Martxoaren 8a borroka egun gisa hartzea beharrezkoa dela diote Emakumeon Antolakunde Sozialistako (Itaia) kideek. Ez dute nahi egun hori "ospakizun gisa" ikustea. Izan ere, Debagoieneko Itaiako Miren Iturbek adierazi du azken urteotan "mobilizatzeko joera beherantz eta izaera iraultzailea desagertuz" joan dela egun horretan. Gainera, inoiz baino beharrezkoago ikusten dute protesta Itaiako kideek, testuingurua kontuan hartuta: "Joera erreakzionario handia ikusten dugu gure inguruan, bai politikarien eta instituzioen aldetik zein kalean eta sare sozialean. Horri erantzuteko, kaleak hartzea beharrezkoa da".
Horrekin batera, adierazi dute emakume langilearen egiturazko zapalkuntzari aurre egiteko "iraultza sozialista" beharrezkoa dela. Bide horretatik, Martxoaren 8an kalera aterako dituzten aldarriak landu dituzte otsailean, hainbat ekintzaren bidez. Horrez gain, egunean bertan propaganda politikoa egingo dute, eta 12:30erako elkarretaratzea deitu dute Arrasateko Herriko Plazan.