Orain dela hamazortzi urte abiatu zuen Intujai Teatro taldeak Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, Tolosaldean eta Goierrin, eta harrezkero haziz joan da, gonbidatutako kontalarien eta emanaldien kopuruari begiratuta. Horren erakusle da martxoaren 5ean Arrasaten hasi eta apirilaren 5ean Tolosan borobilduko duten jaialdira 32 kontalari gonbidatu dituztela, Gipuzkoako hamazortzi herritan banatuta, 50 kontaketa saio egiteko. Intujai Teatroko kide May Gorostiagak azkeneko urteetan Debagoienak jaialdian hartu duen presentzia azpimarratu du: "Alde batetik, eskualde horretan hazten ari den kontalari kopurua aintzat hartu behar da, eta txalotzekoa da, era berean, jaialdiak irauten duen bitartean eta baita bestelako egitarauetan ere ipuin kontaketa asko antolatzen direla; bada, Debagoienean kontalaritza presente dago urteetan zehar, eta eskertzekoa da hori".
Aurtengo berrikuntzak
Urtero moduan, aurten ere euskal kontalari bat goraipatuko dute, eta Yolanda Arrietak jasoko du Urrezko Kalabaza. "Izugarri maite dugun maistra da. Idazlanak haren kontalari grinarekin maisuki uztartzen jakin duelako, istorio ederrak oparituz, bada, merezita du saria".
Egitarau zabala prestatu dute aurten ere, eta horien artean daude Ordizian eta Arrasaten egingo dituzten Kamishi-jai izeneko ekitaldiak. "Azokaren mendeurrena ospatzen ari dira Ordizian, eta kalera aterako gara bizikletekin eta ipuinekin, eta azokarekin lotutako istorioak kontatuko ditugu. Arrasatera ere eroango dugu ekimena, martxoaren 20an ospatzen den Ahozkotasunaren Nazioarteko Egunean. Pello Añorga kontalariak euskal kontalarien izenean aldarri-mezua idatziko digu, eta Maider Alzelai arrasatearrak irakurriko du. Publiko familiarrarentzako ekitaldiak dira horiek".
Azken aldietan moduan, nazioarteko kontalariek istorioak euskaraz kontatzeko ahaleginarekin jarraituz, Azerbaijango, Nikaraguako eta Galiziako hiru kontalari gonbidatu dituzte erronka horretara. "Hernialdean bizida Tamara Karim azerbaijandarra; Irunen du bizitokia Zoa Tamara Cuellarrek; eta azken urteetan Galizian bizi da Larraitz Urruzola. Euskaratik gertu dauden kontalariak gurera ekartzea lortu dugu oraingoan ere".
Alzelai eta Kortazar
Eskoriatzako Dorleta Kortazar eta Arrasateko Maider Alzelai kontalariak "pozarren" daude euren saioak egin eta antolaketa-lanetan laguntzeko ere. Valentziako Eva Andujarrekin partekatuko ditu bi saio Eskoriatzakoak: "Orain dela urte batzuk ezagutu genuen elkar, eta harreman berezia sortu zen gure artean. Lehenengo aldiz kontatuko dugu elkarrekin, eta sekulako ilusioa dut. Eta jaialdiko azkeneko egunean Tolosan egingo dugun mahai-ingurua gidatuko dut". Arrasateko Kamishi-jai ekimenaz gain, Abaltzisketako emanaldian izango dela kontatu du Alzelaik: "Ahozkotasun tailerra gidatzen dut hango eskola txikian, eta ikasleekin batera prestatu dugu, mimo handiz, emanaldia".
Debagoieneko emanaldiak
Arrasate
- Celeste Abba (Argentina) Martxoaren 5ean, 19:00etan, Kulturaten. Helduentzako. Gazteleraz.
-
Tarana Karim (Azerbaijan) eta Nerea Ariznabarreta (Euskal Herria) Martxoaren 7an, 18:00etan, Kulturaten. Haurrentzako. Euskaraz.
-
Nicolas Lubo (Kolonbia) eta Amaia Elizagoien (Euskal Herria) Martxoaren 12an, 18:00etan, Santa Marina bibliotekan. Haurrentzako. Euskaraz eta gazteleraz.
-
Pello Añorga (Euskal Herria) eta Intujai Teatro (Euskal Herria) Martxoaren 20an, 18:00etan, Kulturaten eta kaleetan zehar. Familientzat. Euskaraz.
Oñati
- Quico Cadaval (Galizia) Martxoaren 12an, 19:00etan, liburutegian. Helduentzako. Gazteleraz.
-
Larraitz Urruzola (Euskal Herria/Galizia) Martxoaren 27an, 18:00etan, liburutegian. Haurrentzako. Euskaraz.
Eskoriatza
-
Carles Garcia Domingo (Errioxa) Martxoaren 14an,19:00etan, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.
- Patricia McGill (Uruguai) Martxoaren 21ean, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.
- Eva Andujar (Valentzia) Martxoaren 28an, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.