Ziklismoko talde onenak zuzentzen

Xabier Urtzelai 2025ko urt. 28a, 14:28

Ivan Velasco eta Markel Irizar, Urkulun. Irudia: Goiena.

Euskaltel-Euskadin taldekide izandakoak, erretiroa hartu zutenean elkarrekin atera zuten zuzendari izateko titulua Ivan Velascok eta Markel Irizarrek; egun, World Tourreko taldeetan dihardute, Movistar Team-en eta Lidl-Trek-en, hurrenez hurren. Ardura postuak badituzte ere, ezkutuko lanaren balioa nabarmentzen dute: "Ziklistek izan behar dute protagonista, ez guk"

Puntua aldizkariaren 440. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Hamar urte bete dira Ivan Velascok (Arrasate, 1980) Caja Ruralen ziklista profesional izateari utzi zionetik. Kafesnez betetako katiluari begira dagoela entzun du datua, eta harridura aurpegia jarri du. Markel Irizarrek (Oñati, 1980), berriz, duela sei urte esan zien agur lasterketei, 2019an.

IVAN VELASCO: "LANEAN OREKA HANDIAGOA IZATEA DUT HELBURU"

Elkarrizketa hasi aurretik Urkulun egin du hitzordua PUNTUAk biekin, eta urtarrileko goiz ederrean etxeko bulegotik irten izana eskertu dute. Neguko taldeko egonaldietan Mediterraneo aldean hainbat egunez egon eta gero, urtea etxean hasi dute, nahiz eta segituan hasiko diren batera eta bestera; iaz, 130 egun egin zituzten etxetik kanpora. Hala, elkartzeaz batera, segituan hasi dira taldeetan dituzten gorabeheren gainean berbetan. "Elkarrengandik 350 metrora bizi gara [Arrasaten], eta oso noizbehinka baino ez gara elkartzen", dio Irizarrek. "Lasterketetan ez gaudenean, Ivan imajinatzen dut etxeko gela batean, bideo-dei bidez batzar mordoa izaten, edo egongelan aurrera eta atzera, telefonoa belarrian duela, talde barruko suteak bata bestearen segidan amatatzen", dio oñatiarrak, barre eginez. "Halaxe joaten zait askotan eguna, Australian daukadan ziklista batekin berbetan, jarraian taldeko beste zuzendariekin beste batzar bat izaten…". Bitartean, Velasco buruaz ari da Irizarren esanak onartzen, eta hitza hartu du: "Ea aurtengo urtean oreka handiagoa izaten dudan; bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko orekaz ari naiz, ze…".

Hala, pedalei eragiteagatik izaten zuten hanketako mina egungo ardurek sorrarazten dizkieten buruko minekin ordezkatu dute, baina erdigunean beti dago txirrindularitza, eta ez lukete lanbidez aldatuko; munduan barrena batera eta bestera doan zirku horretako parte dira, eta izugarri atsegin dute egiten duten lana.

Agurra, ezberdin

Ziklismoa uzteko modu ezberdinak izan zituzten gaurko bi protagonistek: Velascok erorikoen ondorioz izandako lesioek behartuta esan behar izan zuen agur; Irizarrek amestutako azken lasterketa jokatu zuen: 2019ko Donostia Klasikoan, gertukoez inguratuta, eta ondoren herrian egindako omenaldi ederrarekin zintzilikatu zuen bizikleta. Hala ere, etapa hura amaituta, biek ala biek egin zioten galdera berbera euren buruari: "Eta orain, zer?".

MARKEL IRIZAR: "EMAITZETAN IAZKO URTEA HOBETZEA EZINEZKOA DA"

Velascok Ingeniaritza ikasketak egin zituen ziklista zen bitartean; ez da gutxi. Erretiroa hartu zuenean, ondo zekien lantegietako giroa baino gehiago txirrindularitzaren bueltan egoten den saltsa gustatzen zitzaiola. Hala, Specialized etxearendako hasi zen lanean, zenbait material diseinatzen, eta 2019an Astana Team taldera pasa zen, taldeko teknikari, 2022an Movistarrek fitxatu zuen arte. "Orain arte, Movistar Team-eko teknikaria izan naiz, eta azken urtean txirrindulari guztien errendimenduko arduradun izatera pasa naiz, Xabier Murielekin batera. Batzuetan, lasterketetan zuzendari lanak ere egiten ditut, baina taldea handitzeko lanean gabiltza, zuzendariak falta zaizkigulako. Helburua da lantalde sendoa osatzea, Muriel eta biok arduradun lanetan gehiago zentratzeko. Egia da, esaterako, aerodinamika azterketak, erlojupekoen prestakuntza… halako lanak beste batzuen kargu uzten saiatzen nabilela, baina lan horiek izugarri gustatzen zaizkit, eta, azkenean… Hor ere orduak joaten zaizkigu".


Ivan Velasco, aurtengo neguan, Tafallako belodromoan Liane Lippert ziklistarekin.

Irizarrek, berriz, txirrindularia zela sos batzuk aurreztu zituenean Bizipoz kafetegia zabaldu zuen, Alaitz emaztearekin batera, Oñatin, 2016an. "Beti pentsatu izan dut ez nukeela arazorik izango kafetegira lanera joan beharko banu. Asko gustatzen zait egiten dudan lana, baina edozein gorabeheraren aurrean halako negozio bat izateak askatasuna ematen dit; edozer gertatuta ere, badaukat lanera nora joan, eta horrek asko balio du".

Lidl-Trek, World Tourreko handietako bat

2023an Lidl supermerkatu-etxea taldea babestera sartu zenetik, Ameriketako Estatu Batuetako taldearen aurrekontua asko hazi da, World Tourreko talde handienetako bat izateraino. Hazkunde horren testigu izan da oñatiarra, bizikleta zintzilikatu zuenetik taldeko staff barruan egon da eta: "Baina asko hazi garen arren, lanean urpekarien torlojuen moduan jarraitzen dugu, ondo estututa". Gaur egun, Lidl-Trekeko formakuntza-taldeko arduraduna da Irizar; alegia, harrobiko ziklistekin –23 urtez azpikoak– egiten du lan eta Europan zehar batera eta bestera ibiltzen da txirrindulari gazteak ikuskatzen, eta fitxatzen. Zuzendari lanak ere egin ditu, bai gizonezkoen, baita emakumezkoen talde nagusiekin ere, baina aurten gazteekin egingo du bereziki lan. "Nire lanaren %80k kirol ikuspegia du, eta gainerako %20a da taldeko kudeaketaren gainekoa. Edozein momentutan tokatzen zait, esaterako, Txekiar Errepublikara joateko hegaldi bat hartzea, han interesgarria iruditzen zaigun ziklista gazte bati lasterketaren batean jarraipena egiteko. Ziklista ikuskatzaile moduan, ezaugarri konkretu batzuk dituzten txirrindularien bila nabil; normala den moduan, niretako gordetzen ditudan detaile batzuetan jartzen dut arreta, eta gazte hori talderako interesgarria den edo ez erabakitzen dut".

IVAN VELASCO: "MOVISTAR HAZTEN DABILELA IKUSTEN JARRAITU NAHI DUT"

Azken urteotan, Lidl-Treken eta Movistarren bilakaera erabat ezberdina izan da. Movistar World Tourreko erreferente izatetik talde xumeagoa izatera pasa da, eta, esan moduan, Lidl-Trek oilarretako bat da gaur egun. "Trek-Segafredo ginenean, Movistarren egitura antzerakoa izango genuen. Egia da Lidl babeslea sartu denetik hazi egin garela, baina, hala ere, ditugun talde guztiak kudeatzeko justu samar ibiltzen gara. Horrekin batera, talde batean halako exijentzia maila handia egoten denean, inor ezin daiteke lokartu".

Movistar Team, egoera iraultzeko lanean

Espainiako taldea ez da garai batekoa. Mikel Landa, Alejandro Valverde eta Nairo Quintana ziklistak taldean elkarrekin izatetik beste helburu batzuk lortzeko borrokatzen dira ziklistak izatera pasa dira, eta beste talde batzuetan dirua barra-barra zelan sartu den ikusi dute. "Ez dizut esango lehen World Tourreko lasterketak nahi gabe irabazten genituenik, baina taldeak aurrekontu handia zuen, eta gurea jaitsi egin da, baina besteena hazi egin da, izugarri". Taldearen exijentzia maila, baina, handia da, baita zaleena ere. Eta hori zenbait momentutan motxila ere bilakatu da, bereziki sare sozialetan mezu toxiko dezente jaso izan dituztelako. "Denetik dago, baina, nire kasuan, sareak ez ditut lehen moduan jarraitzen; jendeak edozer gauza kritikatzeko joera du eta hortik ez zaigu ezer onik iristen", onartu du Velascok. "Taldera iritsi garenok helburu garbia dugu, aurrerapausoak ematen joatea, Movistar hazten ikustea. Badakigu ez dugula tropeleko ziklista onenak fitxatzeko dirurik; horregatik, formakuntzan jartzen dugu indarra. Eta, hala ere, badakigu nabarmentzen diren txirrindulariak talde handiagoetara joango zaizkigula; Alex Aranbururekin eta Oier Lazkanorekin gertatu zaigu aurten [Cofidis eta Red Bull Bora taldeek fitxatu dituzte], baina berdin jarraitu behar dugu talentua bilatzeko lanean".

Talentua, geroago eta gazteago

MARKEL IRIZAR: "GEROAGO ETA ZIKLISTA GAZTEAGOEN BILA GABILTZA DENOK"

Hain zuzen, hori da Irizarren lan-jardun nagusia: talentua bilatzea. Talde handiek geroago eta ziklista gazteagoak fitxatzen dituzte. "Zoritxarrez, futbolera gerturatzen dabil txirrindularitza, eta gu ere arazoaren parte gara, onar dezagun garbi. Gaur goizean, 16 urteko ziklista ingeles bati idazten ibili naiz; talderako fitxatu nahi dugu. Adin horiekin kirol- agenteak dituzte, management agentziekin edo aholkulariekin egiten dute lan, eta haiekin izaten ditut hartu-emanak. Eta gurasoekin, noski. Esaterako, orain momentuan, Movistar eta gu ziklista gazte baten atzetik gabiltza; merkatu berean lehiatzen gara denak, eta, batzuetan, tentsioa ere izaten da. Eta joko-arau horien aurrean egon zaitezke ados edo ez, baina guk ziklismoa utzi genuenetik gauzak asko aldatu dira, eta hori da gaur egungo egoera. Batzuek diote lehengo txirrindularitza hobea zela; nik ez dakit hala den, baina guk ezin ditugu gauzak aldatu, eta bi aukera dituzu: edo dagoena onartu edo hurrengo tren-geltokian jaitsi". Velascok jarraitu du berbetan: "Pena ematen dit, 23 urtez azpiko kategoria ia desagertzear dagoelako, onak diren ziklistek junior mailan profesionalak dirudite: nazioarteko lasterketetan dihardute, talde handiak atzetik dituzte… Eta badira beste txirrindulari batzuk helduago direnean nabarmentzen direnak, baina haiek bidean galduko dira, ez dago astirik eurendako". Lidl-Treken barne-hausnarketa egin dute gaiaren bueltan. "Gainontzeko taldeekin batera txirrindularitza komunitatearekin zorretan gaudelako, baina badakigu interes handiak daudela jokoan. Horregatik, gaur esaten dizudana, akaso, ezingo dut bihar defendatu; alegia, lehen ez nuen pentsatuko 16 urteko gazteen atzetik ibiliko ginenik, eta bihar, agian, 14 urtekoen atzetik ibiliko gara".

Markel Irizar, Mathias Vacek ziklistarekin batera.

2025eko helburuak, ezarrita

Hastear dago denboraldi berria, eta biek dute garbi urte berriari zer eskatu: bizitza profesionala pertsonalarekin orekatzea. "Beste lasaitasun batekin egin nahi dut lan, eta, horrekin batera, Movistarrek 2024an erakutsi duen joera aldaketak jarraipena izatea. Ari gara irudia aldatzen, gazteekin lan egiten; badakigu orain momentuan World Tourrean zein den gure tokia, baina urte batzuetan langileak kontratatzeko mugak izan ditugu [kirol medikuak, fisioterapeutak...], eta ari gara muga horiek gainditzen eta beste taldeen parean jartzen. Horrek lagunduko du bakoitzak bere lan-arloan emaitza hobeak jasotzen, baina hau prozesu bat da, emaitzak ez dira berehalakoan etorriko".

IVAN VELASCO: "EZIN DITUGU ONENAK FITXATU; TALENTUA BILATU BEHAR DUGU"

Irizarrek ere lasaiago ibili nahi du: "Abuztuan topea jo nuen, oso estresatuta ibili nintzen eta geratzeko beharra ikusten nuen. Seguruenik, gaztetan minbizia pasatu izanak ez dit lagunduko, baina jakin nahiko nuke erritmo honek ze inpaktu duen osasunean, azkar batean nabil-eta zahartzen. Batzuetan, iruditzen zait esku artean dugun proiektu honi bizitza eskaintzen ari gatzaizkiola, eta neurria hartu behar diogu. Bestalde, kirol ikuspuntutik, 2025ari ezin diot eskatu 2024an lortu duguna hobetzea, ezinezkoa da eta. 23 urtez azpiko taldea [Lidl-Trek Future Racing] proiektu berria da, eta iaz sekulako emaitzak lortu genituen: munduko txapeldun izan ginen, Italiako Giroa irabazi genuen, Paris-Roubaix klasikoa irabazi genuen, sailkapen orokorrean lehenengoak izan ginen... Tristea da esatea, baina kontziente naiz 2025ean ezingo dugula beste horrenbeste egin. Hortaz, egon gaitezen hortik ahalik eta gertuen".

Marketin ikuspuntua, geroago eta presenteago

Esan du Irizarrek ziklismoa asko dabilela aldatzen, baita txirrindularitza kontatzeko modua ere. Lasterketetako telebista emankizun eta kroniketatik harago, egunerokoan edukia sortzeak geroago eta garrantzi handiagoa du. "Movistarren Pablo Ordorica dugu; hasieran ez zuen ziklismoaz ideia handirik, baina taldearen inguruan edukiak sortzen ditu eta jarraitzaileari iritsi egiten zaio sare sozialetan zabaltzen duen edukia. Niri gustatzen zait zelan egiten duen lan, tipo jatorra da, baina egia da bideoetan ahalik eta gutxien irteten saiatzen naizela, protagonistak ziklistek izan behar dutelako; guk, berriz, beste rol bat bete behar dugu".

MARKEL IRIZAR: "FUTBOLETIK GERTUAGO DAGO ZIKLISMO HAU"

Lidl-Treken kasuan, oihartzun handia izan du taldeak MotoGPko pilotu ohi Aleix Espargaro fitxatu izanak. Pilotu ohiak txirrindulari izateko ametsa zuen, eta proiektura batu da. "Nik uste dut eduki polita sortuko duela; kasu horretan, gauzak barrutik biziko dituelako. Asko hitz egin da Espargaroren etorreraz, ziklista gazteei lekua kenduko diela... Eta ez da egia; oraingoz, graveleko edo mendiko bizikletako lasterketa batzuk egingo ditu, eta baliteke udan errepideko lasterketaren bat egitea, baina inori lekua kendu barik. Azken batean, guk, normalean, ikuspuntu teknikoa izaten dugu, eta ahaztu egiten zaigu gure babesle nagusien helburua Lidlek gehiago saltzea dela, edo Movistarrek zuntza etxe gehiagotara eramatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak