Nazio Batuen Erakundeak 2016an hala erabakita, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 11n. Egun horren bueltan, Emakumeak Zientzian egitasmoren baitan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Debagoienean. Horietako bat batxilergoko ikasleek Ikerlanera egingo duten bisita izango da. Bertan lanean diharduten Jone Zubizarreta (24 urte) eta Lorea Belategi (44 urte) arrasatearrek lehen pertsonan bizi dute emakume ingeniari baten egunerokoa.
Ikerlanek duen zibersegurtasun arloan dabiltza lanean biak. "Digitalizazio aro honetan oso garrantzitsua da zibersegurtasuna. Teknologia eta konektibitate honekin guztiarekin askoz ere garrantzitsuagoa da", azaldu du Jone Zubizarretak.
Ingeniariak oraindik gutxi dira
Jone Zubizarretak Ingeniaritza Elektronikoa ikasi zuen eta Sistema Txertatuetan masterra ere egin zuen: "Ikerlanen ikasketen bigarren mailan hasi nintzen praktiketan, eta, ordutik hona, zibersegurtasun ikerlari nabil lanean. Ni sistema elektronikoen lantaldean nabil".
"Batxilergo teknologikoan neska oso gutxi ginen, eta unibertsitatean ere lauzpabost izan gara ikasgelan. Ikerlanen nire
lantaldean gauzak antzera daude. Egia da Ikerlanen taldeen arabera aldatzen direla gauzak, baina zibersegurtasun sailean
%20 inguru izango gara".
Lorea Belategik, bestalde, Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen, eta, tesia egin ostean, industrian hasi zen lanean: "Bi enpresatan lanean ibili ostean, zazpi urte daramatzat dagoeneko Ikerlanen. Gaur egun, zibersegurtasun eta fidagarritasun
arloan nabil lanean".
"Unibertsitatean oso neska gutxi ginen, eta bai entzun izan nuen komentarioren bat edo beste... 'Emakumeek laborategia
arrosez margotuko digute', eta horrelakoak... Gero, lehen lan-lekuan, bi emakume bakarrik geunden. Urteek aurrera egin
ahala, beste bi emakume sartu ziren, baina, gizonekin alderatuta, proportzioan oso gutxi ginen. Nire bigarren lanlekuan dispositibo medikuak balidatzen nituen, eta han alderantzizkoa izan zen; oso mutil gutxi, eta gehienok emakumeak. Zientziaren barnean adar ezberdinen artean dagoen ezberdintasuna ikusi ahal izan nuen. Bukatzeko, Ikerlanen, ezberdina. Ez gara langileen erdia, baina orekatuago dago genero aldetik. Hala ere, urteek aurrera egin ahala gehiago orekatzen doala ikus daiteke", azaldu du Lorea Belategik.
Gero eta emakume gehiago
Gaur egun, 2024ko azaroko datuen arabera, 14.039 emakume zientzialari ari dira I+Gn lanean Euskal Autonomia Erkidegoan, ikertzaile, teknikari edota ikertzaile-laguntzaile. I+Gn lanean ari direnen %38,5 dira emakumeak –Gipuzkoan %36,6–, 2023an baino %1,3 gehiago –12.497 emakume zientzialari zeuden lanean–. Diziplina zientifikoaren arabera, ingeniaritzan, oraindik, nabarmen nagusi dira gizonak, langile guztien %71,7 dira-eta –Gipuzkoan, %72,1–. Zientzia
zehatzetan ere modu nabarmen nagusi dira gizonak %61,5ekin –Gipuzkoan, %63,4–. Emakumeak gehiengoa dira,
bestalde, medikuntza-zientzietan (%59,1) eta nekazaritza-zientzietan (%55,6). Gizarte-zientzietan ere, gehiago dira emakumeak (%55,1) gizonak baino.
Gipuzkoaren kasuan, datuak antzekoak dira , medikuntza-zientzietan diharduten %54 dira emakumeak, nekazaritza-zientzietan diharduten %55,7 eta gizarte zientzietan diharduten %56.
"Emakume erreferenteen falta dugu oraindik, baita desinformazioa ere. Nire ustez, nahiz eta interesa eduki, zaila da animatzea, adibidez, ingeniaritza bat ikastera erreferenterik ez baduzu", azaldu du Zubizarretak.
"Emakumeok beste ikuspuntu bat ematen diogu zientziari. Beti egin daitezke ekarpen ezberdinak, eta, gainera, eman
daitezkeen irtenbideak ere aberasgarriagoak izan daitezke. Badaude aipatzen dudan horri loturiko ikerketak, eta,
horien arabera, ikerketa-talde mistoek, orokorrean, emaitza aberasgarriagoak ematen dituzte", azpimarratu du Lorea Belategik.
Ekimen ugari
Emakumeak Zientzian egitasmoarekin bat egin dute Debagoieneko eragile askok, eta, enpresetara bisitak antolatzeaz gain, Arrasaten Otsailean 11 erakusleiho ekimenarekin bat egin dute hamalau komertziok. Horrela, komertzioetako erakusleihoetan emakume zientzialariei aipamenak eta omenaldiak egingo dizkiete.
Ekimenak Debagoienean:
Otsailak 10
• 10:00etan. Arrasateko MUko Iturripe campusera eskola-bisita.
Otsailak 11
• 09:00etan. Ikerlanera bisitak –Batxilergoko 2. mailakoak– hiru hizlari emakumeren eskutik.
• 10:00etan. Emakume Ingeniariak mahai-ingurua Seminarixoan.
• 12:15ean. Arizmendi ikastolako 35 neska Fagor Automation bisitatzera joango dira.