Martxoaren 8aren izaera "iraultzailea" berrartzea aldarrikatu du Itaiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 8a, 16:28

Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean, Arrasateko Herriko Plazan egin du gaur eguerdian elkarretaratzea Deba Bailarako Itaiak; lau aldarritan egin du azpimarra.

Martxoaren 8ak " historikoki izan duen izaera iraultzailea" berrartzea aldarrikatu du gaurkoan Itaia antolakundeak, matxismoaren aurka borrokatzeko eta kaleak hartzeko deia egitearekin batera: "Martxoaren 8a aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratu, eta matxismoaren eta faxismoaren aurka egiteko borroka eguna da gaurkoa. Garaiko alderdi sozialistek, kapitalismoa suntsitzeko norabidean, emakumeen zapalkuntza gainditzeko ekarpena egiteko eta borroka hauspotzeko eguna kokatu baitzuten".

Maia Iribecamposek, Deba Bailarako Itaiako kideak, hartu du hitza Arrasateko elkarretaratzearen amaieran, eta nabarmendu du "oldarraldi erreakzionarioak mundu mailan ideia atzerakoien eta matxisten zabalpena eta normalizazioa" dakarrela, eta, horrenbestez, lau ideia nagusitan egin nahi izan dutela azpimarra: "Batetik, ideia erreakzionarioen eta baztertzaileen aurkako ideia ekarri nahi izan dugu plazara; bestetik, indarkeria matxista ukatzen duten ideien aurkakotasuna ere adierazi nahi izan dugu, gazteen eta ez hain gazteen artean badagoelako era horretako ukapen bat. Emakumeok sexu-objektu bilakatzen gaituen industria kulturalaren aurkako aldarria ere ekarri dugu, gero eta asimilatuago baitaukagu gorputzen sexualizazioa". Azkenik, laugarren aldarritzat, nabarmendu du emakume langileen eta sektore feminizatuetako lan baldintza prekarioen aurkako aldarriak plazaratu nahi izan dituztela, horretarako "egun aproposa" dela iritzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak