Emakumeen jarduera-tasa ehuneko 20 puntu baino gehiago igo da azken berrogei
urteetan EAEn, eta okupazio-tasa % 22,1etik % 48,1era igo da, bi generoen arteko aldea
murriztuz Eustatek jasotako datuek diotenez. Gainera, emakumeek duela 30 urteko maila berean jarraitzen dute janaria prestatzen (partaidetza-tasa % 85,3koa da), nahiz eta zeregin horretan parte hartzen duten gizonen ehunekoa % 33tik (1993) % 76,6ra (2023) igo den.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko lehen Estatistika-Panela argitaratu du Eustatek. EAEko emakumearen egoerari buruzko datu nagusiak bildu ditu hor eta modu grafiko eta interaktiboan erakutsi. Bederatzi atal nagusi ditu: biztanleria, etxeko lana, ordaindutako lana, osasuna, dirua, hezkuntza eta euskara, gizarte-ohiturak, denboraren erabilera eta genero-indarkeria. Emakumeak gaur egun bizi duen egoera ikus daiteke datuen bidez, baita urteetan zehar berdintasunaren arloan egindako aurrerapausoak ere.
2022an hasi zen datuen panelak sortzen Eustat, udal informazioa bilduta, eta aurrera begira beste batzuk sortzeko asmoa agertu du.