Danbaka finala

Sariak musika lehiaketako irabazleen zain

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko urt. 17a, 08:00

Seigarren Danbaka Musika Lehiaketako hiru sariak banatuko dira gauerdian.

Arrasateko Del Val eta Rebel Noise eta Oñatiko Malko taldeek osatzen dute gaur Seminarixoan 21:30ean hasita izango den seigarren Danbakaren finalisten zerrenda, eta Bergarako Turtukiña Kolektiboa izango da chill out guneko DJ gonbidatua.

Urriaren 25ean abiatu zuen Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin, seigarren Danbaka Musika Lehiaketa.

Kultura eta aisialdia elkarlanetik eta euskara ardatz izanda, bokazio horrekin abiatu zuen Goienak 2004an eskualdeko musika lehiaketa. Hogei musika proposamenek eman zuten izena seigarren aldian parte hartzeko eta epaimahaikideek –Amaia Arriaran, Ainhoa Vitoria, Sara Alonso, Julen Narbaiza eta Iñigo Ugarte– horietatik hamasei aukeratu zituzten lehiaketan parte hartzeko.

Lau kontzertu eta finala

Aurreko aldietan moduan, Debagoienean dagoen musika ekoizpen zabalaren erakusleiho interesgarria eta aberatsa izan da seigarrena ere. Danbaka-gau bakoitza pilula txikietan eskainitako "musika dastaketa gozagarria" izan da ondo erantzun duen publikoarentzat. Ondo zukututako 30 minutuko emanaldiak guztiak, bakarkako zein taldekako formazioetan.

Ez dute, bada, epaimahaikideek samur izan finalisten zerrenda osatzeko, eta, parte-hartzaile guztien jarrera eta ekarpena txalotuta, honako hauek jaso dute finalerako txartel bana: estreinako gauean jo zuen Oñatiko Malko taldeak; bigarren kontzertuan, azaroaren 15ean, izan zen Arrasateko Rebel Noisek; eta azaroaren 29an, hirugarren kontzertuan, izan zen Arrasateko Del Valek. "Gaur ere danetarik izango dugu: hasteko, pop doinuak; ondoren, punk-rocka; eta bukatzeko, rock gogorra ere bai. Beraz, edozein gustu asetzeko eskaintza egongo da finalean ere. 40 minutu izango ditu talde bakoitzak", kontatu du Danbakako koordinatzaile eta aurkezle Jokin Bereziartuak.

Jon Garcia arrasatearrak gidatutako Del Val laukoteak zabalduko du gaua.

Hasteko, Del Val

Arrasateko Jon Garcia eskarmentu handiko musikari profesionalaren proiektua da Del Val, eta alboan dituen musikariek ere goi mailako ikasketak dituzte, "Iruñeko Kontserbatorio garaiko pisukideak". Bigarrenez hartu du parte Garciak Danbakan, baina oraingoan, ikur duen gitarra alboratuta, teklatuak, sintetizadoreak eta mikrofonoa izan ditu eskuetan. "Proiektuaren berezitasuna" azpimarratu dute epaimahaikideek: "Pop doinu zainduak ekarri ditu; biluztu egin da agertokian, eta hori mirestekoa da. Oso ausarta iruditu zaigu".

Jon Garcia (Del Val): "Ondo pasatzea da gaur ere asmo nagusia; irabaziz gero, luxua"

Del Val taldea Danbakan estreinatu zen jendaurrean, oso gustura geratu ziren, baina ezustekoz hartu zuten finalerako gonbidapena. "Oso pozik gaude, ez genuen espero. Pozik eta urduri ere bai, orain neurria eman behar da eta. Irakasleak gara guztiak, eta ondo etorri zaizkigu Gabonetako oporrak, entseguetarako. Hasi gineneko hiruzpalau kantu hartu ditugu eta forma eman diegu, eta, horrez gainera, bukatu bako ideia batzuk ere bagenituen, eta, horrekin guztiarekin, kontzertua borobiltzeko nahasketa bat egingo dugu.  Lehenengo kontzertuan asko gozatu genuen, eta hori da gaur ere asmo nagusia. Taldea berria denez, eskualdean eta Euskal Herrian ezagutzera emateko aukera ona da finala. Eta irabaziz gero, luxua litzateke", azaldu du Jon Garciak.

Arrasateko Rebel Noise boskotea izango da bigarrena finaleko taularen gainean.

Rebel Noise bigarren

2019an sortutako Arrasateko Rebel Noise taldeak hartuko du lekukoa. Punk-rock doinuak ditu oinarri Andoni Agirrek, Aimar Iturricastillok, Unax Iñarrak, Oihan Azkaratek eta Manex Bakerok osatzen duten boskoteak. Zuzeneko indartsua dute, eta horrela azpimarratu dute epaileek ere: "Talde trinko edo oso konpaktu moduan ikusi genituen, heldutasun handia erakutsi zuten agertoki gainean. Uste dugu gorantz egiten jarraituko duen taldea dela".

Aimar Iturricastillo (Rebel Noise): "Oso gogotsu gaude, indartsu, eta irabaztera joango gara!"

Taldeko abeslari Aimar Iturricastillo Iturri-k finalerako pozik eta urduri daudela aitortu du, baina "sekulako gogoarekin" eta zer geratuko den jakin-minarekin daudela dio: "Entseguetarako ez dugu oso samur izan, lokalean aldaketak... izan ditugulako, baina azkeneko astean kaña eman diogu, ondo prestatzea garrantzitsua da eta. Finaletik espero duguna da adin askotariko jendea batzea, guk ahalik eta ondoen egitea, konpetentzia osasuntsua eta zaila egongo da eta. Oso gogotsu gaude, indartsu, eta irabaztera joango gara".

Oñatiko Malko boskoteak borobilduko du finaleko kontzertu-zerrenda.

Bukatzeko, Malko

Abenduren 20an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jokatu zen Gaztea Maketa Lehiaketako finala irabazita igoko da Seminarixoko agertokira Oñatiko Malko taldea. Talde gaztea den arren, eskarmentua dute oholtzaren gainean. Zuzeneko indartsuak dira Oñatiko taldearen ikur, eta horrela azpimarratu dute epaimahaikideek: "Ez zuten inor axolagabe utzi. Zurrunbilo bat izan zen sentsazioarekin irten ginen Seminarixotik. Orokorrean, oso emanaldi segurua eta indartsua egin zuten".

Anje Maiztegi (Malko taldea: "Beste taldeekin konpetentzia ona dugu; beraz, final polita izango da"

Maddi Arlanzonek, Ander Igartuak, Anje Maiztegik, Unai Izurak, Unai Agirrek osatzen duten boskoteak borobilduko du finaleko kontzertu-zerrenda. Kanporaketa-kontzertuan egin zuten moduan, "dena emateko gogotsu" daudela dio Anje Maiztegi gitarra-joleak: "Egia esan, ez dugu espektatiba edo helburu jakinik. Guk ondo pasatu nahi dugu, publikoarekin ere asko disfrutatzea, eta hortik aurrera datorrena ongietorria izango da. Beste taldeekin konpetentzia ona dugu; beraz, final polita izango da".

Sari-banaketa, gaur

Hiru taldeek euren emanaldia egin ondoren, epaimahaikideak bildu eta segidan emango dute irabazleen berri Jokin Bereziartuak eta Maddi Iñarrak aurkeztutako Danbakaren finalean.

Turtukiña Kolektiboa chill out gunean

Aurtengo Danbakako kanporaketa guztietan DJ gonbidatu bat izan da Seminarixo kanpoan atondutako chill out gunean, eta gaur ere hala izango da. Bergarako Turtukiña Kolektiboa gonbidatu dute oraingoan. Taldeko kide Jone Albenizek eta Ainhoa Narbaizak jardungo dute musikaz gunea girotzen, 20:00etan hasita, kontzertuak 21:30ean hasi bitartean. Kontzertuen artean ere Turtukiñakoen musikarekin gozatzeko aukera izango da.

Askotariko diskoak eskuetan

Askotariko sorkuntza-ildoak jorratu izan dituen Bergarako kolektibo bat da Turtukiña. "Fanzine batetik jaio zen, baina, gerora, musika-jartzaile aritu izan gara. Askotariko musika estiloak ditugu gure saioetan ardatz: Rock-and-roll, soul, post-punk zein bestelako musika estiloetakoak", diote Turtukiña Kolektibokoek.

Orain arteko lau Danbaka-gauetan legez, Sanprubusa chill out gunean izango da gaur, 20:00etan hasita.

Primeran plataforman zuzenean

Seminarixora bertaratzeko aukerarik ez duenarentzako, aurten berrikuntza bat izango da; izan ere, Danbaka Musika Lehiaketa handitzen doan ekitaldi interesgarria den erakusle, Primeran plataformak zuzenean emango du finala.

Seminarixora debalde sartzeko aukera izango dute Goienakideek, baita Goiena eta Primeran aplikazioak jaitsita dituztenek ere. Komenigarria da Primeran aplikazioa Seminarixoan bertan deskargatzea, sarreran egongo den totemean dagoen QR-aren bidez. Hala egiten dutenek kontzertuetara doan sartzeko aukera izango dute, baita tableta baten zozketan parte hartzeko ere. Astelehenean, urtarrilaren 20an, izango da zozketa hori.

Goiena telebistan, datozen egunetan

Lehiaketari jarraipena egiteko asmoz abiatu zen urrian Danbakast bideopodcasta, eta datorren eguenean, hilaren 23an, izango da azkeneko kapitulua ikusgai, 20:00etan eta 22:00etan. Hiru sarien irabazleak gonbidatu ditu, oraingoan, Danbakast-eko aurkezle Jokin Bereziartuak.

Bideopodcastaz gainera, finaleko hiru kontzertuak ere ikusgai izango dira datozen asteetan Goiena telebistan eta Goiena.eus eta Danbaka.eus atarietan.

Seigarren Danbakaren logoko uhinen irudia izango duen garaikur bana jasoko dute irabazleek. Hiru sari banatuko dira gaur, gauerdian, Bergarako Seminarixoa aretoan.

Hiru sari banatuko dituzte

Seigarren Danbakaren logoko uhinen irudia izango duen garaikur bana jasoko dute irabazleek. Hiru sari banatuko dira gaur, gauerdian, Bergarako Seminarixoa aretoan.

SARI NAGUSIA

Epaimahaiak aukeratuko du, eta gaurko hiru proposamenetatik –Arrasateko Del Val eta Rebel Noise taldeak eta Oñatiko Malko boskotea– batek diskoa grabatzeko aukera izango du. Talde irabazleak aukeratuko du, gero, non eta zeinekin grabatuko duen aurten grabatu eta argitaratuko den kantuen bilduma.

PUBLIKOAREN SARIA

1.890 lagundik gora izan dira Danbaka.eus atarian botoa eman duten herritarrak. Irabazleari bideoklipa grabatzeko aukera emango dio sariak.

DANBAKA-EKINEZ SARIA

Maiatzaren 30ean eta 31n Bergarako Labegaraieta auzoan egingo duten hirugarren Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera izango du hirugarren sari hori eskuratuko duen taldeak. Goienak eta Ekinez elkarteak aukeratuko dute proiektu irabazlea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak