Puntua aldizkariaren 447. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Debagoienean, gaur egun, hamar euskal dantza talde daude. Leintz Gatzagan izan ezik, gainontzeko herrietan daude, eta Arrasaten eta Bergaran bina talde dituzte. Hauek dira herriz herri dauden taldeak: Oñatin, Oñatz; Arrasaten, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak; Aretxabaletan, Leizarra; Antzuolan, Oinarin; Bergaran, Bergarako musika eskolako dantza taldea eta Moises Azpiazu; Eskoriatzan, Gorosarri; Aramaion, Lagun Artean; eta Elgetan, Udalak antolatuta, euskal dantzen ikastaroak eskaintzen dabiltza azken bi ikasturteetan.
Euskal dantza talde horietan guztietan 1.436 kidek hartzen dute parte; horietatik 1.172 dira neskak eta 264 mutilak. Alde nabarmena dago neska eta mutil dantzarien kopuruan, baina dantza taldeetako ordezkariek diote orokorrean dantzari kopuruari eusten diotela eta badirudiela loraldi bat datorrela parte-hartzean.
Oñatiko Oñatz, dantzari gehien dituena
Bailaran dantzari gehien dituen taldea Oñatiko Oñatz da; guztira, 396 lagun daude gaur egun: 6 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak dira horietatik 330, eta gainontzeko 66ak nagusien taldeko kide dira. Gaur egun taldearen egoera horrelakoa dela adierazi du bertako Maite Irizarrek: "Akaso, salbuespen egoera da gurea, baina, egiari zor, taldeak bere partaide-kide kopurua mantendu izan du azken hamarkada luzean. Batetik, esango nuke Oñati dantza tradizio luzeko herria izateak baduela bere pisua, eta dantza propioak – Oñatiko Corpus dantzak– izatea ere oso garrantzitsua da. Gainera, urtero bederatzi irteera izaten ditugu eta herriko beste bederatzi auzotako jaietan ere dantzatzen dute haurrek".
Arrasaten bi talde
Arrasatek bi euskal dantza talde ditu: Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak. Horietan zaharrena 1963an sortu zen Lore Gazteak da. Egun, 15 urtera bitarteko 100 ikasle ditu, eta hortik gorakoen 51. Bertako kide Kepa Lezetak azaldu du "ondo" dagoela taldea: "Pandemia ostean zertxobait jaitsi zen ikasle kopurua, baina azken urteetan hobera dugu, eta esango nuke pandemia aurreko mailan gaudela. Baina ematen du joera gorantz doala, geroz eta ume gehiagok ematen dutelako izena".
"Herria egiteko" modu bat dira
Bailarako dantza talde guztiak irteten dira kalera entsegu-lokaletan ikasitakoak plazaratzera, eta hainbat taldetako ordezkariek diote "herria egiteko" modu bat direla euskal dantzak. Gorosarriko ordezkariak dio "herria bizirik mantentzeko" balio dutela: "Euskaldunak gauden bitartean egongo dira euskal dantzak. Garrantzitsua da gureari begiratu eta horri balioa ematea". Oinarinekoak beste hau dio: "Jendeak dantza egin nahi du, horrek dakarren guztia kontuan hartuta: lagunartea, jai-giroa... Eta, hori guztia euskal dantzen baitan eraiki denez, bada aitzakia bat dantza egitea hori eskuratzeko. Asmatu da giro sano eta atsegin baten bueltan dantzan eginda". Oñatzeko ordezkariak etorkizuna bermatuta ikusten du: "Dantzak garia hobeak bizi izan ditu, baina gaur egun, gure errealitatea zein den ikusita, ausartzen naiz esatera epe motz-ertainean bermatuta ikusten dudala etorkizuna".
Bestetik, Txikitxu-Arrostaitz taldea urteurrena ospatzen dabil aurten, Txikitxu taldeak 55 urte betetzen dituelako eta Arrostaitzek 35 urte, eta, horren baitan, taldearen historia jasotzen duen erakusketa dago ikusgai Kulturaten, hilaren 27ra bitartean. Gaur egun, 145 umek eta 50 nagusik osatzen dute. Bertako kide Leire Iriak hauxe esan du: "Dantzan egiteko jende faltarik ez dago; txikienen saioetarako itxarote-zerrenda daukagu. Arazo gehiago izaten da ardura postuak hartze horretan, edozein taldek behar baitu sostengua ekimenak aurrera ateratzeko, eta batzuetan kosta egiten da, boluntarioa delako. Dena den, urtez urte, partaide kopurua mantendu egiten da".
Aretxabaletan zortzi dantza talde dituzte
1967an sortu zen, Aretxabaletan, Loramendi dantza taldea, eta hari erreleboa hartu zion Leizarra musika eskolako dantza taldeak, 2010. urtean. Egun, 120 ikasle ditu, eta honako hau dio Mikel Arce irakasleak: "Zortzi dantza talde dauzkagu, eta ondo gaude. Pandemia igaro eta gero lortu dugu taldeak eta kopuruak mantentzea. Dena den, 5 urterekin umeak apuntatzen dira baina gero futbolean hasten direla; Aretxabaletan UDAk pisu handia du".
Haur Dantzarien Egunak Debagoienean
Hiru herri horietan, Oñatin, Arrasaten eta Aretxabaletan, urtero antolatzen dituzte, gainera, Haur Dantzarien Egunak. Maiatzetik urrira bitartean izaten dituzte irteerak, eta horietarako prestatzen ari dira orain. Hiru herrietan 1970. urtean ospatu zituzten lehendabizikoz Haurren Egunak, eta, Antzuolaren kasuan, 1980an egin zen lehenengoz, eta bi urtean behin egiten jarraitzen dute.
Nagusiagoen kasuan, 16-30 urte inguru artekoendako, Bailarako Dantzari Eguna ere ospatzen da, herriz herri, eta 250-300 dantzari elkartzen dira, urtez urte. Aurten, apirilaren 5ean ospatuko da, Antzuolan, eta dantzariek nabarmendu dute adin bertsuko jendea ezagutzeko eta harremanak sortzeko eguna izaten dela.
Antzuolako Oinarin, mutil kopuru aldetik, indartsu
Oinarin da Antzuolako taldea, eta 142 lagun dabiltza egun. Bertako Ion Lizarazuk adierazi du eraldaketa-prozesuan dagoela taldea: "Belaunaldi-aldaketa fasean gaudela esango nuke. Beti ikusi izan diote bukaera euren dantza jardunari nagusiago batzuek, eta gazteagoei bide egiteko pauso hori egoten da. Orain, erdibideko belaunaldi-uztarketa puntuan gaudela esango nuke. Bilakaera aldetik gorakada eta beherakada nabarmenik izan dugunik ez nuke esango, nahiz eta Antzuola batean eragina daukan urte bakoitzean jaiotzen den ume kopuruak. Hala ere, nahiko osasuntsu mantendu dela esango nuke. Orain momentuan badirudi jende asko jaiotako garaiak datozela, eta, deitu ahal badiogu gorakada bat datorrela, izan daiteke". Gainera, mutilen portzentajea %35,92koa da taldean, beste batzuetan baino dezente handiagoa: "Kanpora irteten garen aldiro esaten digute Antzuolan mutil asko dabiltzala dantzan. Inbidia puntuarekin begiratu izan digute".
Xamatz deseginda, Bergaran bi talde daude egun
Bergaran euskal dantzak irakasten zituen Xamatz taldea desegin egin zen, eta gaur egun, musika eskolan ematen dituzte euskal dantza saioak. Zumarragako Eneko Galdos dantzaria da haien gidari, eta, 2014an sortuta, 90 ikasle ditu egun. Haren gogoeta ez da hain baikorra: "Egoera ez da erraza. Dantzak arlo guztietan dezenteko exijentzia eta diziplina eskatzen du, eta, gaur egun diziplina galtzen ari dela esango nuke, era orokorrean. Behar ditugu erantzun azkarrak eta berehalakoak, eta, artean batez ere, berehalakoa ez dago ezer, lantzen ez baduzu, nahiz eta munduko onena izan. Orduan, osasuna badago, jendea gustura etortzen da, baina, zelanbait, bezeroaren erara ere egokitzen garelako; zerbait azkarra nahi duzu? Ba, egin egingo dugu. Eta horrekin dantzariak mantentzen ditugu, baina ez dakit bidea hori den".
Horrez gain, Moises Azpiazu taldea ere badago, 167 ikaslerekin. Taldeak duen berezitasuna da arin-arinak, fandangoak eta aurreskua erakusten zituztela lehen, eta gaur egun, horiez gain, dantza herrikoiak ere irakasten dituzte bertan. Maite Lazkano da bertako arduraduna, eta taldea "oso ondo" dagoela dio: "Oso osasuntsu dago. Gogor eta momentu onean dagoela uste dut. Eta esango nuke bilakaerak gora egin duela. Ni akordatzen naiz ikasle nenbilenean 100 ikasle inguru izaten ginela, eta azken urte gutxian, azken hiru ikasturteetan, batez ere, 150era igo zen ikasle kopurua, eta gaur hor gabiltza, 165-170 tarte horretan". Dantza berriak sortzen dituzte, eta hori "erakargarria" dela uste du Lazkanok. Gainera, taldeak pandemian bete zituen 50 urte, eta orduan egin ez zuten ospakizuna egingo dute aurten, ekainaren 14an, Udal Pilotalekuan.
Eskoriatzakoa, indarra hartzen
Eskoriatzan indarra hartzen doa Gorosarri dantza taldea. Egun, 67 ikasle ditu, eta Dorleta Ezeizak dio "ondo" daudela: "Osasuntsu dago dantza taldea. Aspaldi sortu zen arren, orain hasi da forma hartzen eta izaera sortzen. Gaur egun, taldeko nagusiak txikitan dantza taldean ibilitakoak gara, eta guk izan ez genuen eredua izan nahi dugu herriko txikientzat. Ondorengoei talde osasuntsua eman nahian eta norberaren gozamenerako lanean gabiltza.
DEBAGOIENEKO EUSKAL DANTZA TALDEAK |
||||
TALDEA | HERRIA | SORRERA | NESKAK | MUTILAK |
Oñatz | Oñati | 1970 | 276 | 120 |
Txikitxu-Arrostaitz | Arrasate | 1970 | 160 | 35 |
Lore Gazteak | Arrasate | 1963 | 121 | 30 |
Leizarra | Aretxabaleta | 2010 | 118 | 2 |
Oinarin | Antzuola | 1976 | 91 | 51 |
Bergarako taldea | Bergara | 2014 | 80 | 10 |
Moises Azpiazu | Bergara | 1971 | 165 | 2 |
Gorosarri | Eskoriatza | 1966 | 66 | 1 |
Lagun Artean | Aramaio | 1956 | 55 | 5 |
Elgetako taldea | Elgeta | 2023 | 40 | 8 |
GUZTIRA |
- | - | 1.172 | 264 |
Osasuntsu eta indartsu, datorrenerako. Azken urteetan gorakada handia izan du. Talde berriak sortu dira eta dantza taldearen joera aldatu egin da. Herrian bakarrik data jakin batzuetan dantzatzetik bailara mailan dantzatzera pasatu gara. Horrek eragina izan du eta jendea horregatik ere motibatu da".
Aramaioko Lagun Artean, 70 urte betetzera
Aramaioko taldea da Lagun Artean. 70 urte beteko ditu datorren urtean, eta 60 dantzarik osatzen dute. Taldeko Irati Lasagak esan du eurentzat "berezia" izaten ari dela ikasturtea: "Aurtengo ikasturtea berezia izaten ari da gure taldearentzat; izan ere, etapa bat itxi dugu azken urteotan izan dugun irakaslearekin, Ohiane Vicenterekin, eta gaur egun gu geu ari gara eskolak antolatzen eta dantzak asmatzen, ikasten eta irakasten. Zalantzarik gabe, taldeak lortu du berrasmatzea, eta oso osasuntsu dagoela esan genezake". Beste hau ere gaineratu du: "Herriko kultur talde bezala konprometituta sentitzen gara herriarekin, eta urtean zehar antolatzen diren ekintzetan eta festetan parte hartzen dugu; gure hazitxoa jartzen dugu".
Elgetan, bide berri bat hasten
Elgetan, berriz, gurasoek bultzatuta eta Udalaren babesarekin, aurten bigarren ikasturtez ari dira hainbat haur eta gaztetxo euskal dantzak herrian bertan ikasten. Egun, 48 ikasle dituen taldea dute osatuta, Eibarko Kezka dantza taldeko bi irakasle joaten dira saioak ematera, eta Elgetako Udaleko Maialen Arnedo zinegotziak hau esan du: "Iazko gurasoen balorazioa oso ona izan zen, eta gure kulturaren transmisio horretan ezinbestekoa da horrelako eskaintza bat egotea herrian bertan".