Lanketa horretan, adikzioen fenomenoez gain, nerabeen aisialdia, harremanak, norberaren buruarekiko duten autopertzepzioa, elikadura-ohiturak eta beste hainbat aldagai aztertu dituzte. Horretarako, galdetegiak banatu zizkieten ikasleei eta herritarrei, eta 900 erantzun baino gehiago jaso zituzten, eta antolatutako foroetan 100 lagun inguruk hartu zuten parte, gazte zein heldu.
Bi herrietako udal ordezkariak pozik agertu dira izandako parte hartze zabalarekin. Udalarekin batera, prozesu horren sustatzaileen artean hainbat eragile egon dira lanean, besteak beste, Arizmendi ikastola, Kurtzebarri LH, Kurtzebarri DBH, Luis Ezeiza eskola, Aretxabaleta Lanbide Eskola, osasun zentroa, gaztelekua, zerbitzu psikosoziala edota guraso elkarteak.
Diseinatze fasea
Diagnostikoak jasotakoa aztertzeko eta hautemandako beharrei erantzuteko beste fase batean sartuko da proiektua; plana eta esku-hartzea diseinatzeko fasean, hain zuzen ere. Datozen hilabeteetan ekingo dio Udalak horri, Prebentzio Mahaian parte hartzen duten gainontzeko eragileekin batera.