Eguerdian, 12:45ean hasi dute Bergarako plazan Emakumeen Mundu Martxaren bailara mailako lehen ekitaldia, ongietorri ekitaldi labur baten ondoren. Debagoieneko mugimendu feministetako taldeetako kideak plazan ziren ordurako; hala nola, Bergarakoak bertakoak, eta baita Oñatitik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik zein Arrasatetik, adibidez, joandako hainbat lagun. Umore honez eta energiaz beteta zeharkatu dituzte Barrenkale, Irala, Fraiskozuri eta Irizar kaleak berriz San Martin plazara heldu aurretik. Oinez, dantzan eta ozen oihukatu dituzte "Gerra gutxiago eta eskubide gehiago", "Bizitza duina denentzat", "Gerren kontra emakumeen martxa", "Lurra defendatu janariarekin ez jolatu" eta "Gora borroka feminista, antikapitalista, antikolonialista eta antiarrazista" moduko mezuak.
Plazara iritsita, Dorleta Kortazarrek eta Julia Mongek hartu dute hitza bertaratuak zorionduz eta Emakumeen Mundu Martxaren aldarriak gogora ekartzeko. Bizkaiko Asanblada feministako Elena Garciak eta Ana Portuk "batu indarrak, urrutira goaz eta" esanaz bukatu dute euren hitzartzea eta Aramaioko talde feministako hiru kidek lurraren defentsa egin dute Andere Arriolabengoak egindako bertso batzuk gitarraren laguntzarekin kantatuz eta Maite Aristegi bergararrak gerran sufritu eta sufritzen ari diren mundu emakume guztiei elkartasuna adieraziz irakurri du gutun bat, gitarra soinuak lagunduta horrek ere. Ondoren, Oholtza mediokreen apologia izeneko oihal-akrobazia ikuskizuna egin dute hiru emakumek, laugarren batek irakurritako testuak lagunduta.
Martxanterak taldeko Ariane Alberdi Iñarrak aurreratu duen moduan, etorriko dira Mundu Martxari lotuta egingo diren ekitaldi gehiago, Euskal Herri mailakoak zein bailarakoak. Esate baterako, Palestinako Lurraren Eguna da martxoaren 30ean, eta genozidioa salatzeko eta emakume palestinarrekiko elkartasuna agertzeko mobilizazioak egiteko dei egin dute mundu osoan eta Debagoienean era ere zerbait egitekoak dira.