Futbola eta Reala modu batera edo bestera gertutik jarraitzen duten debagoiendarren ikuspuntua jaso du Goienak, Imanol Alguacilek Reala utziko duela jakin den egunean. Hona hemen, jasotako iritziak.
Rafa Mungia, Radio Euskadiko kazetaria:
"Etorriko den entrenatzaileak baino gehiago kezkatzen nau klubak aukeratu dezakeen ereduak"
Alavesen kontrako partiduaren osteko prentsaurrekoan galdegin zioten Imanol Alguacili, enegarrenez, ea Realean jarraituko ote zuen. Erabakia hartu barik zuela erantzun zien kazetariei. Horregatik hartu du sorpresa, albistearekin, Radio Euskadiko kazetariak. "Bere erabakiaren zain geunden, baina ez nuen espero modu horretan izango zenik. Alegia, galdutako partidu batetik 12-13 ordu pasa ostean. Niretzako sorpresa izan da erabakia horrenbeste atzeratu izana. Batzuetan bazirudien geratu egingo zela, eta beste batzuetan taldea utziko zuela. Niri ez zait gustatu nola kudeatu duten gai hau; ez klubak, ezta Imanolek ere. Bost jardunaldi geratzen dira oraindik, eta uste dut estrategikoki ez dela erabaki ona izan".
Sei denboraldi egin ditu Orioko entrenatzaileak, emaitza bikainak lortuz. Oraingo denboraldia, baina, nahiko eskasa dabil izaten, eta kanpotik jasotako ezkortasunak "min egin dio" Alguacili, Mungiaren ustez. "Nik uste dut bakartasun handia sentitu duela. Zuzendaritzaren aldetik ez du babes handiegirik sentitu, eta akaso ez du zaleen aldetik heldu zaion ezkortasuna kudeatzen jakin izan".
Radio Euskadiko kazetariak garbi dauka Realak Imanolekin bizi izan dituen denboraldiak asko handitu duela Realeko zaleen eskaera maila. "Beste baliabide batzuekin emaitza berberak lortzen ahalegindu da Reala. Imanoli jokalari batzuk eman zaizkio, baina ezin zaio eskatu duela lau urte izan zuen taldearekin lortutako emaitza berbera. Taldea ez da berdina. Jokalariak falta dira. Realak egun ez ditu maila gorenean egoteko jokalariak, izan Imanol entrenatzaile edo izan Xabi Alonso. Realarekin sufritu dugunak, jaitsiera postuetan egon denean edo Bigarren Mailan, badakigu zer den Reala; nolako kluba den. Egungo Realeko zale berriek ez dakite hori".
Imanolen erabakiaren ostean, aurrera begira ipintzeko ordua heldu zaio klubari, eta etorkizunari "mesfidantzaz" begiratzen dio Mungiak. "Ea zer esaten duen Aperribayk orain. Reala jarraitzen dugun kazetarion aurrean ez du ezer esaten, baina Madrilera joaten denean adierazpenak ematen ditu. Ez dakit nor etorriko den, baina horrek ez nau arduratzen. Gehiago kezkatzen nau klubak aurrera egiteko aukeratu dezakeen ereduak. Ezin gaitezke zoratu, eta helburua bada Europa mailan sendo mantentzea, baliabideak ipini beharko ditu klubak. Ez dago beste modurik. Berdin dio entrenatzailea nor den".
Agurtzane Elkoro, UDA kirol Elkarteko presidentea:
"Klubekoa eta euskalduna den entrenatzailea behar du Realak"
Oporretan jaso du albistea Agurtzane Elkorok (Aretxabaleta, 1971), eta sorpresaz jaso ez arren, penaz irakurri duela albistea azpimarratu du. "Sekulako pena eman dit Imanolek Reala uztea. Klubeko pertsona bat da, taldeak behar zuena; hau da, Reala gipuzkoarron kluba da, harrobikoa, eta talde honetan egoteko behar diren baldintza guztiak betetzen zituela uste dut".
Hala ere, Elkoro ez du harritu Imanolen erabakiak, eta, balioa eman behar zaiola berak egindako lanari dio. "Futbol kontuek ez didate ustekabean harrapatzen. Aukeren artean zegoen, eta, gertatu da. Dena den, ez da ohikoa hainbeste urte entrenatzaile bera izatea talde batek. Pentsatzen nuen bera moduko pertsona batek denbora gehiago iraungo zuela. Pertsona eta entrenatzaile desberdin bat da Espainiako Ligan, ez da ohikoa; izan ere, urtebete edo bi urte egin eta kalera doaz gainontzeko talde askotan…".
Hizkuntzari garrantzia ematen dio Elkorok, eta entrenatzailea euskalduna izatea balio inportantea dela uste du. "Zazpi urte eta erdi egin eta gero, benetan uste dut gipuzkoarren eskakizun gehienak betetzen zituela Alguacilek. Sinisten genuen beregan. Hizkuntzan ere, euskarari garrantzia ematen zion eta hori garrantzitsua dela ere esango nuke".
Imanolen zikloa ez zegoela amaituta uste du Elkorok, eta liga zorrotza izan arren, maila ematen zuela. "Entrenatzaile gisa jarraitzen bazuen eskuratuko zituen lorpenak. Harrobiari asko begiratzen zion, klubeko pertsona bat izanda… Izan dezakezu urte bat txarra, eta? Ez da bakarrik dirua. Zergatik ez hamar urte bete talde berean, zazpi beharrean?.
Etorri daitekeen entrenatzaileari buruz galdetuta, hauxe dio Elkorok: "Etxeko entrenatzaile bat nahiko nuke. Imanolen izaera berekoa. Ez dut inor begiz jota, baina, Jagoba Arrasate izan daiteke aukera bat. Hizkuntzari garrantzia handia ematen diot, eta, Jagoba Arrasatek lan handia egin du eremu horretan. Entrenatzaile gisa, Osasunan eta Mallorcan demostratu du futbolaz badakiela…".
Manu Diaz, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea:
"Ez daukat zalantzarik orain beste proiektu erakargarri bat eraikiko duela Realak"
Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak (Bergara, 1965), hedabideen bitartez izan dut albistearen berri eta, ostean, Realeko webgunean jarraitu du berria. Egun hauetarako espero zela dio eta erabakia errespetagarria iruditu zaio: "Imanolek berak adierazi zuen, bere garaian, apiril amaieran emango zuela erabakiaren berri; Realean jarraituko zuen ala ez. Hortaz, espero zen berria. Ez jarraitzea erabaki du. Errespetagarria da. Berarendako eta klubarendako erabakirik onena dela iritzita hartuko zuen erabakia. Ziklo luze eta arrakastatsua bete du".
Erabakia bera ez du ustekabean harrapatu bergararra: "Reala uztea aukeretakoa bat zen. Hortaz, berria ez dut ustekabean hartu. Azken emaitzak, taldearen jokoa, giroa… guztia kontuan izanda hartutako erabakia izan dela uste dut. Imanolek asko maite du Reala eta uste dut ikusi duela bere aroa amaituta zegoela".
Realaren azken urteetako aro arrakastatsuenaren ostean, aro horretako pertsona inportanteak izan direnak, Roberto Olabe eta Imanol Alguacil, jarraituko ez dutela jakinda, Diazek uste du erronka polita daukala Realak esku artean: "ez daukat zalantzarik orain beste proiektu erakargarri bat eraikiko duela Realak. Etxeko jokalariak izango dira oinarria, eta fitxaketekin asmatu. Oinarri sendoak badauzka gaur egun klubak, badauka egiteko modu bat, eta uste dut aukera ona dela beste proiektu arrakastatsu bat sortzeko. Ez da krisi bat, aldaketa unea baizik, aukera bat" dio.
Aldaketek, edozelan ere, beti daukate arriskua, baina Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak ez du kezkarako arrazoirik ikusten: "azkeneko aldaketak Imanol eta Olabe ekarri zituen eta proiektu arrakastatsua eraiki dute azkeneko urteotan. Lasai egoteko unea da".
Liga ez da amaitu oraindik eta geratzen diren bost partiduetan Realari eskatzen dio "lehiatu" dezala ondo. "Gero, ikusi behar Europarako txartela lortzen duen ala ez. Lortuko ez balu, ez litzateke ezer gertatuko".
Imanolen lekukoa nork hartuko duen galdetuta, zera: "Auskalo. Niri gustatuko litzaidake entrenatzaile euskaldun bat izatea eta, ezin bada, harrobiarekin lan egiteko ohitura daukan norbait. Gipuzkoan, bereziki, entrenatzaile asko dauzkagu eta, zorionez edo zoritxarrez, aulkitxo handietan eserita daude taldeak arrakastaz gidatzen. Argi daukadana da datozen hiru urteotan harrobia izango dela Realaren protagonista".
Gorka Zelaia, Onda Vascan komentarista-lanak egiten ditu:
"Dagoeneko markatuta dagoen ibilbide-orria eramaten dakien ospe handiko entrenatzailea fitxatu beharko luke Realak"
Oporretatik bueltan jaso du albistea Onda Vascan komentarista-lanak egiten dituen Gorka Zelaia oñatiarrak. Penaz jaso du Imanolen erabakia. "Pena handia ematen dit, Realak ez baitu berriro Imanol bezalako entrenatzailerik izango. Pertsona normala, zu eta ni bezalakoa. Zarauzko kadeteak entrenatzen hasi zen, eta bere amets nagusia Realaren lehen taldeko entrenatzaile izatea zen. Oso zaila da horrelako beste bat aurkitzea. Imanolek asko maite du Reala, eta maitasun amaigabe horregatik, minik ez emateko, joatea erabaki du".
Are gehiago, Imanolek eta Olabek ez dute Realean jarraituko. "Realak hiru hanka ditu: Jokin Aperribay, Roberto Olabe eta Imanol Alguacil. Eta horietako bik kluba utzi dute. Biak urte berean galtzea albiste txarra da klubarentzat. Ez nuen espero. Leganeseko partidaren ondoren, Imanolekin hitz egiten egon nintzen, jarraituko zuenaren sentsazioa izan nuen. Entrenatzaileen zikloak 2-3 urtekoak direla jakinda ere, eta Imanolek sei urte zeramatzan, ezustekoa izan da. Nik uste dut jarraitu egin behar zuela, lehen esandakoagatik: klubak bi aktibo garrantzitsu galduko ditu denboraldi berean", azpimarratu du Zelaiak.
Zubietan egiten den lana "goraipatu" egiten du Zelaiak. "Reala oso lan ona egiten ari da azken urteetan: harrobiarekin, emakumezkoen taldearekin... Ondo egindako lanaren adibide da. Olabek eta Imanolek lan zoragarria egin dute. Orain, Olabe joan denean, Bretos jarri dute, aurrez ezarritako bide-orri bat jarraitzeko. Imanolen irteerarekin, bide-orriak hutsetik hasi behar du. Eta hor sartzen da Aperribay, entrenatzailea aukeratu behar duena. Etorkizunerako funtsezko erabakia".
Etor daitekeen entrenatzaileari buruz galdetuta, hauxe dio Zelaiak: "Niri gustatuko litzaidake Xabi Alonso etortzea. Baina Real Madril dago tartean eta horrek asko zailtzen du guztia. Beraz, Alonsorena ez bada ematen, uste dut Realak ospe handiko entrenatzaile bat fitxatu beharko lukeela, dagoeneko markatuta dagoen ibilbide-orria eramaten dakiena. Adibidez, Barçan Hansi Flickekin gertatu den bezala. Iazko talde berarekin, beste itxura bat eman dio taldeari. Kontuan izan behar da Realera datorren entrenatzaileak 28 jokalari inguru dituela dagoeneko datorren denboraldiari begira. Hau da, ezin izango da norabidea asko aldatu jokalariei dagokienez, baina talde hori zuzentzeko gai den liderra behar du Realak".