Imanol Pradalesek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, agerraldia egin du LABI Babes Zibileko Planaren kontseiluaren bigarren batzarra amaitu berritan, eta azaldu du "Euskadi normaltasunera itzultzen ari dela" azken orduotan. Haren hitzetan, "ordu zailak" izan dira, baina "larriagoak izan zitezkeen" ondorioak: "Zorionez, Euskadin ez da kalte pertsonalik izan; bai, ordea, materialak, batik bat industria elektrointentsiboan. Elkartasuna eta babesa pertsona eta enpresa guztiei". Dena den, "ez gaude erabateko normaltasunean", eta, horrenbestez, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du: "Larrialdi fasearen lehen mailan gaude oraindik; beraz, patxadaz, lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatu".
12:30ak pasatxo zirela eten zen hornidura elektrikoa atzo, hilak 28, Iberiar penintsulan, eta Pradalesek azaldu du "24 ordu igaro ondoren, oraindik" ez dakitela zerk eragin zuen itzalaldia: "Funtsezkoa da kausak ezagutzea, arazoari errotik ekiteko, eta berriro gerta ez dadin neurri zehatzak hartzeko". Haren arabera, "beharrezkoak" dira datu objektiboak, eta "premiazkotzat" jo du gertaeraren "azterketa integrala egitea gardentasun osoz".
Zibererasoa, baztertu gabe
Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko presidenteak, eguerdian egin du agerraldia, eta jakinarazi du Espainiako Red Electricak zibererasoaren aukera baztertu duen arren, Espainiako Gobernuak aukera hori ikertzen jarraituko duela, "sabotajearen aukera" baztertu ahal izateko: "Gertatu dena azaltzeko muturrera iritsiko gara. Zabalik daude aukera guztiak, eta, Red Electricaren ekarpena eskertzen dugun arren, azterketa independente bat egingo dugu". Are gehiago, erantsi du Europako Batasunari ere ikerketa bat eskatuko diotela, "argazki zorrotzagoa" eduki dezaten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere ikerketa bat abiatu duela, "itzalaldiaren atzean sabotaje informatikoa egon ote den ikertzeko, azpiegitura kritikoen aurka". Era berean, azpimarratu du ardurak exijituko dizkietela hornitzaile pribatuei, "horretarako arrazoiak badaudelako".
Pradalesek, Sanchezekin izandako hartu-emanari dagokionez, azaldu du "mezu batzuk" trukatu dituela Espainiako presidentearekin, eta "koordinazioan" aritu direla, hori "positibotzat" joz. Halere, hornitzaile pribatuei ardurak exijitzeari buruz galdegitean, ez du halakorik egingo duela baieztatu: "Lehenengo, arrazoiak ezagutu behar dira, batik bat berriro gerta ez dadin, eta gero ja ikusiko da norena den erantzukizuna".