Goiena: 25 urteko ibilbidea

25 urteko ibilbidea, komunitateari esker

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 31a, 14:00

Mende laurdena beteko du aurten Goiena Komunikazio Taldeak; hain zuzen, 2000. urteko martxoaren 31n sinatu zuten eratze-akta. aurten, urteurrena ospatzeko, zenbait ekimen antolatuko ditu goienak; ekitaldi nagusia abenduaren 1ean izango da

Goiena Komunikazio Zerbitzue-tako kooperatibak beste urrats bat egin du. Joan den ostiralean, eratze ekitaldia izan zuen, Aretxabaletako Otalora jauregian. Horrela zioen 2000. urteko apirilaren 7an argitaratutako Arrasate Press astekariak. Astelenhean beteko dira 25 urte, hain zuzen, Goienako kooperatiba osatzen duten eskualdeko euskara elkarteek eta herrietako hedabideetako ordezkariek, eratze-akta sinatu zutenetik. Zehazki, kooperatiba-ren estatutua eta barne araudia onartu ziren, baita lehen karguak izendatu ere. Eta hurrengo hilabeteetarako asmoak zehaztu ziren.

Hilabete batzuk geroago, maiatzaren 22an, Goiena telebista sortu zen Arrasate Telebistak eta Atxabalta Telebistak bat eginda; Goiena kooperatiba notario aurrean erregistratu zuten ekainaren 27an Bilbon; Arrasate Press, Berrigara, Aretxagazeta, Zer Barri?, Kontuola Txirritola eta Goibekokale bailarako herri aldizkariak Goienaren parte izatera pasatu ziren... Hala ere, akta sinatzea aurretik landutako prozesu baten lehen mugarria izan zen. "Goienaren sorrera-prozesua lankidetzaren eredu izan zen. Bai eskualdeko euskara elkarteen artean, baita instituzioekin ere", adierazi du Estepan Plazaolak.

Hura izendatu zuten, hain zuzen ere, kooperatibaren lehendakari. Esan duenez, lan askoko hilabeteak izan ziren: "Batzar asko izan genituen; akordio askotara iritsi behar izan genuen, eta gauza ugari zehaztu". Alazne Intzak ere horrela gogoratzen ditu garai horiek. Oñatiko Laixan euskara elkarteko euskara teknikaria zen orduan, eta hark ere adierazi du "bilera asko" egin behar izan zirela aurretik. Hala ere, gogoan du ez zela erraza izan, Oñatiren kasuan, Goienarekin bat egitea: "Udalak bazeukan bere aldizkaria, eta ez zuten Goienaren parte izateko beharrik ikusten. Azkenean, lortu zen".

Beste batzuen eredu

Herri bakoitzeko hedabideetako langileen "elkarlana eta eskuzabaltasuna" ere nabarmendu du Plazaolak: "Euren lanpostuekin zer gertatuko zen ez zekiten arren, ilusioz hartu zuten proiektua". Gainera, gehitu du kooperatiba sortu zutenean bazutela buruan "beste eskualde batzuetara hedatuko zen eredu bat" sortzea: "Elkar-lanaren eredu eta aitzindari izan zen. Pentsatu genuen moduan gertatu zen gero; beste batzuek jarraitu zioten".

Herri aldizkariak

Marijo Deogracias, berriz, kooperatibako idazkari izendatu zuten, Idolaz Antzuola elkarteko kide eta Kontuola aldizkari-ko arduradun zen aldetik. Gainera, garai hartan hartu zuen Arrasate Press-eko zuzendari postua ere. "Herri aldizkarien kultura oso errotuta zegoen eta oinarri hura beharrezkoa izan zen Goiena sortzeko, baina baita arriskutsua ere, jendea herri bakoitzeko aldizkarietara ohituta zegoelako", dio Deogracias-ek. "Gogoan dut Goienkaria-ko lehen zenbakia; Xabier Arzallus elkarrizketatu genuen, Bergarako batzokira zetorrelako. Estu ibili ginen entrega ordura iristeko, bezperan egin genuelako elkarrizketa, Sabin Etxean, Bilbon".

Urteurrenaren bueltan, ekimenak

Goienak 2000ko mugarri haiek eta 25 urte hauetako guztietako beste hainbat ekarriko ditu gogora aurten. Abenduaren 1ean ekitaldi berezi bat egingo du. Baina, horretaz gain, baita beste hainbat ekimen ere urte osoan, bailarako hainbat herritan. Xehetasun gehiago eman ditu Mireia Larrañagak, Goienako zuzendari komertzialak: "25. urteurrena Goienako komunitateari eskerrak emateko baliatu nahi dugu; Goiena osatzen duten eragile eta norbanako guztiei esker iritsi gara honaino. Urtemugaren inguruan egingo ditugun ekintza guztiak bide horretatik joango dira".

Hain zuzen, data zehatz batzuk nabarmenduko dira urtean zehar, Goienaren hastapenetako pauso bakoitzarekin bat datozenak: "Data horietan ekimenak egingo ditugu, baina ekitaldi garrantzitsuena abenduaren 1ean izango da. Data hartan kaleratu zuten lehenengo Goienkaria, eta Euskararen Nazioarteko Egunari ere erreferentzia egin nahi izan dio Goienak, euskara gure izatea delako".

Iñaki Iturbe diseinu-arduradunak sortu du urteurreneko diseinua. Funtzio garrantzitsua beteko du logo berriak: "Urteurrenarekin lotutako ekimen guztiak bereiziko dituen logo bat sortzea beharrezkoa zela ikusten genuen. Lotura hori erakutsi nahi izan dugu, baina gure betiko logoaren esentzia galdu gabe". Esker ona adierazten du logoak ere, Zure istorioei esker, denon historia lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak