Puntua aldizkariaren 446. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Ez da gai berria; ez, behintzat, epaitegietan indarkeria matxista kasuekin lan egiten dutenendako. Rubiales eta Errejon kasuek emakumezko askok sufritzen dutena bistaratu dute, baita egunotan berriz albiste izan den Manada kasuak ere. Talde feministak aspaldi dabiltza justizia feminista baten aldeko aldarrikapena egiten. Izan ere, talde horiek salatzen dute urte hauetan batu duten esperientziak erakusten duela salaketa formala egitea erabaki duten emakumeei babesa eskaintzea baino gehiago, justizia-sistemak emakumeen arrisku eta zaurgarritasun egoera areagotzen duela.
Genero-ikuspuntuan formakuntza
Datozen orrietako protagonistek bat egiten dute gauza batean: genero-ikuspuntuaren gaineko formakuntza-falta dute operadore juridikoek. "Formakuntza-falta izugarria dago, administrazioko langileetatik hasi eta abokatu, fiskal eta epaileetaraino", dio emakumeen kontrako indarkerian espezializatuta dagoen Ana Mozos abokatu bergararrak. "Berez lege berriak eskatzen du profesionalok gai horren gaineko formakuntza izatea, baina gero, gutako bakoitzaren ardura da hori betetzea". Justizia feministak, baina, sakonagoko aldarrikapenak ditu; esaterako, arreta errudunaren zigorrean jarri beharrean emakumearen erreparazioan jartzea, halakorik berriro ez gertatzeko bermeak egotea, eta gizarte moduan dugun arduraz hausnartzea, batzuk aipatzearren.
Indarkeria bizi izan duten emakumeek sortua, Guerreras elkarteak aholkularitza eskaintzen die egoera horretan dauden emakumeei. Epaitegietako akonpainamendua ere eskaintzen dute.
Leku zentrala hartu du justizia feministaren inguruko aldarrikapenak. Gure kasuan, aspalditik egiten ari garen aldarrikapena da.
Genero- indarkeriaren biktima diren emakumeendako jasanezinak diren egoerak gertatzen dira epaitegietan egunero. Ez du izenik. Salbuespen gutxi batzuk izan ezik, epaileek, abokatuek eta epaitegietako langileek ez dute ez genero-ikuspegirik ez gaiaren inguruko formakuntzarik.
Hasteko eta behin, formakuntzan eragin beharko litzateke?
Ezinbestekoa da, eta formakuntzak behar du izan integrala; ez zortzi eguneko ikastaro bat. Genero-indarkeriako biktimek prozesu psikologiko oso konplexuak garatzen dituzte. Gehienak blokeo-egoeran daude, eta ez du inork kontuan hartzen. Bestetik, baliabide falta izugarria dago: genero-indarkeriaren ofiziozko txandako abokatuak ez daude espezializatuta eta ez dute ezertarako denborarik. Badugu kasu bat non abokatuak proposatu zion biktimari salaketa telefonoz jartzeko. Salaketa ondo jartzea ezinbestekoa da kasuak aurrera egingo badu, eta izan behar du sendoa eta koherentea. Salaketa bat ezin da bost minutuan eta telefono-hizketaldi baten ondotik jarri.
Eraikinen egituretan ere badago zer hobetu, ezta?
Onartezina da biktimek euren erasotzaileekin topo egitea epaitegietan. Gertatu izan zaigu biktima bat laguntzera joan eta txanda heldu bitartean haren erasotzailea zegoen itxarote-gela berean sartzea, bakarrik. Beste adibide bat: Bergarako epaitegian arrainontzia esaten diogun kristalezko hormak dituen gela bat sortu dute erasotzaileendako, baina ez dituzte kristal opakuak jarri. Erdi-opakuak dira, erdi- gardenak. Biktimendako begirakune bat nahikoa da guztiz blokeatzeko.
Justiziaren epeekin ere oso kritiko zarete.
Badugu kasu bat non biktimak 2023ko amaieran jarri zuen salaketa, baina epaiketa ez da 2026a baino lehen egingo. Bitartean, bizkartzainarekin eta laguntza psikologikoaren bizi da. Amesgaizto agoniakoa da, eta ez da kasu bakarra. Epaitegietan lanez gainezka daude, epaile eta abokatu egonkortasunik ez dago, eta espezializaziorik ere ez. Asko dago hobetzeko. Justizia hau ez da justizia.
Eskaera-zerrenda luzea bezain premiazkoa duzue.
Legeak berrikusi egin behar dira, justizia berritu, protokoloak berritu eta betearazi egin behar dira, zerbitzu onak behar ditugu eta poliki-poliki pribatizatzen ari dira... Sistema ezin da ona izan eskatzen badio urruntze-agindua duen biktima bati erasotzailearekin elkartzeko edo ez badu ikertzen zer dagoen aitarekin elkartu nahi ez duten ume batzuen ezezkoaren atzean. Emakumeek kalbario hutsa bizi dute epaitegietan.
Urtarrilaren 28an, Emakumeen Mundu Martxaren topaketak egin zituzten Atarrabian (Nafarroa). 300 lagun inguru batu ziren indarkeria matxistaren eta justizia feministaren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko, eta tartean izan ziren zenbait debagoiendar. "Hemendik guztira 25 emakume joan ginen –talde-argazkian–, eta horien artean Martxanterak taldeko hainbat kide geunden", adierazi du Luciana Alfaro bergararrak. "Jardunaldi haietan sistema judiziala zalantzan jarri zen, indarkeria matxistaren aurrean ematen duen erantzun eskasagatik; izan ere, gaur egun ez ditu emakumeak behar bezala babesten. Halaber, emakumeek erakundeetan aurkitzen dituzten oztopoak aipatu ziren topaketan; eta oztopo horiek are sakonagoak dira emakume arrazializatuentzat, justiziarako sarbidean prekarizazio eta diskriminazio handiagoa jasaten baitute". Hain zuzen, topaketan justizia ereduaren izaera arrazista ere nabarmendu zuten, eta berbaldian esku hartu zuten Bizkaiko SOS Arrazakeriako zenbait kidek.
Egungo justizia-sistemak, mesede baino gehiago, kalte?
Mugimendu feministak aspaldi du aztergai justizia-sistema zenbateraino den lagungarri biktimen erreparazioa bermatzeko, edota egungo sistemak zelan tratatzen dituen indarkeria matxistagatiko salaketak. Hain zuzen, indarkeria matxistak jakean nondik, norekin eta nola aritzea komeni den izan zen Atarrabiako topaketen abiapuntua. Biktimen babesa, norberaren erritmoak errespetatzea, erreakzioak, konplizitateak eta testigantzak izan ziren mahai-inguruetan tartea izan zuten eztabaidetako batzuk. "Beste gauza batzuen artean, egungo sistemak emakumeen arrisku eta zaurgarritasun-egoera nola larriagotzen duen ere aztertu genuen elkarrekin, gehiegitan erasotzailea zigortzea biktimaren babesaren eta gizartearen erantzukizun kolektiboaren gainetik jartzen delako", dio Alfarok. Hala, topaketako mahai-inguruetako batera benetako kasuak ere eroan zituzten.
Biktimen eskubideak erdigunean
Gaur egungo justizian ikuspuntu feministak egon behar duen galdetuta, Alfarok ez du inolako zalantzarik: "Martxanterak taldean justizia feministaren beharra ikusten dugu, non biktimen eskubideak erdigunean egongo diren. Zalantzarik gabe, justizia feminista mugimendu feministaren gai nagusietako bat da gaur egun; izan ere, ezinbestekoa da justiziaren esanahia eztabaidatzen jarraitzea, biktimen babesa lehenestea, botere-egiturak eraldatzea eta guztiontzako komunitate seguruagoak eraikitzea"
Ana Mozos bergararra emakumeen kontrako indarkerian espezializatutako abokatua da, eta hiru hamarkada daramatza gai horiek lantzen.
Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak; zer da, baina, justizia feminista?
Justizia feministari buruz berba egiten dugunean, ari gara genero-ikuspuntua kontuan hartzen duen justiziaz berbetan. Eta ez orain arte izan dugun eta gaur egun oraindik dugun genero-alborapena egiten duen justizia; alegia, emakumeekiko dagoen desoreka kontuan hartzea.
Zure egunerokoan ikusten duzu justizia feminista baten beharra dagoela?
Bai, behar handia dago, ezinbestekoa da. Nik, bereziki, Debagoienean egiten dut lan, baita Donostia aldean ere. Eta konturatzen zara hiriburuetako epaitegietako profesionalek formakuntza handiagoa daukatela genero ikuspuntuaren gainean, bai epaileek, bai fiskalek eta baita lan administratiboa egiten dutenek ere. Eta, kontrara, epaitegi txikietan gutxiago ikusten dut hori. Bergaran, esaterako, lau epaitegi daude eta bakarra dago biolentzia kasuak eramaten dituena, eta bertan badago epaile bat ikastaroren bat egin izan duena, baina formakuntza falta da gaiaren inguruan, alde handia dago hiriburuekin konparatuta; hangoek biolentzia kasuak tratatzen dituzte espezifikoki eta beste formakuntza bat dute. Hemengo epaitegietan formakuntza-falta izugarria dago, eta ez epaileen partetik bakarrik: fiskalak, administrazioan lanean daudenak, behetik hasi eta goraino.
Komunikabideetan lehen lerroan izan dira Errejon eta Rubiales kasuak. Salaketa jarri duten Jenny Hermosoren eta Elisa Mouliaaren egoerek badute antzekotasunik?
Antzekotasun handiak dituzte. Hasteko, oso garrantzitsua da halako kasuak gizarteratzea, guk egunerokoan ikusten ditugun egoerak gizarte osoaren bistara geratzen direlako, berbagai bilakatzen direlako. Rubialesen kasuan, sententzia lotsagarria izan da [10.800 euro ordaintzera zigortu du epaileak, sexu erasoa gertatu dela onartu eta gero]. Zigor ekonomiko txiki bat egon da Rubialesendako, eta Jenny Hermosorendako ez da egon erreparaziorik.
Hain zuzen, nabarmendu izan duzue eraso baten biktima izan den emakumezko batendako ez dela erraza salatzea, horrek dakarren guztiagatik...
Ez daukat datua eguneratuta, baina bere egunean eman zen argitara, eta izugarria zen, zenbat biolentzia kasu gertatzen ziren banaketa-prozesuetan, eta emakumezkoek ez zituzten salatzen, hain zuzen, bazekitelako prozesu luze bati egin beharko ziotela aurre... Hasteko, behin eta berriro sufritu behar dute biktimizazoia, nahiz eta abokatuak nahiko antolatuta gauden. Behin salaketa jartzen denean, biktima ofiziozko abokatuarekin egon denean prozedura guztia abokatu berberarekin egingo du; horrela, ez du behin eta berriro haren egoera kontatzen ibili beharko. Eta abokatua haren alde izango du; izan ere, abokatuak ez gara inpartzialak, oso partzialak gara, eta biktima babestu egin behar dugu. Baina, askotan, lotsagarriak izaten dira galdeketak egiteko moduak, deklarazioak zelan hartzen diren...
Halakoetan, biktima bakoitzak prozesua modu ezberdinean eramaten du...
Eta horregatik, hain justu, guk ez dugu biktima epaitzen. Salaketa gertaera pasatu eta hiru urtera egin duelako, orain gauza bat esan duelako eta gero beste bat... Prozesu oso gogorra da eta psikologikoki eragin handia dauka biktimarengan.
Garazi Plazaola Ugartek (Legazpi, 1989) eta Macarena Mugica Urbistondok (Donostia, 1988) duela bost urte sortu zuten Irule Abokatuak. Zerbitzu juridiko eta psikosozialak ematen dituzte, ikuspuntu feministatik.
Beharrezko ikusten duzue zuen zerbitzua ikuspuntu feministatik eskaintzea? Zergatik?
Zalantzarik gabe, justuki arrazoi horregatik sortu genuen proiektua, momentu hartara arte ezagutu genituen lan egiteko moduekin ez gentozelako bat; adibidez, bezeroarekin komunikazioari dagokionez eta bezeroaren behar espezifikoei erantzun bat emateari dagokionez, komunikazio eta dibulgazio lana eginez baita ere egoera indibidualez harago indarkeriek egitura oso bat dutela azalduz eta abar.
Zer-nolako beharrak ikusten dituzue zuen egunerokoan?
Askotarikoak dira, baina, batzuk azpimarratzearren, esango nuke ezinbestekoa dela aholkularitza juridiko gertuko eta berehalakoa izatea, prozesuak ahalik eta txukunen abiatzeko, ondoren babes psikologikoa ere bai, momentu honetan ez dagoena bermatuta administrazio publikoaren partetik, eta, bestetik, etxebizitzaren arazoa ere oso modu larrian eragiten ari da indarkeria bizi dutenen prozesuetan, bertatik ateratzeko muga larri bihurtu da. Eta arazo hori ez dago soilik indarkeria izan den prozesuetan, bestelako banaketa-kasuetan ere arazo handietako bat da etxebizitzarena.
Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu dute; zuek ere behar hori ikusten duzue?
Bat egiten dugu erabat mugimendu feministak adierazten duen horrekin. Sistema judizialak ez ditu indarkeria matxista artatzeko berme integralak, hasi arau prozesaletatik, hau da, bide judizialean jarraitu beharreko arau eta prozesu zurrunetatik, eta bertan parte hartzen duten operadore juridikoen formakuntza eta sentsibilizaziora. Eta, horrekin batera, bestelako zerbitzuak ere oso urriak dira: babes psikologikoa, gizarte langileen babesa, etxebizitzen arazoa…
Azken bi urteotan (2023-2024) EAEn %8,3 igo dira genero- indarkeria kasuak. Justizia feministak aldarrikatzen du zigor gogorragoek ez dutela justizia hobe egiten. Non jarri beharko litzateke arreta?
Alde batetik, nire sentsazioa da indarkeria-egoerek ez dutela gorakada izan, baina bai salatzen dira gehiago, azpimarratuz horrelako egoerak oso normalizatuak eta ohikoak direla, gure familia eta gertukoenengandik hasita. Bestalde, zigorren kontuan, egindako ikerketek eta bestelako esperientziek argi erakusten duten ondorioa da zigor gogorragoak ez direla eraginkorragoak. Lehen esan moduan, arreta operadore juridikoen formakuntzan eta sentsibilizazioan jarriko nuke, eta aurretik aipatutako gabeziak indartzeko dagoen beharrean.
Emakume askok ez dute salaketa ipintzeko pausoa ematen, eta arrazoien artean dago sistema juridikoan sumatzen duten genero- ikuspegi falta; zein aholku jasotzen dute zuen aholkularitza zerbitzura jotzen dutenean?
Aholkularitza-saioetan beren kasua patxadaz kontatzeko espazioa eskaintzen diegu, eta ondoren, euren beharrak zeintzuk diren identifikatzen joaten gara elkarrekin. Behin beharrak identifikatuta, horiek asetzeko estrategia posibleak azaltzen dira. Honenbestez, aholkua beti ez da salaketa bat jartzea; oso garrantzitsua iruditzen zaigu kasu bakoitza pertsonalizatzea eta informazio garden eta osoa ematea, eta, horrekin, haiek erabakiak hartzea.
Miren Elgarresta (Zumarraga, 1965) 2022a ezkero da Emakundeko zuzendaria, eta nabarmendu du erabat beharrezkoa dela epaileen formakuntza genero-ikuspuntuan.
Emakundek zelan ikusten du justizia feminista baten aldeko aldarrikapena?
Justiziaz ari garenean, bizitzako beste alorrei buruz ari garenean bezala, guztiz beharrezkoa da genero-ikuspuntua kontuan izatea. Emakumeak eta gizonak ez gara berdinak, bizi ditugun bizi- baldintzak ez dira berdinak, gure identitatea ez da baldintza beretan eraiki, gure harremanak ez dira beti botereari dagokionez orekatuak izan, eta horrek guztiak edozein kasu aztertzeko unean, ebazteko unean, erabakigarria izan behar du.
Zergatik da garrantzitsua profesionalek genero- ikuspegia izatea?
Lege beraren aurrean interpretazioa oso ezberdina izan daitekeelako. Epaileek kontuan izan behar dute oraindik generoan oinarritutako botere-harremanek eragin handia dutela gure egunerokoan; eta ezagutu behar dute ondo emakumeen kontrako indarkeriaren konplexutasuna eta zein testuinguru sozialetan gertatzen den. Erronka handia da. Epaileen, fiskalen eta abokatuen prestakuntzak derrigorrezkoa eta sistematikoa izan beharko luke genero-ikuspegian. Errealitatean gertatzen dena epaitu behar badute, errealitatea bera ondo ezagutu behar dute, eta emakumeen aurkako indarkeria gure gizartearen errealitate bat da.
Erakundeetatik baduzue justizia feminista baten alde eragiteko eskumenik?
Emakundetik ikusi dugu azken hamarkadan hobekuntzak egin direla hainbat eremutan: genero- indarkeria giza eskubideen arazo gisa hartzen da, indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak zuzeneko biktimak dira, eremuko profesionalek kontzientziazio eta prestakuntza handiagoa dute. Aurrerapausoak eman dira, baina baliabide ekonomikoak eta langileen baliabideak oraindik ez dira nahikoak. Alde horretatik, Emakundek Jabetuz programaren bidez bultzatzen du indarkeriaren biktima artatzen duten profesionalen prestakuntza. Programa horren helburua da arreta-sistema osoan emakumeen aurkako indarkeriari buruzko oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak bermatzea, bai eta arreta profesionaleko irizpideak homogeneizatzea ere. Euskal erakundeok badakigu genero- indarkeriaren egiturazko arazoari hainbat eremutatik aurre egin behar zaiola.
Azken bi urteotan (2023-2024) EAEn %8,3 igo dira genero. indarkeria kasuak; zein hausnarketa egiten duzue?
Indarkeria datuei dagokienez, perspektiba izan behar dugu, eta konturatu behar dugu emakumeen aurkako indarkeria arazo pertsonala izatetik arazo soziala izatera igaro dela. Indarkeria-kasuei buruzko estatistikak 2003a ezkero ditugu. Beraz, gaur egun, atzo baino indarkeria kasu gehiago ezagutzen ditugu, iraganean arazo hori ez baitzen hain agerikoa, ezta ezagutzeko modua ere. Eta emakumeek ere ez zuten kasua salatzeko edo argitara emateko ingurune egokirik aurkitzen. Ildo horretan, ikusten dugu hazkundea etengabea dela serie historikoari erreparatuz gero. Gorakada nabarmena dago serie historikoan sexu-askatasunaren aurkako delitu guztietan. Eta, alde batetik, positiboki baloratu behar da horrelako delituak gero eta gehiago salatzea, eta horrek adierazten digu emakumeek tolerantzia txikiagoa dutela eraso horiekiko. Kontuan hartzekoa da erasoa normalizatzeari uzten ari zaiola eta edozein sexu-indarkeria mota lehenago salatzen ari garela.