Errege Magoen kalejirak egingo dituzte etzi Debagoieneko herri batzuetan. Aretxabaletan, esate baterako, 18:30ean hasiko da, eta herria zeharkatuko dute; Arrasaten, berriz, 19:00etan, ordu erdi geroago, izango da, Arrasate Pasealekutik hasita Herriko Plazara arte, han izango baitira haurrei ongi etorria egiten; gainera, aurten, Iturbide egoitzara ere joango dira, 17:00etatik aurrera egongo baitira han daudenei opariak banatzen.
Bergararrek bi desfile izango dituzte: Elosun egingo da bata, 18:00etan; eta herriko kaleetan, bestea, 19:00etatik aurrera, Udal biltegitik (Arruriaga) hasita. Errege Magoei ongi etorria egin aurretik, gainera, 18:00etan, txokolate beroa dastatzeko aukera izango da San Joxepeko kideen eskutik. Horrez gain, gutunak udaletxeko atarian dagoen postontzian utz daitezke.
Eskoriatzan ez da kalejirarik egingo, baina Herriko Plazan egongo dira Errege Magoak arratsaldeko zazpietatik aurrera; eguraldi txarrarekin, Zaldibar antzokian. Oñatin, azkenik, Oñatiko Parrokiak antolatuta, Santa Ana antzokitik aterako dira 18:30ean, eta parrokian egingo diete harrera herritarrei 20:30ak arte.