Debagoieneko idazleak batzeko, elkarte berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 1a, 11:27

Iazko Gabonetan Arrasaten egin zuten liburu-azokan parte hartu zuten eskualdeko sortzaileak. Argazkia: Judit Ruiz de Munain.

Maiatzaren 10ean Arrasaten egingo duten literatura-azokan aurkeztuko dute Leida, Debagoieneko Idazleen Elkartea, jendaurrean; eskualdeko zortzi idazle amateurrek abiarazi dute eta ateak zabalik dituzte liburuak idaztea gustuko duten guztiendako.

Jarduera bakartia izaten da, orokorrean, idazlearena, eta are bakartiagoa hasiberrien kasuan. Idazteko zaletasuna eta trebetasuna duten gero eta lagun gehiago daude eskualdean; horren erakusle da bereziki azkeneko urteetan Debagoieneko sortzaileek argitaratu duten lan kopurua.

Aretxabaletan bizi den Judit Ruiz de Munain Bedia arabarra da horietako bat. Hura da sortu berri duten Debagoieneko Idazleen Elkarteko (Leida) presidentea, eta alboan ditu Ander Santiago Vega, idazkaria; Xabier Oyanguren, diruzaina; baita Jaione Fernandez de Jauregi Blanco, Gema Iñiguez Diaz, Josune Murgoitio Rodrigez, Luis Angel Santiago Vega eta Dirk Morenweiser ere. Zortzi kide dira, oraingoz, baina "idazten dutenentzat –argitaratuta izan edo ez– eta Debagoienarekin lotura duten guztiendako" ateak zabalik dituzte.

Elkarri laguntzeko, eta eragiteko

Iazko Gabonetan Arrasaten egin zuten liburu-azokan egin zuten topo, eta orduan sortu zitzaien elkartea sortzeko ideia. "Debagoieneko idazleen arteko elkartasuna sustatzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarri laguntzeko baliagarria izango da. Gauza bat da norberak idaztea, baina argitaratzea ez da horren erraza; bada, beharrezkoak diren baliabideak, aholkularitza eta prestakuntza guztion eskura jartzea da Leidaren helburu nagusia, baita argitaratutako lanen agerikotasuna eta salmenta sustatzea eta euskarazko literaturaren sorkuntza bultzatzea ere", azaldu du Ruiz de Munainek.

Judit Ruiz de Munain, idazlea: "Esperientziak partekatzeko eta elkarri laguntzeko sortu dugu"

Leida elkarteak askotariko gaien inguruko formakuntza landu gura dutela gaineratu du presidenteak: "Adibidez, liburuak saltzeko jarraitu beharreko prozesu legala; argitalpen-prozesua; Internet bidezko salmenta eta marketina...".

Azoka maiatzaren 10ean

Formakuntzaz gainera, publiko zabalarentzako bestelako ekintzak antolatzeko asmoa ere badute; esaterako, urtean bi literatura-azoka. Hain zuzen, maiatzaren 10ean Arrasateko Seber Altube plazan egingo dute, 11:00etatik 14:30era bitartean, Debagoieneko Literatura Azoka; elkartearen lehen ekintza izango da hori, eta bertan aurkeztuko dute sortu berri duten topagunea: "Ari gara dagoeneko kide berriak elkartera gonbidatzen, eta gura duenak azokan izango du izena emateko aukera. Elkarteko kide izateko ez da ezinbestekoa dagoeneko liburu bat argitaratuta izatea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak