Peru Aranburu: "Azken hilabeteetan lehen sektorea zoramen hutsa izan da"

Gontzal Belategi Zubia 2025ko mar. 14a, 13:30

Peru Aranburu, Errigorako kidea. Argazkia: P.A.

Zabalik da Errigoraren 'Eskutik eskura' produktu eskaera kanpaina. Egungo kontsumo ereduan jarri dute fokua kanpainan, eta produktu aldetik berritasunak ere iragarri dituzte.

Eskutik eskura kanpainan murgilduta dago Errigora. Udaberriko kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu Peru Aranburuk (Lekeitio, 1978), ekimeneko kideak. 

Gaur egungo kontsumo eredua kritikatu duzue; zergatik?

Ez da lehenengoz esaten dugun zerbait, baina aurten garrantzia eman diogu. Azken hilabeteetan lehen sektorea zoramen hutsa izan da; batez ere, prezioen gorabeheretan eta banaketan. Hori norbanako denok bizi izan dugu. Kanpaina errealitate horren alternatiba bat da, ekoizleak eta kontsumitzaileak zuzenean harremantzeko eredu kolektibo bat. Onura sozial bat ere badago proiektuaren atzetik, izan euskararen ikuspuntutik zein elikadura burujabetzaren ikuspuntutik. Egia da beste urte batzuekin alderatuta, jendeak egiten dituen eskariak antzekoak direla, baina honen atzean dauden helburuak errealitate horrekin bete-betean jotzen dute, eta aurtengo leloa ere [Beste modura, denona da onura] hortik doala, beste modu batean kontsumitzeari buruz gabiltza. Gure egunerokotasunean denok jabetzen gara errealitate horretaz, eta horren aurrean alternatiba bat gehiago suposatzen du kanpaina honek. 

"Kanpaina errealitate horren alternatiba bat da, ekoizleak eta kontsumitzaileak zuzenean harremantzeko eredu kolektibo bat"

Bat gehiago diozu; Euskal Herrian badaude logika horretatik irteteko bide gehiago?

Bai. Kanpainak hasten direnean, guk zein gainontzeko proiektuak, eskariei erreparatzen diegu bereziki. Hala ere, kanpaina aurretik bai ibili garela alternatiba ideiarekin bueltaka, eta bideo batzuk egin ditugu gai honen inguruan. Beste alternatiba batzuk ere agertzen dira. Euskal Herriko kontsumo proiektu gehiago agertzen dira eta bakoitza zela sortu zen eta bestelako kontuak aipatzen dituzte. Beraz bai, Euskal Herrian badira proiektu gehiago, baina, ez dugu gure burua engainatuko, komertzializazio bide nagusiak globalak dira, eta gehiena hortik mugitzen da. Gainera, proiektu horietan gehienak lokalak dira, eskualde zein herri mailakoak. Hala ere, bere txikitasunean, bada alternatiba bat, bide handia duena egiteko, eta gu ere horren parte sentitzen gara. 

Zein onura ditu jorratzen duzuen bide horrek?

Ekoizleak ez daudela merkatu logikaren eta honek dakarrenaren menpe, eta gertuko salmentan sakontzeko oinarri bat lortzen dutela. Kontsumitzaileen ikuspuntutik, berriz, bitartekariak ekidin egiten direla, eta espekulazioa saihestu. Gainera, despentsa betetzeaz gain, beste onura sozial batean hartzen da parte. Kasu honetan ekoizleak euskarara gerturatzea eta ekoizpena bultzatzea. Bestalde, aspektu orokorrago batean, sareak edo herri egiturak sortzen dira, eta hori ere onura bat da. Euskal Herria irudikatzen da modu honetan. Nafarroa hegoaldean mugitzen gara gu, bertan daude gure lur emankorrenak. Hiri populatuenak berriz iparraldean daude, eta bi horiek lotzen dira horrelako kanpainen bidez.

"Despentsa betetzeaz gain, beste onura sozial batean hartzen da parte"

Nolako garrantzia du euskarak zuen proiektuan?

Gure izateko arrazoietako bat zonalde horretan [Nafarroa hegoaldean] euskarari bultzada bat ematea da. Bertan elkartzen dira euskararen errealitate zail bat, urteetako politika eta legeen ondorio, eta nekazaritza lurretan azken urteetan eman den beherakada. Niretzat, Errigorak bi ardatz horiek lotzen ditu. Gure inguruan denetik dago, zihurrenik batzuk motibazio gehiago dute elikadura burujabetzan eta beste batzuek euskaran. Hala ere, gure sentsazioa da batzuk eta besteak hurbildu egiten direla, nahiko modu naturalean gainera. Ekoizleetako asko erdaraz hezitako pertsonak dira, baina nahiko modu naturalean bizi izan dute horrelako proiektu baten parte izatea. Badakite honen parte izaterakoan euskararen aleko konpromisoak hartu behar dituztela. Hasieratik, eskatu dugun minimoa etiketak euskaraz jartzea izan da, eta hori denek bete dute. Gerora webguneak euskaratzen hasi ginen. Azkenean, duela hiru urte, bakoitzak bere erritmoan baina guztiok euskara plan bat izan behar genuela adostu genuen denon artean. Hori euskararen aldeko borrokaren aspektu txiki bat da, baina bere ekarpena egiten duena.

Kontsumo ereduaren inguruko ikuspegia ez da kanpainaren berrikuntza bakarra.

Elikadura burujabetzaren logikaren barruan, urtero ahalegintzen gara produktu berriak eskaintzen. Katalogoa osatzen duten elikagaiak, azken finean, Nafarroa erdi eta hegoaldean propio ekoizten diren produktuak dira. Debagoienean ekoizten diren gauzak handik ekartzen ibiltzeak ez luke zentzu gehiegi izango. Bereziki hango produktuekin egoten dugu lan, edo hemen kantitate txikiagoetan ekoizten direnekin. Aurreko urtean ardo beltza sartu genuen lehenengoz, eta aurten zuria eta gorria ere gehitu dugu katalogora. Hiru bat urte dira almendrak eskaintzen ditugula, baina aurten almendra txigortuak ere eskainiko ditugu. Beti gehitzen dugu produktu solteren bat, baina, azken urteetan katalogoa nahiko egonkorra da aniztasunari dagokionez.

Nola egin daitezke eskaerak?

Eskariak martxoaren 26ra arte egin daitezke, eta egun, gehienak modu digitalean egiten dira, errigora.eus atarian edo 848 87 12 23 telefonoaren bidez. Hala ere, herri guztietan egoten dira euskalgintzari lotutako lekuak, non eskaria egin daitekeen. Banaketa leku horietan izaten da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak