Adinkeria saihestea helburu duen hitzarmena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 10a, 15:01

Goiena Komunikazio Taldeak akordioa hitzartu du Gizadiberri programako arduradun direnekin, adinkeriaren inguruko kontzientzia pizteko: langileekin ikastaro bat egingo dute, eta hor jasotzen dutena helaraztea izango da euren lana landutako edukietan.

Gizarte arloko gaien inguruan eztabaida publikoa sustatzeko asmoa du Gizadiberri programak –Orue Auzolana Fundazioa da sustatzailea–, gai jakin batzuen inguruko hausnarketa bideratzea, eta, hain zuzen ere, adinkeria da horietako bat; bada, hori gogoan, hitzarmena sinatu dute Goiena Komunikazio Taldeak eta Orue Auzolana Fundazioak. "Komunikazioaren eremutik abiatuta, lehen helburua da gizarteko gaien inguruko kontzientziazioan sentsibilizatzea komunikazioko profesionalak, eta, aldi berean, helarazten duten informazioaren bidez, herritarrak", azaldu du Ainara Arregik, Gizadiberri programako teknikariak.

Hain justu, abenduan sinatu zuten hitzarmena, Arrasaten, adinkeriaz ohartarazteko, kontzientziatzeko eta neurriak hartzeko, adinaren araberako –zehazki, zahartzaroari lotua– diskriminazioa aintzat hartuta; hori baita, adituen hitzetan, adinkeria, hiru arlotan jasan daitekeela nabarmenduta: erakundeenean, pertsonen artekoenean eta nork bere buruari eragindakoan.

Ikasitakoa helarazteko

Komunikazio arloko profesionalak formatzea da akordioan jasotako lehen urratsa, eta horretarako ikastaro bat egingo dutela adierazi du Monika Belastegik, Goiena Komunikazio Taldeko lehendakariak: "Gure gizartean diskriminazio modu ezberdinak daude, eta horietako bat da pertsona edadetuek nagusi izateagatik jasotzen duten bazterkeria. Alabaina, Gizadi- berrirekin sinatutako akordioari esker, Goienako kazetariok eta teknikariok ikastaro bat egingo dugu, gure kontzientzia pizteko eta sentsibilizazioan eragiteko". Ondoren, ikastaroan jasotakoa helaraztea izango da profesionalen ardura: "Ikastea, guk gure egunerokoan sortzen dugun eta gizarteak kontsumitzen duen eduki horietan adinkeria saihesteko eta baztertzeko".

Horrez gain, Belastegik erantsi du Puntua aldizkariko kolaboratzaile izango dela aurrerantzean Gizadiberri, adinkeriari –beste zenbait gairen artean– buruzko artikuluak idatziko baititu hilean behin.

Gidaren sorrera

Gizadiberrik, HelpAge Fundazioarekin elkarlanean, Adinekoenganako adinkeriarik gabeko komunikazio-gida garatu du, eta komunikatzaileen eskuetan dago dagoeneko; gaiaren inguruko zenbait gako biltzen ditu puntuz puntu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak