Aramaio eta Eskoriatzako lurretan proiektatuta zegoen Itsarazeko parke eolikoari ezezkoa eman zion joan den astean Espainiako Gobernuak, haize errotek "neurriz kanpoko kalteak" eragin ditzaketela iritzita. Hala ere, badaude, momentuz, beste hiru parke eoliko egiteko proiekzioak eskualdean: bata, Trekutzekoa. 5 megawatteko potentzia unitarioa duten bi aerosorgailu izango lirateke: bat Antzuolako lurretan, Meaka inguruan, eta bestea Urretxuko lurretan, Irimo gainean. Proiektuaren aurka egiteko jaio zen Meaka-Irimo herri plataformak zein Antzuolako udalak alegazioak aurkeztu zituzten pasa den urteko otsailean, eta administrazioaren erantzunaren zain daude orain; ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu behar du azken horrek. Aldeko adierazpena bada, aurrera joango da proiektua.
Bigarrena, Miritxakoa, Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundia udalerrien eta Gatzaga artean dago. Administrazioko Aurretiazko Baimena eta ingurumen-inpaktu adierazpenaren zain dago proiektu hau ere, eta aste honetan zabaldu dute herritarrek alegazioak jartzeko epea. Basalgokoa proiektu berriena. Joan den urtean hasi zen bertan parke eoliko bat ezartzeko prozedura, eta beste biekin alderatuta, aurreko fase batean dago; enpresa bera dabil, oraindik, ingurumen inpaktuari buruzko txostena egiten, eta horren ondoren egin ahalko dituzte alegazioak herritarrek.
Etorkizunera begira
Itsarazeko proiektuari Espainiak emandako ezezkoarekin pozik dago Beñat Arregi Aramaixo Bizirik taldeko kidea. Hala ere, adierazi du "beti" dagoela etorkizunean halako beste proiektu bat proposatzeko "arriskua": "Lurralde Plan Sektorialak aukera ematen du, oraindik ere, eremu horretan parke bat proiektatzeko. Hortik ez hain urrun, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Legutio arteko Jarindoko parkearen proiektua hor dago oraindik. Lizitazioa egin zen, eta enpresa proiektua aurkezteko epearen barruan dago oraindik". Horrez gain, gehitu du berriztagarriak jarri besterik ez direla egin azken urteetan, baina, hala ere, erregai fosilen kontsumoa ez dela gutxitu: "Ez da trantsiziorik egon, produkzioaren gehikuntza bat baino ez da izan".
Bide horretatik, Arregik "eredu aldaketa bat" proposatu du: "Alternatiba egokiena izango litzateke behar errealak zeintzuk diren aztertzea, eta finkatzea gizartea nola antolatu nahi dugun. Gero, gizarteari begirako energia eredu baten bidez ondorioztatzen bada eolikoak edo eguzki plakak jarri behar direla, aurrera. Baina ez hasieratik eta modu honetan jartzea". Tokiko energia ekoizpen eta kontsumoaren garrantzia ere azpimarratu du: "Gaur egungo proiektuekin, tentsio altuko sarera botatzen da sortutako energia, eta ez da lokalki kontsumitzen. Nahiz eta parkea Aramaion egon, ez du esan nahi bertan kontsumituko denik. Kontsumoa lokala izan beharko litzateke, eta badaude horretarako alternatibak ere".
Tokiko kontsumoa definitzeko beharra ikusten du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak: "Kontua da tokikoa zeri esaten zaion. Eskualdeko eskala ere tokiko eskala bat da, eta 50MWko azpiegitura batek tokiko eskalan ematen den kontsumoari erantzuten dion. Tokiko eskala ezin daiteke mugatu autokontsumora. Autokontsumo instalazio batek urrunetik ere ezin diezaioke erantzun Debagoieneko industriak daukan kontsumo mailari; horretarako beste eskala bateko azpiegiturak behar dira". Horrez gain, azaldu du gaur egun ezin daitekeela energia ekoizten den lekuan bertan ebakuatu, sare elektrikoa ez dagoelako prestatuta horretarako.
Hala ere, nabarmendu du garrantzitsua dela tokiko komunitateak energia berriztagarrien zabalkundeari dagozkion erabakien parte izatea: "Ez dira izaten ari, energia enpresak direlako erabakitzen dutenak proiektu horiek non kokatuko diren".
Erregai fosilen inguruan ere aritu da Otxandiano, eta adierazi du, bere ustez, ez dela "aukera bat" horiek erabiltzen jarraitzea. Horiekiko menpekotasuna murrizteko, bi baldintza bete beharko liratekeela uste du: "Lehena da kontsumoa murriztea. Horretarako neurri ezberdinak garatu beharko dira hurrengo urteetan. Beste alde batetik, energia berriztagarrien zabalkunde handi bat behar da, eta datuek esaten dute eremu urbanoan eman daitekeen zabalkundearekin bakarrik, urrunetik ere ez garela iristen, nahiz eta kontsumoa asko murriztu".
"Eztabaida da kontsumoa zenbateraino jaisteko prest gauden"
Alvaro Campos energia berriztagarrietan aditua da, eta 'Zertarako zentral eolikoa Basalgon?' hitzaldia eman zuen asteartean Bergaran.
Debagoienean proiektatuta dauden parkeak egokiak dira ingurumen ikuspuntutik?
Proiektu guztiak antzerakoak dira. Guztiek dauzkate 5-6 MW inguruko errotak, bakoitzean kopuru ezberdinak badaude ere. Hau da: 200-250 metroko altuera daukaten errotak. Energia eolikoa ekozteko modu honek onurak badauzka baina baita kalte asko ere. Eta kalteek onurak gainditzen dituztela uste dut.
Zergatik?
Energia eolikoa beharrezkoa da, baina promotoreen motibazio bakarra etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzea bada, zenbat eta parke handiagoa izan, hobeto. Beraz, kriterio hori jarraituta, 250 metroko errotak eraikitzen dituzte, 300, 400 eta 500 metroko errotak oraindik prest ez daudelako. Erregulazio bat behar da, planifikazio bat, kuota bat jarriko diona promotoreen etekin nahi etengabeari.
Zientzuk izan beharko lirateke irizpide horiek?
Gogoan eduki behar dugu zein den lurraldeen eta teknologiaren artean dagoen harremana. Megaproiektu horiei dagokionez, daukagun arazoa da tentsio altuko linearen bidez garraiatzen dugula gero energia hori. Beraz, energia tentsio altuko linean sartzen denean, hautsi egiten da lurraldeekiko lotura. Energia hori ez da jada eolikoak kokatzen diren lurraldearentzako, baizik eta ordaindu dezakeenarentzako. Herri batzuk ezin daitezke sakrifikatu guztion beharrak betetzeko. Uste dut herrian eta herriarentzako ekoizten denean, herritarrek kontzientzia gehiago hartuko dutela beraien kontsumoari buruz.
Beraz, beste trantsizio bat egin daiteke?
Uste dut eztabaida antzu batean gaudela. Berriztagarrien aurkakoak ez daude informatuta, eta garapenaren aurka agertzen dira. Eta adituek esaten digute trantsizio posible bakar bat dagoela. Eta ez bata ez bestea, ez da horrela. Trantstzio mota asko eta teknologia mota asko daude. Baina horien gainean erabakitzeko, informatuta egon behar dugu. Guzti hau erabakitzeke dago. Eta argi izan behar dugu ezingo dugula erregai fosilekin besteko kontsumoa izan; berriztagarriekin, bai edo bai, kontsumoa jaitsi beharko dugula. Eztabaida da kontsumo hori zenbateraino jaisteko prest gauden.