Datorren ikasturteari begira daude dagoeneko ikasleak eta baita ikastetxeak edo formakuntza zentroak ere, eta, hala, Debagoieneko Lanbide Heziketak eskaintza zabala prestatu du datorren ikasturterako. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaletako Lanbide Eskolak etorkizuneko langileei zuzendutako kalitatezko, doako eta euskarazko zikloak dituzte: hain zuzen, 25 ziklo eta hiru espezializazio programa. Horiek guztiek zortzi arlo profesional barnebiltzen dituzte, eta lan mundura edo beste ikasketa batzuetarako bidea dira.
Igarotzear den ikasturtearekin alderatuz gero, gainera, ziklo berriak izango dira datorrenean eskaintzen artean: Oñati Institutuan, Fabrikazioa eta Muntaketa eskainiko da, hasierako lanbide heziketan; Miguel Altunan, berriz, Mikroinformatika-sistemetako eta sareetako teknikaria, erdi mailakoan; eta Aretxabaletan, azkenik, Etxeko jarduera eta eraikinen garbiketa, eta Ibilgailuen mantentze lanak, hasierako mailan.
Formakuntza eredua, egokitua
Malgutasuna da lanbide heziketaren abantailetako bat, eta, horrenbestez, bakoitzaren beharretara egokitutako formazioa hautatzeko aukera ematen dute bailarako zentro publikoek. Ikasleek eredu presentziala aukeratu dezakete, baina baita enpresako eta ikastetxeko jarduna lotzen dituen LH Duala ere: ikasleen %25 dago, hain zuzen ere, aldi berean ikasten eta lanean. Bestetik, zikloak modulutan banatuta egiteko aukera ere badago, eta, amaitzeko, praktikak inguruan edo atzerrian egin daitezke, Erasmus+ programaren bidez: egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpiehun ikasle baino gehiago daude era horretan.
EAEko lanbide heziketako zentroetan urtez urte goraka doa matrikulazio kopurua. Horrez gain, %40 emakumezkoak dira eta %60 gizonezkoak, eta horien guztien laneratze kopurua %92koa da. Are gehiago, emakumeen presentzia STEAM eta industria arloko lanpostuetan %23koa da.
Aurrematrikula eta ate irekiak
2025-2026 ikasturtean matrikulatzeko asmoa izanez gero, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea, eta horretarako epea maiatzaren 5etik 23ra izango da. Bien bitartean, ikastetxeen eskaintza ezagutzeko aukera egongo da, ate irekiak egingo baitituzte maiatzean bailarako lanbide heziketako zentro publikoetan, Ateak Zabalik izenpean:
- Oñati Institutua: maiatzak 7.
- Aretxabaleta Lanbide Eskola: maiatzak 6 eta 13.
- Miguel Altuna Lanbide Heziketa: maiatzak 8.