du Denis Itxasok. "Webgune honen bidez, herritarrek honako hauek kontsultatu ahal izango dituzte: zein udalerri edo eremu geografiko izendatu diren eremu tentsionatu, udalerri bakoitzeko alokairuaren prezioen bilakaera (mapa interaktibo bat eskaintzen du) eta euskal herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoko informazio guztia, beren politikekin etxebizitzarako sarbidea hobetzen laguntzen duten administrazio guztiei buruzkoa".