Arrimu Programa: gazteen errehabilitazioa eta gizarteratzea ardatz

Babestutako edukia 2025ko mar. 28a, 08:00

Eider Mendoza –Gipuzkoako diputatu nagusia– eta Maite Peña –Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua–, Hernaniko instalazioetan. (Argazkia: GFA).

2022an martxan jarri zenetik, kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 18 eta 25 urte bitarteko 81 gazte eta haien 60 senide artatu ditu Gizakia Helburu Gipuzkoaren Arrimu Programak; erabiltzaileei eta familiei tresnak eta laguntza eman dizkie.

Gizakia Helburu Gipuzkoaren Arrimu Programak arreta ematen die substantzia kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 18 eta 25 urte bitarteko gazteei. 2022ko abenduan proiektua martxan jarri zenetik, espazio terapeutiko bezala funtzionatzen du Gizakia Helburuk Hernanin duen eguneko zentroan eta arreta anbulatorioan; guztira, 81 gazte artatu dituzte modu integralean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du programak, eta osorik finantzatzen du. Urtean 89.911 euro bideratzen ditu, eta horrek ahalbideratu du nerabezaro berantiarra duten gazteekin lan egitea eta arreta sendotzea. Programak, gazteak artatzeaz gain, funtsezko laguntza eman die familiei, errehabilitazio-prozesuan aktiboki parte hartzeko aukera emanez eta seme-alaben errekuperazioan duten funtsezko zeregina aitortuz.

Zerbitzu eredugarria

Gipuzkoa lurralde arduratsua da, eta pertsona guztiei ongizatea, aukerak eta etorkizuna eskaintzeko elkarlanean dihardu, eta hitz horiek zentzu beteagoa eta sakonagoa hartzen dute gazteez hitz egiterakoan. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak gaineratu du pertsona gazteak direla edozein komunitateren geroa, eta haien errealitate, behar eta arazoak gipuzkoar guztionak direla.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Finantzatzen du, 89.177 euroko ekarpenarekin

Erronka horien artean daude substantziekiko adikzioak eta buruko osasuna. Gizarte moduan ezin zaie errealitate horiei bizkarra eman, pertsona horiek, familia horiek, behar baitute babesa, zaintza, esperantza eta aurrera egiteko bide bat. Arrimu Programa eta halako zerbitzu eredugarriaren bidez, erantzun integrala ematen zaie errealitate oso konplexuak bizi dituzten gazteei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabateko konpromisoa erakutsi du edozein pertsonaren "ongizate integrala babesteko eta garatzeko" tresnak jarraitzeko garaian. Gizakia Helburu elkartea bidegilea da alor horretan, 40 urteko esperientzia jarduna baitu, eta elkarlanean jarraituko baitu edozein adikzioren aurrean "pertsonen duintasuna, ongizatea eta etorkizuna bultzatzen jarraitzeko".

Artatutako pertsonen profila

Arrimu Programak artatzen dituen herritarrak 18 eta 25 urte bitarteko gazteak dira, eta, batez beste, 22,2 urte dituzte. Programaren baitan dauden gazte horiek hainbat arazori aurre egin behar diete, hala nola delinkuentziari, ikasketak eta lana uzteari, buru-nahasmenari, arriskuko sexu-jokabideei, substantzien kontsumoari eta inpultsoak kontrolatzeko eta indarkeria kudeatzeko zailtasunei. Orain arte artatu dituzten horietako gazte gehienak gizonak dira –hain zuzen ere, 71–, eta gainontzekoak, emakumeak –9–.

Arrimu Programan artatu dituzten 71 pertsona gizonezkoak dira; emakumeak, 9

Arrimu Programaren helburu nagusia da gazte horien errehabilitazioa eta gizarteratzea erraztea, haiei eta haien familiei tresnak eta laguntza emanda.

Familiak ere ardatz

Era berean, ikusi dute programa horretan parte hartzen duten gazteen familiek ere gainezka emozional handiko egoerak bizi dituztela, mugak ezartzeko zailtasunak eta familia-dinamikan duten rolari buruz hausnartzeko erresistentzia: "Gainezka egiten dute seme-alaben egoera kontrolaezinen aurrean, seme-alabei mugak jartzeko zailtasunak dituzte, eta beren ezintasuna eta etsipena erakundeetan eta profesional-taldeetan proiektatzeko joera duten familiak eta gurasoen berezko zailtasunei buruz hausnartzeko erresistentzia dutenak dira".

Horregatik, 60 senide artatu dira; 35 emakumezkoak dira eta 25, gizonezkoak. Artatutako gazteekin dituzten harremanei dagokienez, denetarik dago. Besteak beste, gurasoak, anai-arrebak, bikoteak eta aitona-amonak dira; baita hezitzaileak eta beste era bateko arduradunak ere.

Bi pertsona Hernaniko egoitzan, Arrimu Programaren baitan, ping-pongean. (Argazkia: GFA)

Baldintzak

Programan onartua izateko hainbat irizpide bete behar dira. Artatu beharreko pertsonak abstinente izateko zailtasunak dituen mendekotasun-arazo bat izan behar du, nolabaiteko borondatezkotasun-maila erakutsi eta plan terapeutiko bat adostea onartu. Ikuspegi humanista batetik, egindako lanak erabiltzaileak eta haien familia-ingurunea hartzen ditu barnean, etengabeko laguntza emozionala bermatuz.

Egindako lanak erabiltzaileen eta familien laguntza emozionala bermatzen du

Halaber, azpimarratu behar da talde terapeutikoa funtsezkoa dela prozesu horretan, haiek ziurtatzen baitute "ez abandonatzearen" filosofia esku-hartzearen oinarri izatea; betiere, errekuperazio-prozesuarekin jarraitu nahi dutenei laguntza emanez.

Erakundeen lankidetza

Gizakia Helburu eta Izan Fundazioarekiko lankidetza hori familiekin gizarte eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuetan gauzatzen da; hau da, alkoholaren kontsumoarekin, jokabide-adikzioekin eta substantziekin lotutako esku-hartze programetan, baita Eraiki, Arrimu eta Norbera programetan ere. Lankidetza hori arreta ematean ere gauzatzen da. Horien arten daude: bazterketa eta marjinazio-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-zentroak, hala nola Gizarteratze Zentroa –60 plaza–, Urigain –20 plaza–, alkoholismo-programa –8 plaza– eta laguntza-modulua –6 plaza–. Era berean, gizarteratzeko zerbitzuak eskaintzen dira Uliaenea eta Hernaniko eguneko zentroen bitartez, bakoitza 28 plazarekin.

40 urteko ibilbidea

Duela 40 urte, Donostiako Elizbarrutiak drogekin arazoak zituzten pertsonei eta haien familiei zuzendutako proiektu bat bultzatzea erabaki zuen –Gizakia Helburu izango zena–, une hartan baztertua eta arretarik gabe bizi zen sektoreetako bat zelako. Jose Maria Setien Donostiako gotzaina, Iñaki Aldabalderekin batera, Italiako Elkartasun Zentroarekin (CEIS) harremanetan jarri zen, eta han garatzen ari ziren Hezkuntza eta Terapia Programa –Progetto Uomo– ezagutzeko aukera izan zuten.

Azkenean, lortu zuten eredu hori Gipuzkoan ezartzea; hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtean 3 milioi eurotik gora bideratzen ditu Gizakia Helburu Fundazioko hainbat programa eta zerbitzu finantzatzeko.

Nahi horrekin, Gizakia Helburu Programaren sorrera sustatu zen, irabazi-asmorik gabekoa, droga-mendekotasuna zutenei eta haien familiei arreta integrala ematera bideratua; eta, denborarekin, arreta hori mendekotasun-mota batzuetara hedatu da. Xede nagusia da gizabanakoa edozein adikzioaren aurrean babestea. Aipatutako helburuaren baitan, lehentasuna ematen zaio adikzioak eragindako arazoak dituzten pertsonen eta ondasunen defentsa eta babesa hobetzen lagunduko duten "zuzeneko edo zeharkako ekimenak sortu, hobetu eta garatzeari".

Urteetan zehar, Gizakia Helburu-Izan Fundazioa erreferentziazko erakunde bihurtu da Gipuzkoan adikzioen tratamenduan eta arrisku egoeran dauden nerabeen arretan. Artatutako pertsonei eta haien familiei gogobetetze eta ongizate-maila handia eskaintzeagatik nabarmendu da erakundea, haien lan eta lanbide-garapenarekin konprometitutako profesional eta boluntario talde baten bidez. Erakundeak beti izan du gizarte-arloan parte hartzen duten erakunde eta entitateen laguntza, elkarrekin lan eginez eta baliabideak etengabeko hobekuntzaren printzipioen arabera kudeatuz.

Arrimu Programako ordezkariak, Mendoza eta Peña, Hernaniko egoitzan. (Argazkia: GFA).

Gipuzkoa Gizarteratzeko Plana

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarteratzeko Elkar Ekin II. Planak adierazten duen bezala, gizarte-bazterketako faktore nagusien artean daude osasun mentaleko arazoak, kontsumoak eta adikzioak, eta kasu askotan elkareraginez azaltzen dira. II. Planaren helburua da inklusioaren alde lan egiten duten erakunde publikoen eta entitateen batasuna eta atxikipena lortzea, eta, lehenengo planarekin alderatuta, zenbait berrikuntza dakartza egituraketari eta hedapenari dagokionez.

Testuinguru horretan, Arrimu Programak hainbat estrategiari erantzuten die, hala nola esku hartze komunitarioak diseinatzea gizarte-bazterkeriako arrisku handiko eremuetan, buruko nahasmenduen eta adikzioen arrazoiei helduz; esku-hartze espezifikoak ezartzea kolektibo ahulenei osasun-sistemarako sarbidea errazteko, hirugarren sektoreak bitartekari gisa duen zeregina indartuz; eta arrisku edo kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonen artean osasunaren sustapena eta adikzioen prebentzioa bultzatzea.

Adikzioen VII. Plana

Programa bat dator Adikzioen VII. Planaren helburuekin: substantzien kontsumoa eta jokabide-adikzioak murriztea, norberaren, familiaren eta komunitatearen osasunean ahalik eta eragin txikiena izateko. Plan horren helburua da "begiratu bat ematea ea zer programa eta esku-hartze dauden osasuna sustatzeko, adikzioei aurre hartzeko, eskaintza murrizteko, laguntza emateko eta adikziopean direnak gizarteratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak