Saharar kanpamenduetako eskoletara 104 ordenagailu eramango dituzte astelehenean

Hasier Larrea 2025ko urt. 24a, 15:31

Arizmendi Ikastolako Arizari Hezkuntza Elkarteak ia bi urte daramatza Saharaldebarekin eta Fronte Polisarioarekin lankidetzan, Tindufen (Aljeria) dauden bost kanpamentutako lehen hezkuntzako eskoletan gela informatikoak abian jartzeko. Traba burokratikoak gaindituta, datozen egunetan garraiatuko dituzte hara ordenagailu eramangarriak.

Ertz askotako ekimena eraman dute aurrera, Birziklanet proiektuaren baitan, Arizmendi Ikastolak, Saharaldebak eta Fronte Polisarioak. Kafe baten bueltan sortutako ideia izan zela kontatu du Saleh Zein Sidahamed-ek: "Gaizka Erañak deitu zidan, Birziklanet proiektuko arduradunak, eta galdetu zidan ea posible izango zen Saharako kanpamenduetara ordenagailu eramangarri batzuk eramatea, bertako ikasleentzat. Erantzun nion baietz, Aljeriar gobernuarekin ere jarri beharko genukeela harremanetan baimenak lortzeko, Tinduf toki militarizatua delako, baina lortuko genuela".

Hala, beharrak identifikatzeko bidaiatu zuen kanpamenduetara Saleh-ek, eta ikusi zuen lehen hezkuntzako irakasle eta ikasleentzako material informatikoa eramatea zela onena. "Zeuzkaten ordenagailu apurrek eguneraketa behar zuten, eta, irakasleek, formakuntza. Hori adostu genuen Saharako Hezkuntza Ministroarekin eta eskoletako zuzendariekin batera".

Fronte Polisarioko eta Sahararen Euskal Ordezkaritzako kidea da Fatma Labiad, eta 15 urtez jardun zuen errefuxiatuen kanpamenduetan irakasle lanak egiten. Fatma ados dago Saleh-ek esan duenarekin, eta honakoa gaineratu du: "Laguntza humanitarioko karabanetan material ugari bidaltzen dizkiegu, baina ez da nahikoa, ez zaio biztanleria guztiari heltzen. Zailtasun handiak daude. Hala ere, Saharar gobernuak, Fronte Polisarioak, inoiz ez du baztertu haur eta gazteen prestakuntza. Denok egiten dugu ekarpena guraso bezala, gure seme-alabak ez daitezen hezkuntza arloan atzean geratu".

Munduarekin harremanetan egoteko

Ordenagailuen %80 zeukaten prest iazko ikasturte bukaeran hara bidaltzeko, baina baimen guztiak lortu arte hainbat hilabete gehiagoz egon dira zain. Azkenean bai, astelehenean abiatuko da Saleh bera furgonetan, bost eguneko bidaia egitera, eta bizpahiru asteren ostean itzuliko da. Emozioz aipatu ditu hitz hauek Saharaldebako kideak: "Proiektu honek irakasle eta ikasleei ikasteko eta munduarekin harremantzeko modua erraztuko die. Azkenean, helburua Saharako haurrak gurekin, munduarekin komunikatuta egotea da".

Lanbide Heziketako Mikro-Informatika zikloko ikasleek parte-hartze garrantzitsua izan dute ordenagailuen egokitzapenean. Deskatalogatutako aparatuak hartu eta memoria handiagoa eta Txikilinux sistema eragilea instalatu diete. Lehen hezkuntzako irakaskuntza-programak dakartza Txikilinuxek eta arabiar hizkuntzan ere erabili daiteke. "Harrotasunez betetzen gaituen proiektua da. Ikasleek Mikro-Informatikako zikloan behar dituzten ezagutzak lantzen dituzte, baina inpaktu sozial batekin; arrakala digitala txikitu, berrerabilpena sustatu, eta elkartasuna adierazi. Egiten dabiltzana ekarpen bat dela konturatu dira eta beste maila bateko inplikazioaz jardun dute, oro har", adierazi du Beñat Irazabalek, Arizmendiko Lanbide Heziketako zuzendariak.

Modu paraleloan, dagoeneko zortzi inprimagailu eraman dituzte kanpamenduetara, Goierri Urola Garaiko ESI-k utzita. 

Udalaren babesa lagun

Arrasateko Udala bidaiaren garraio-gastuak ordaintzera konprometituta da, eta hori benetan ekarpen nadia izan dela adierazi du Irazabalek: "Saleh-ek 2500 kilometro inguru egingo ditu furgonetan eta tartean itsasoa ere zeharkatuko du. Finantzazio handia behar da hori guztia ordaintzeko, beraz, eskertuta gaude Udalak erakutsi digun babesarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak