Mañole Ezenarro: "Historiaurretik, emakumeak bere inteligentzia erakutsi ahal izan duenean erakutsi egin du"

Txomin Madina Milikua 2025ko mar. 10a, 14:18

Mañole Ezenarro. Irudia: Txomin Madina.

Orain Arrasaten bizi den arren, Mañole Ezenarrok argi azpimarratzen du bera Bergarakoa dela. Nafarroako Unibertsitatetik Filosofia eta Letretan lizentziaduna (Historia Saila, Arte Orientazioa), Almeneko irakaslea izan zen urteetan. Historia, artea eta ondarearekiko pasioa, baina, beste hainbat modutara ere erakutsi izan du.

Puntua aldizkariaren 446. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Historian esanguratsuak izandako hainbat emakumerekin gertatu den legez, Hildegarda Bingengoa ez da letra larriz agertzen gure liburuetan. Mañole Ezenarrok (Bergara, 1950) horri buelta eman nahi izan dio Goienagusiren eskutik egindako hitzaldiarekin.

Nor izan zen eta zergatik izan zen garrantzitsua Hildegarda Bingengoa?

XII. mendeko lekaime beneditar bat izan zen, gaur egungo Alemanian bizi izan zena. 8 urte zituela sartu zuten komentuan, eta 14rekin moja zen dagoeneko. Oso neska argia izan behar zuen, 38 urterekin abadesa izan zelako: garai haietan, komentuak mistoak ziren, baina ohikoena zen abadea, komentuko burua, gizonezkoa izatea. Ikuskariak, bisioak, izan ohi zituen, eta horiek testu sakratuak, Elizarekin lotutako kontuak, interpretatzen zizkioten; hark zioen, era berean, ikuskariek esaten ziotela interpretazio horiek argitaratu egin behar zituela. Hori zela eta, famatua izan zen bere garaian, Elizak onartu egin zuelako izaten zituen bisio haiek Jainkoak edo Espiritu Santuak emandakoak zirela, ez deabruak; bestela, sutan erretzea zen alternatiba! Handik aurrera, haren komentua oso famatu egin zen eta gurasoek euren alabak hara eraman nahi izaten zituzten. Orduan hasi zen lan publikoa egiten; askok diote Erdi Aroko Leonardo da Vinci izan zela; nik esango nuke Da Vinci bera izan zela Pizkundeko Hildegarda Bingengoa.

"XII. MENDEAN EMAKUMEAREN ORGASMOAZ BERBA EGIN ZUEN HILDEGARDA BINGENGOAK"

Zergatik?

Emakume polifazetikoa izan zelako. Mistikoa zen, baina landareak eta naturako elementu guztiak osasunarendako onak zirela uste zuen, eta, hori horrela, horien deskribapena egin zuen, baita gorputzarendako zeuzkaten onurak zerrendatu ere. Gaur egun, Alemanian eta Austrian hildergadar medikuntza deitzen zaiona dago, haren ideietan oinarritzen dena. Era berean, musika egin zuen, Erdi Aroan Elizako kantuei musika eta hitzak, biak, jarri zizkien pertsona bakarra izan zen. Garagardoarekin ere badu lotura, mingots zaporea ematen dion lupulua sartzea haren asmakizuna izan zelako. Lupuluak garagardoa hobeto kontserbatzen laguntzen du, eta, modu horretan, posible egin zuen bidaia luzeetan ibiltzen ziren marinelek-eta garagardoa edatea eskorbutoa eta halakoak harrapatu barik. Margolaria ere bazen Hildegarda Bingengoa, haren ikuskariak margotu egiten zituelako, mandala motako ilustrazioekin. Bizi izan zen garaian bizita ere, XXI. mendeko ideiak adierazi zituen. Adibidez, esan zuen hobeto bizitzeko lanaren eta atsedenaren arteko oreka behar dugula; janaria sendagaia zela ere esaten zuen, eta elikadurak orekatuta egon behar zuela. Eta hura izan zen XII. mendean emakumearen orgasmoaren inguruan berba egin zuena. Orduko dokumentazio guztia gizonen ikuspegitik egina dago; urte batzuk lehenago, gizonaren plazeraren inguruko beste idatzi bat dago, baina emakumea aipatu ere ez da egiten. Hidelgarda Bingegoak esan zuen emakumeak ere sentitzen duela plazera, eta plazer horrek gizonarena pizten duela.

Horrek guztiak erakusten du Erdi Aroan, beraz, emakumeek bazutela euren papera, ezta?

Egia da emakumeen papera bigarren mailakoa izan dela. Baina Historiaurretik ikusten da emakumeak bere inteligentzia erakutsi ahal izan duenean erakutsi egin duela. Goi-mailetako emakumeak izan ohi ziren, normalean; XII. mendekoak dira, esaterako, Gaztelako Blanca eta Akitaniako Leonor. Hildegarda Bingengoa bezalako emakume pila bat daude historian. Bere momentuan, zaletasun moduan, 1950a baino lehenago jaio ziren arte munduko emakumeen zerrenda egiten hasi nintzen, eta 144 jaso nituen; blog bat zabaldu nuen. Eta horiek izebergaren punta dira. Gainera, garai batean lana ez zen hain modu indibidualean egiten: artista bat, haren izena, eta listo. Erdi Aroan, esaterako, familia oso bat, artisautzako lanbide baten inguruan mugitzen zena. Eskulturagilez osatutako Steinbach familian, adibidez, aita eta semea ibiltzen ziren lanean, baina baita Sabine alaba ere, eta frogatuta dago Parisko Notre Damme katedraleko fatxada egiten parte hartu zuela. Eta hori bezalako kasu asko daude. Urteetan Historiako eta Artearen Historiako irakaslea izan nintzen Almen ikastolan, eta konturatu nintzen artearen munduan Biblia bezala ikusten ziren liburuetan emakumeak ia aipatu ere ez zituztela egiten; XX. mende erdialdetik aurrera hasi ziren emakumeen lana argitara ateratzen. Hildegarda bera ere 2012an izendatu zuten Elizako doktore.

"ERDI AROA ASKO GUSTATZEN ZAIT, KONTRASTE HANDIKO GARAIA IZAN ZELAKO"

Beti gustatu izan zaizkizu historia eta arte kontuak?

Ikasleei beti esaten nien: gaur egun gu gara, aurrekoak ere izan zirelako. Hori horrela, zer egin zuten ikasi behar dugu, bai ona eta baita txarra ere; hori jakiteak zer pentsatu, behintzat, eman diezagula! Era berean, orain egiten duguna oso garrantzitsua izango da hurrengoentzat, historia moduan hartuko gaituzte-eta gu; haiek oinordetuko dituzte gure onak eta txarrak. Historiak beti izango du paper bat bai etorkizunerako eta baita atzera begiratzeko ere; baina ez iraganean geratzeko.

Bada bereziki gustuko duzun aro edo gai historikorik?

Erdi Aroa asko gustatzen zait, kontraste handiko garaia izan zelako. Izan ere, erdian dagoenak badirudi ez duela balio, baina niri alderantzizkoa iruditzen zait. Erromatarrek euren lana egin zuten, baina oso zentralistak ziren; haien armekin-eta hedatzea lortzen zuten, eta gero haien kultura inposatzea. Pizkundea etorri zen gero, eta mundu klasikoa goratu egin zen. XVIII. mendean, aldiz, Ilustrazioarekin-eta emakumea baztertu egin zen, eta Industrializazioarekin, are gehiago. Horrek erakusten du erdiko garaia, Erdi Aroa, akaso ez zela hain txarra izan: erromanikoak ikuspegi oso itxia eta sakratua zuen, baina gero gotikoa etorri zen, askoz garai argitsuagoa, zeinetan hiriek indarra hartu zuten eta emakumeen papera publikoago egin zen. Betiere, garai haietako parametroak kontuan hartuta; baina esan daiteke gaur egun Ekialdeko hainbat herrialdetan emakumeen egoera ikusita, Erdi Aroan hobea zela egoera hori.

Aukeratu ahal izango bazenu, zein garai edo toki historikotan pasatuko zenuke astebete?

Akitaniako Leonorren gortean; trobadoreekin-eta oso alaia eta irekia izan omen zen.

"ONDAREAREKIN LOTUTA GAUR EGUN EZ DIRA EGITEN GARAI BATEAN EGITEN ZIREN BASAKERIAK"

Erraza egiten zitzaizun ikasleei arte eta historiarekiko interesa piztea?

Nire helburua zen haiengan lehen hazitxoa ereitea, nahiz eta pentsatuko zuten erretolika handia sartzen niela. Baina gerora, gertatu izan zait nire Arteko ikasleak izandako batzuek esatea: "Joan gara Lisboara, sartu gara zuk aipatutako eraikin batean eta zutaz oroitu gara!". Akaso, ez dira eraikin horren estiloaz gogoratuko, baina bai, behintzat, nik aipatu izan niela. Horrek poztu egiten nau, gutxieneko interes bat piztu diedalako eta, akaso, gero gehiago ikasiko dutelako. Gainera, arteak asko esaten du egin zen garaiko gizarteari buruz.

Debagoieneko ondarearen kontserbazioan lan egin zuen Kapirixo elkarteko kide izan zinen. Uste duzu gaur egun kontserbazioari orduan baino garrantzi handiagoa ematen zaiola?

Kapirixo bailara mailakoa izan zen; hala, herri bakoitzean lantaldeak zeuden ondareaz arduratzeko. Nik uste dut gaur egun ez direla egiten garai batean egiten ziren basakeriak; diru gehiago kostatu arren, dagoena mantentzeko esfortzu handiagoa egiten dela. Era berean, arkeologia industrialaren ideia ere sartu da. Udalek, erakundeek, bere gain hartu dute ondarearen kontserbazioa. Kapirixorekin gero interes publikokoak bihurtu ziren gauza batzuk esnatu egin genituen; erakundeak martxan jarri genituen.

Goienagusin hitzaldiak egin bakarrik ez, kide ere bazara, eta bere momentuan presidentea izan zinen; zein ekarpen egin dio gizarteari?

Hasteko, adin bat dugun jendearengan ikasten jarraitzeko interesa piztu du; hitzaldiak askotariko gaien ingurukoak dira, baita egiten ditugun irteerak ere: kulturalak, bisitak enpresetara, mendira... Bestetik, etxean modu pasiboan geratu beharrean, irten eta jendearekin harremanetan egoteko nahia bultzatu du. Eta Goienagusiren beste ezaugarri positibo bat da bailarako mailako zerbait dela. Herri guztiak batera daude eta hainbat herritara mugitzen gara. Espiritu hori mantendu beharra dago, Goienagusirentzat garrantzitsua da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak