Maiatzaren 1eko manifestaziorako deia egin du LABek

Mirari Altube Arrese 2025ko api. 18a, 11:00

Maiatzaren 1eko mobilizazioa aurkezten. (Argazkia: LAB)

Patronala esplotatzailea! Langileen alde. Gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki leloarekin maiatzaren 1ean mobilizatzera deitu du LAB sindikatuak. Bestelako eredu baten alde egiteko unea dela aldarrikatuko du Donostian egingo duen manifestazioan, eta hara joateko autobusak antolatu dituzte Debagoienetik.

"Kapitalismoak mundu mailako krisi ekosoziala eragin du. Bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena", adierazi dute LABetik.

Fokua Confebasken jarri du sindikatuak eta "ildo antisozialari" eusten diola adierazi; horren adibide jarri ditu, besteak beste, 23 hitzarmen sektorial —horietako asko feminizatuak— "berritzeari uko" egitea; "pribilegio fiskalei" eustea; eta "gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio mahaia irekitzeari ezezkoa" ematea.

Gutxieneko soldata eta pentsio duinak

Gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duinak ezartzeko abian jarritako ekimenak izan ditu gogoan sindikatuak. Herri Ekimen Legegilea (HEL) EAEn tramitera onartu dutela gogorarazi dute, baina ez Nafarroan. Dena den sinadura bilketarekin jarraitzeko asmoa agertu dute.

"Bestetik, egungo legediaren arabera, gutxieneko soldata propioa ezarriko lukeen akordio intersektoriala negoziatzeko mahai bana deitu dugu EAEn eta Nafarroan, baina Confebaskek eta CENek uko egin diote mahaia eratzeari", azaldu dute.

Horregatik, borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute eta maiatzaren bataren mobilizazioetan parte hartzea garrantzitsua dela adierazi: "Borrokaren bidez lortuko dugu langileon aldeko garaipen berriak eskuratzea. Maiatzaren Lehenean, patronal esplotatzaileari aurre egin eta bultzada berri bat emango diogu langile borrokari".

Debagoienetik antolatutako autobusak

Donostiako manifestazioa 12:00etan abiatuko da Easo plazatik. Hara autobusean joateko –prezioa, 10 euro– honako lekuetan eman ahal izango da izena:

  • -LABeko egoitzetan.
  • -Arrasaten: Irati Tabernan.
  • -Oñatin: Arrano Tabernan.
  • -Bergaran: Arrano Tabernan

Autobusaren irteera eta itzulera orduak honako hauek izango dira: 

  • -10:15 Arrasate (Zalduspe).
  • -10:20 Elorregi.
  • -10:30 Bergara (Ibargarai). 
  • -Itzulera 19:00 Donostiatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak