Euskaraldia 2025

Gero eta gertuago dagoen Euskaraldian jarrera aktiboa hartzeko deia egin dute

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 2a, 20:07

Antolatzaileek Lekeition egin duten agerraldian esan dute euskararen erabileran eragiteko "oraingoz daukagun tresna indartsuena dela Euskaraldia" eta herrietako batzordeen garrantzia ere azpimarratu dute.

Bi aste baino gutxiago geratzen dira dagoeneko maiatzaren 15ean hasi eta 25ean amaituko den Euskaraldiaren laugarren ediziorako. Hori horrela, agerraldia egin dute gaur Lekeition Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideek eta beta ekimenartekin bat egin dute euskal gizarte hainbat aurpegi ezagunek ere.

Ekitaldian izan dira, baita ere, Lekeitiko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak eta hain zuzen ere, herriz herri osatu diren batzordeen lana azpimarratu dute. "Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea", esan dute, eta zentzu horretan, aurten batzordeak "indartsu" sumatu dituztela gaineratu.

Gaineratu dute Euskaraldia dela euskararen erabileran  eragiteko "orain-oraingoz   daukagun tresna indartsuena". "Orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan", esan du  Lekeitioko batzordeko kide Jon Kobeagak.

Izena emateko epea oraindik ere zabalik

Gogora ekarri dute, era berean, ariketa hasi arte oraindik ere egongo dela izena emateko aukera. Euskaraldiaren webgunean egin behar da hori, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta. "Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua", esan dute Lekeition antolatzaileek, eta izena ematen den momentutik bertatik Euskaraldian, eta orokorrean euskararen aurrean, jarrera aktiboa izateko deia ere egin dute: "Batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez".

Hala, planteatzen den ariketarako txapa janztea "ezinbestekoa" dela ere nabarmendu dute.

Txapa non jaso jakiteko, Euskaraldiaren webgunean dagoen mapan egin daiteke kontsulta, herriz herriko informazioa jasotzen baita bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak