Gripe sasoi betean gaude, eta sumatu dute eragina eskualdeko osasun etxeetan. Debagoieneko ospitaletik jakinarazi dute aurreko astean gora egin zuela intzidentziak. Jakinarazi dute gripearen birusaren positibotasuna %41,6an kokatu zela –duela bi aste %33,6 zen–. SARS-CoV-2ren positibotasuna, berriz, % 0,6an kokatu zen –duela bi aste % 1,7 zen–. Datuok astero eguneratzen dituzte.
Ospitalean "ohiko" egoera
Ospitaleratze kasuak, oraingoz, aurreko ekitaldietan baino gutxiago izan dira, baita ere ZIUn izandako ospitaleratze kopurua ere. Aurreikustekoa da, ordea, datu horiek gora egitea aste honetan: "Intzidentzia handituz doa eta pentsatzekoa da intzidentzia handieneko gailurra gertatu ostean ospitaleratzeen kopurua hazten joango dela".
Debagoieneko ESIn 75 ohe dituzte, eta behar izanez gero beste hamabi gehitu daitezke. "Egoera ohikoa da kontuan hartuta birusen urteko kurba epidemiologikoan gaudela bete-betean. Presio asistentzial handia dugu maila guztietan, eta horrek behartzen gaitu jarduera berregokitzera", azaldu du Debagoieneko ESIko zuzendaritza idazkari Irune Urainek. Negu honetako gripea "aurreikusitako moduan jokatzen ari da", azaldu du Urainek. "Intzidentzia handia da, eta horixe bera gertatzen da garai honetan, baina handia izanik, ez dakar aparteko ezaugarririk aurreko denboraldiekin alderatuta".
Aurtengo birusaren ezaugarriak
Birusa ez da larritasun berezirik erakusten ari. "Portaera horretan tresna eraginkorra izan da txertaketa kanpaina", esan du Urainek. Gaineratu du kanpaina honetan, txertaketen kopuruak %5 egin duela gora ESI Debagoienean. "14.700 dosi jarri ditugu gripearen kontrako aurtengo txertaketa kanpainan. Abenduaren 31n amaitu zen kanpaina, baina inork txertatzea nahiko balu eskaera egin dezake. Erizainaren bitartez egin dezake eskaera".
Gripearen intzidentzia datu hauekin, aste erabakigarria izango da honakoa. Ohikoak diren gomendioak egiten dituzte ESI Debagoienatik, batez ere pertsona zaurgarrienendako: "Eskuak garbitzea, jende-pilaketak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea".