Urteko jairik koloretsuenak hastear dira, eta Goienak bertatik bertara jarraituko ditu Debagoieneko herri guztietan Aratusteen bueltan egiten dituzten ospakizunak, eta ondoren, saio bereziak eskainiko ditu telebistan.
Bergarako Aratusteetako ekintza nagusia Bergarako Musika Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren kontzertua da. Gaur gauean egingo dute emanaldia, Kabaret 2.0 izenburupean, Aritzeta abesbatzarekin, Kulunka dantza taldearekin eta hainbat antzezle nahiz abeslarirekin, eta Goienako lantalde berezi bat han izango da, debagoiendarrek ikuskizuna Goiena.eus atarian zuzenean, streaming bidez, Udal Pilotalekura joan gabe jarraitu dezaten, 22:30ean hasita. Halaber, Goiena telebistan ere emitituko da, martxoaren 6an, eguena, 22:00etan.
Aretxabaletatik zuzenean
Aratusteek indarra Debagoieneko herri batean badute, hori Aretxabaletan da. Domeka goizean, martxoaren 2an, kuadrillak mozorrotu eta desfilerako elkartuko dira, eta Goiena telebistak eta Goiena.eus-ek zuzenean emango dute Aretxabaletako desfilea, 12:10ean hasita. Behin saioa amaituta ere, nonahi eta noiznahi ikusteko aukera egongo da.
Hango jai-giroa ikusleei eskaintzeko, Goienako lantalde berezi bat izango da. Ohiko kamerekin eta garabiarekin grabatuko dituzte irudiak, eta Aitor Agiriano kazetaria desfilean murgilduko da, aretxabaletarrak elkarrizketatu eta protagonisten bizipenak jasotzeko.
Aratusteetako saio berezia
Aretxabaletako desfileaz gain, bailarako gainontzeko herrietako ospakizunetan ere ibiliko da lantaldea, hala nola Eskoriatzako eta Arrasateko desfileetan, Aramaioko mozorro lehiaketan, Bergarako kaleetan, Antzuolako dantzetan hartzarekin, tximinoarekin eta domadorearekin eta Oñatiko dantzetan Kondearekin, Kondesarekin eta Txokolateroekin.
Horrenbestez, Aratusteetako saio berezia asteburuak emandako unerik onenekin Goiena telebistan izango da ikusgai martxoaren 4an, martitzena, 20:00etan eta 22:00etan; baita Goiena.eus atarian ere.