Merkataritza txikia: beherakada nabarmena

Jone Arruabarrena 2025ko urt. 17a, 14:03

2008az geroztik, Debagoienean %28 egin dute behera merkataritza, ostalaritza eta garraiora bideratutako komertzioek. Ez da egoera isolatua; EAE osoan ere joera hori da nagusi. Hirigintzari zein tokiko ekonomiari eragiten die jaitsierak

Merkealdi betean daude dendak, eta herritarrek ere badakite hori. Askok itxaroten dute Gabon ostera arte arropa edo bestelako gauzak erosteko. Geroz eta denda gutxiago dago beherapenak aprobetxatzeko, ordea, Debagoienean. 2008ko datuekin alderatuz, %28,1 egin dute behera merkataritza, ostalaritza eta garraiora bideratutako komertzio txikiek eskualdean. 2016. urterako, jada, %16,8 egin zuten behera. EAE mailan ere joera bertsua da: %26,9 egin du behera merkataritza txikiak.

Herriz herriko datuei begiratzen badiegu, Antzuolan %8,7koa izan da komertzio txikien jaiotsiera; Elgetan %12,2; Leintz Gatzagan %33; Aramaion ere %33; Oñatin %28,6; Arrasaten %27,3; Bergaran %33,1; Eskoriatzan %26,3; eta Aretxabaltan %20,6.

Etorkizunean joera horrek jarraituko duela uste du Aitziber Lasargurenek, Debagoieneko Merkataritza Bulego Teknikoko kideak: "Azken urteetan establezimendu asko itxi dira, eta hurrengo urteetan gehiago ixtea espero da, establezimenduen jabeen adina altua delako eta laster erretiroa hartuko dutela-eko askok". Belaunaldi berriek erreleboa ez hartzeko hainbat arrazoi eman ditu; besteak beste, azaldu du oinordekoek interes eta bokazio ezberdinak izan ohi dituztela batzuetan, eta gazte asko, gainera, herritik kanpora joan ohi direla. "Behin herritik aterata, ez dira hona lanera bueltatzen, normalean, eta negozio horietako lan-baldintzak ere ez dira oso erakarriak izaten. Negozioen errentagarritasuna oso handia ez izateak ere ez du laguntzen, eta jende askok ez dauka enpresen kudeaketan prestakuntza edo interesik", esan du.

Egoera zaila

Jabeen adin altuaz gain, beste hainbat arrazoi eman ditu Lasargurenek denden itxierarako. Azaldu duenez, prezioen inflazioa dela eta, negozioak, askotan, jada ez dira errentagarriak, eta kontsumitzaileen eros ahalena ere gutxitu egin da. "Erosketetarako online plataformen sorrerak ere eragin die teknologia berrietara moldatu ez diren dendei. Horrekin batera, hirigintza erregulazioak zein zergen igoerak ere oztopo dira komertzioentzako; ingurumenari begirako legeak, esaterako, geroz eta zorrotzagoak dira", gehitu du.

Era berean, denda gutxiago egoteak herrietan eragin handiagoak dauzkala adierazi du, merkatariek eurek jasaten dituzten kalteez gain. Batetik, hirigintzari begira dakartzan ondorioak nabarmendu ditu: "Kaleetan lokal hutsak edukitzeak kale horri itxura eskasa ematen dio. Gainera, lokalak denbora askoan hutsik badaude, etxeen aurrealdeak eta lokalak hondatu egiten dira. Halaber, kaleak bizitasuna galtzen du, eta jende gutxiago igarotzen da bertatik, eta horrek eremu horretako segurtasunaren pertzepzioa okertzen du". Badaude arlo ekonomikoan sortzen diren bestelako kalteak ere: merkatarien enplegu galera ekartzen du, eta, horrez gain, zenbat eta denda gutxiago egon, orduan eta gutxiago izango dira komertzioen aldetik Udalketan eratortzen dituen zergak ere, Lasargurenen hitzetan. Horrek udalaren finantzaketa gutxitzen du, eta, oro har, tokiko ekonomia kaltetu. "Gertuko hornitzaileek ere kalteak jasaten dituzte, eta ondoko negozioei ere eragiten die; zenbat eta bizitasun gutxiago egon kalean, orduan eta bezero gutxiago izango dituzte eurek ere", adierazi du.

Zer egin?

Negozio bat irekitzeko oztopo ugari gainditu behar diren arren, badaude egoera aldatzeko asmoa duten ekimenak ere. Esaterako, Lasargurenek azaldu du dirulaguntzak jarri direla martxan udaletan, negozio berriak sustatzeko. Arrasaten eta Bergaran eskualdaketak bermatzeko laguntzak ematen dituzte, baita langabeak kontratatzeagatik ematen diren laguntzak zein errotuluak eta kartelak euskaraz jartzea bultzatzeak ere.

Horrez gain, Arrasaten, esaterako, komertzioen lokalak berritzea laguntzeko dirulaguntzak jarri dituzte martxan, baita komertzioenentzako zerga eta tasetan hobariak ere, Lasargurenek esan duenaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak