Faxismoaren aurka, aliantza feministak josteko aldarria entzun da gaurkoan Debagoieneko herri gehienetan, mugimendu feministak antolatuta, Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak lelopean egin baitituzte mobilizazioak. Arrasaten, esaterako, 18:00etan ekin diote manifestazioari Seber Altuben, eta leloaren atzean dagoenaz jardun dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, "eskuina irabazten ari den joera bat" dago gizartean, eta, horrenbestez, jarrera erreakzionarioak eta faxistak areagotzen dabiltza: "Beste alde batetik, Europa mailan badago handitzen ari den jarrera belizista bat, eta ikusten genuen horren aurrean zapalduenak beti izango direla, orain arteko eran, kolektibo zaurgarrienak-edo; tartean, emakume, trans eta bollerak. Eta horren aurrean aliantza feministak jostea garrantzitsua da".
Mugimendu feministak, batik bat, hiru ardatz azpimarratu ditu: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak. "Indarkeria matxista forma berriak hartzen dabil, eta horren kontrako borrokan irmo jarraitzen dugu. Horrez gain, ukaezina da krisi ekosozial batean murgilduta gaudela, eta hego globala ustiatzen gabiltzala eta baliabide naturalez husten; horrenbestez, garrantzitsutzat jotzen dugu gure ipar global honen kokapenetik ardurak hartzea. Azkenik, azpimarratu nahi dugu mugimendu feminista antikoloniala eta antiarrazista ere badela, eta migrazio politika guztiz arrazisten kontra egitea ere badela gure ardura".
Politika eta herri-erantzun "ausartak"
Elgetan eguerdian, 13:00etan, egin dute manifestazioa, mugimendu feministaren leloa oinarritzat hartuta. Eta baita Bergaran ere, ordu berean, Martxanterak eta Oñeztua talde feministek antolatuta. Hain zuzen ere, "inpunitate barik hedatzen ari diren diskurtso faxistei" aurre egiteko beharra dagoela aldarrikatu dute, hala nola Trump, Musk, Milei edota VOX zabaltzen dabiltzan "kultura faxistak eta diskurtsoak" hemengo herrietan eragina dutela salatuta. Horrek, salatu dutenez, "logika patriarkalari aurre egiten dieten emakumeak, pertsona migratuak eta arrazializatuak edota LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak zigortzen" ditu, eta, horrenbestez, herritarren bizitza hobetzeko alternatibak sortu eta indartzea dagokiela izan dute ardatz: "Politika eta herri-erantzun ausartak".
Aretxabaletako eta Eskoriatzako mugimendu feministak ere lelo –eta aldarri– berdinak erabili ditu arratsaldean eginiko mobilizazioetan.
Indarkeriarik gabeko bizitzak
18:00etan hasi dute manifestazioa Oñatin, Antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango lelopean. Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatu ditu mugimendu feministak protestaren amaieran, feminismoa erdigunean jarriko duten politikak behar direla aldarrikatzearekin batera. Are gehiago, mugimendu feministaren aurtengo leloari keinu eginez, ausardiaz era aritu dira, "posizio feministarekin bat egiteko ausardia" aldarrikatuz, "bakoitza bere erosotasunetik aterata". Horrez gain, besarkadak bidali dizkiete Palestinako, Saharako eta Kurdistango emakumeei.
Manifestazioan zehar, gainera, ekintza zehatz batzuk izan dira, eta horietako bat izan da Emakumeen Etxea izango den eraikinaren albotik pasatzean hari eginiko keinua, bengala batzuk piztu baitituzte eta bozgorailuetatik Emakume Etxea zer izango den azaldu baitute.
Txikiagoan, baina martxan
Aramaion goizean goiz ekin diote Martxoaren 8ko egitarauari, eta goizean eginiko gosari-tertulian bi gai jarri dituzte mahai gainean elkarrizketarako: etxebizitzaren auzia, eta zaintzena. Leintz Gatzagan, berriz, urteroko eran, Sorginak Emakume Taldeko kideek bazkaria egin dute Gure Ametsa jatetxean. Azkenik, Antzuolan, Andramanuelak talde feministak antolatuta, Etorkizuna geuria don lelopean egin dute elkarretaratzea 19:00etan hasita, eta faxismoaren gorakadaren aurrean "iraultzaren alde" egin beharra izan dute oinarri, horretarako, aliantzak sortzean eta saretzean eginda azpimarra.