Herritarrek bizitzarekiko 7,4ko gogobetetzea dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, zerotik hamarrera arteko eskalan, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, emandako datuen arabera. Iazko datuetan oinarritu dira ondorio horretara iristeko, eta zehaztu dute puntuazioa 2023arekin alderatuz gero, "apur bat" igo egin dela, 7,3koa baitzen ordu hartan. Herriz herriko daturik ez dago, eta, horrenbestez, ez da jakinekoa Debagoieneko egoera; hala ere, Gipuzkoara joz gero, honako hau da: gipuzkoarrek bizitzarekiko 7,43ko gogobetetzea dute, datu orokorrarekin alderatuta, 0,03 handiagoa.
Norberaren ongizate-inkesta izeneko lanean bildu ditu datuok Eustatek, eta helburu du "familia etxebizitzetan bizi diren 16 urte eta gehiagoko biztanleen ongizateari buruzko informazio zehatza" ematea, "dimentsio materialaz bestelako bizi-kalitatearen alderdiak neurtzen dituzten galderen bidez".
Osasuna eta ekonomia
Eustaten arabera, bizitzarekiko gogobetetze handiena osasun "oso ona" dutela uste duten pertsonen artean antzematen da, 8,1ekoa baita puntuazioa; alderantziz, ordea, "osasun txarra edo oso txarra" dutenek, 4,5ekoa ematen diote. Horrez gain, osasuna gogoan, generoaren aldagaia gehituz gero, ez da ezberdintasunik: "Oro har, gizonek eta emakumeek puntuazio berarekin baloratzen dute bizitzarekiko gogobetetzea (7,4)".
Ekonomia ere gogoan izan dute inkestan, eta ondorioztatu dute egoera ekonomiko "ona" duten herritarrek bizitzarekiko gogobetetze handiagoa erakusten dutela, "txarra" dutenek baino: 7,7ko eta 7ko puntuazioa, hurrenez hurren. Are, lan-jarduna kontuan hartuz gero, lana dutenek puntuazio altuagoa (7,5) ematen dute ez dutenek (6,9) baino. Hala ere, osasunaren arloan ez bezala, ezberdintasuna dago generoari dagokionez: "0,5 puntuko aldea dago langabezian dauden gizonen (6,6) eta egoera berean dauden emakumeen (7,1) artean".
Bizitzako alderdiak
Norberaren bizitzaren balioak du puntuazio altuena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean, hamarretik 7,7koa baita. Horrez gain, harreman pertsonalak dira bigarren alderdirik baloratuenak, 7,5eko puntuazioarekin, eta hurrenez hurren daude: etxebizitza eta ingurumen asetasuna (7,3), etxeko ekonomiaren asetasuna (7), aisialdiarekiko asetasuna (6,7), gogo aldartea (6,5), pertsonekiko konfiantza (6,5) eta botere publikoekiko konfiantza (4,5).