Goiena telebista, bere programazioaren sasoi berrian, sukaldera sartuko da, Ezkaratzean saioarekin, Goiena Komunikazio Taldearen eta Bergarako Elikaenearen arteko hitzarmenari esker. Elikaenea Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko egitasmoa da, eta, kalitatezko produktua erdigunean jarrita, haren helburua da kontsumitzaileen eta ekoizleen artean zubiak eraikitzea. Hala, bi eragileen norabideak batu eta elkarlanaren emaitza da proiektua. Ezkaratzean hitza ezezaguna suerta dakioke ikus-entzuleari, baina ezkaratz terminoaren esanahia sukaldea da. Hortaz, ikus-entzunezkoaren muina jasotzen du, Elikaeneako sukaldean egosiko baitira errezetak nahiz elkarrizketak.
Kozinatzen elkarrizketatuekin
Elikaeneako sukaldea bilakatuko da grabazio-set, eta saioaren gidaria izango da Elikaeneako sukaldari Anne Otegi. Bertako eta sasoiko produktuekin egindako errezetak prestatuko ditu atal bakoitzean Otegik. Horrela, ikus-entzuleek garaiko elikagaiak zeintzuk diren ezagutuko dute, eta plater berriak prestatzen ikasteko jarraibideak izango dituzte. Alabaina, ez da bakarrik egongo, saio bakoitzean gonbidatu ezberdin bat izango baitu alboan, kozinatzen laguntzeko, tertulian.
Solaskide horiek, modu batera edo bestera, elikadurarekin lotura duten profila izango dute, eta debagoiendarrak izango dira: ekoizleak, artzainak, okinak, nutrizionistak, kirolariak eta sukaldariak, besteak beste.
Hala, kozinatzen duten bitartean, Elikaeneako sukaldariak gonbidatuak elkarrizketatuko ditu, esku artean duten proiektua gertuagotik ezagutzeko; baita bestelako gaiak lantzeko ere. Errezetaren osagai nagusi diren elikagaien xehetasunak emango dituzte, horiekin lotutako osasun-arazoei buruzko informazioa eman, baita landaketari buruzko xehetasunak ere.
Apirilean emisiora
Datozen asteetan egingo dituzte lehen grabaketak, eta programaziora apirilean batuko da. Denera hamar saio izango ditu lehen denboraldiak, eta, behin Goiena telebistan emitituta, www.goiena.eus webgunean egongo dira ikusgai.