Ostiral honetan, martxoak 14, Landaola Federazioak Gipuzkoako landa-proiektuak aitortzeko sari banaketa ekitaldia egingo du Zumarragan. Bedoñako Errastiko Eskola eta Oñatiko Udala dira arutengo Landaola Sarietako hautagai debagoiendarrak: lehenengoa, Erakunde Pribatuaren Landaola sarirako; eta bigarrena, Erakunde Publikoaren Landaola sarirako. Sariak emateko garaian, proiektuak landa-eremuko biztanlerian daukan eragina, eredugarri izateko dituen baldintzak, oihartzuna eta lankidetza baloratuko dira.
Lau izango dira zortzigarren edizio honetan banatuko diren sariak: Erakunde Publikoaren Landaola saria, Erakunde Pribatuaren Landaola saria, Emakumeak Landa Eremuan saria eta Urteetako Ibilbidearen saria. Aitortza bakoitzak sei hautagai izango ditu, eta Emakumeak Landa Eremuan sariaren eta Urteetako Ibilbidearen sariaren kasuan, egunean bertan jakingo dira hautagaiak eta sarituak.
Errastiko Eskola
Errastiko Eskola Arrasateko Bedoña auzoan sortu zen, 2018an. Geroztik, Naiara Uriartek eta Xabi Abasolok osatzen duten obradore ekologikoak saltzen dituen produktuak ezagunak dira Debagoien osoan, eta 2024ko irailean proiektu pedagogiko bat abian jarri zuten, lehen sektorea eta landa-eremua sustatzeko helburuarekin. Eskolan, bisita gidatuak, ikastetxeetarako unitate didaktikoak eta sukaldaritza ikastaroak landu ziren, eta, egindako lanaren ondorioz, Erakunde Pribatuaren Landaola sarietako sei hautagaietako bat izango da proiektu pedagogikoa.
Oñatiko Udala
Oñatiko erreken, basoen, mendien, etxeen eta hainbat tokiren izenak biltzen dira Oñatiko Udalak egindako mapa interaktibo digitalean. 2.855 toponimo biltzen ditu mapak, eta 1983ko mapen digitalizazio proiektutik abiatutako lan horrek belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzea eta baserrietako transmisioa indartzea ditu helburu. Toponimoak biltzen dituen Oñatiko proiektu bateratzailea Erakunde Publikoaren Landaola sarietako hautagaia da, Oiartzungo, Eibarko, Berastegiko, Legazpiko eta Azkoitiko udalek egindako lanekin batera.