Itxaso Plaza Amozarrainek (Arrasate, 2005) dagoeneko hasi du Igamo Packaging taldeko kideekin batera denboraldia, eta duela hamabost egun Espainiako Kopan lehiatu zen, Nojan –29.a helmugan–. Domekan, berriz, emakumezko bakarra izan zen gizonezkoz betetako tropelean, Mutrikun. Eta helmugara iristea lortu zuen. "Esan zidatenez, lau hamarkadatan ez du beste inork halakorik lortu", dio, barrez. Gaur, egubakoitza, Bergarako San Martzialgo malda gogorrak izango ditu zain (18:00), eta han bai, emakumezkoz inguratuta egongo da.
Zer moduz hasi duzu denboraldia?
Egia da iazko urtearekin alderatuta hobeto hasi naizela; iaz, iritsi berria nintzen 23 urtez azpiko kategoriara, eta igarri nuen saltoa, entrenatu ere ez nintzen berdin entrenatu, eta gazte mailan garaipenaren lehian ibiltzetik lasterketa amaituko duzun zalantzan egotera... ba, frustragarria da. Aurten, hobeto hasi naiz. Errenterian hasi genuen denboraldia [14.a helmugan], eta ondoren etorri zen Espainiako Kopako proba, Nojan. Lasterketa eroa izan zen, bidea tarte askotan izugarri estutzen zen eta urduritasun handia egon zen tropelean. Eroriko zatar bat ere izan zen, eta, tira, egin genuen lasterketa. Oraingo asteburuan, berriz, Mutrikun gizonezko juniorrekin lehiatu naiz eta lasterketa amaitzea lortu dut.
Mutrikun podiumean ikusi zaitugu...
Emakumezko onenaren saria eman zidaten. Antolatzaileek esan zidaten 40 urtean inoiz ez dutela izan sari hori nori eman; lasterketa amaitu duen emakumezko bakarra izan naiz.
Zer-nolako lasterketa izan zen?
Azkenengo kilometroetan Kalbarioko igoera birritan egin genuen, eta ordura arte taldean joatea lortu nuen, hori izaten da-eta zailena. Banuen beldur hori; alegia, lasterketa hasi eta segituan lasterketaz kanpo geratzearena [tropeletik atzera geratzen direnak epaileak kanporatu egiten ditu]. Esaterako, Soraluzeko saihesbidea da tarte txarra, igoeran jendeak estutu egiten duelako, baina besteen erritmoari eutsi ahal izan nion, eta gero, Kalbarion gora nire erritmoa hartu nuen. Egia da haizea kontran badago tropelak abiadura apur bat mantsotu egiten duela eta errazagoa dela bertan mantentzea, baina...
Ez kendu meriturik egindakoari!
Ez, ez... [Barre].
Emakumezkoen lasterketa gutxiago dituzuelako hartzen duzu parte mutilekin?
Bai. Nahiz eta lasterketa horiek ere ondo aukeratu behar diren. Iker Sanchez entrenatzaileak esaten digu batzuetan ez duela merezi mutilekin lehiatzea, esperientzia ez bada ona izan behar edo segituan lasterketaz kanpo geratzeko...
Alde handia egoten da?
Bereziki, mutilak lasterketa hasieratik hasten dira egurrean; emakumezkook beste modu batean lehiatzen gara. Eta gero, bai, mutil batzuek indar handia dute, eta orain, bizikletako garapen guztiak onartuta daudenez, indarra daukanak abiadura hartzen du. Abiadura horietara ohitzeko ondo etortzen zait eurekin lehiatzea, baina ibilbidearen ezaugarriengatik esperientziak frustragarria izan behar badu, hasi eta berehala lasterketaz kanpo geratzeko arriskua badago, hobe da goiz hori entrenatzeko aprobetxatzea.
Gaur, egubakoitza, Bergaran duzue hitzordua, San Martzialen, 18:00etan: kronoigoera labur baina gogorra.
Urteroko zita da, gogotsu nago. Bost minutuan dago errekorra, eta, egia esatearren, lehertuta amaitzen dugu. Euria bada ea zelan dagoen asfaltoa; goialdea labainkor egongo da.