Gabonetako jakiek %50 egin dute gora 10 urtean

Jone Arruabarrena 2024ko abe. 13a, 12:53

Bezero batzuk Aretxabaletako Areder arrandegian erosketa egiten, aste honetan. JONE ARRUBARRENA

Kontsumo handieneko urte-sasoia iritsi da, eta, beste behin, gora egin dute gabonetan gehien kontsumitzen diren produktuetako batzuek. 2023arekin alderatuta, %5ekoa izan da igoera. bailarako merkatariek zein kontsumitzaileek igarri dute garestitzea

Gabonetarako erosketak egitea duela hamar urte baino %50 garestiagoa da orain. Hori jakinarazi du OCU kontsumitzaileen elkarteak. Jakina da Gabonetan gehien erosi ohi diren jakien prezioak igo egiten direla urtearen amaieran, baina, oinarrizko prezioak ere igo direla kontuan hartuta, Gabonetako igoera hori are eta handiagoa da aurten.

OCU kontsumitzaileen elkarteak Gabonetako bazkarietan eta afarietan ohikoak izaten diren hamasei jakiren prezioen inguruko informazioa eman du. Hamasei produktuetatik hama­rrek izan dute prezio igoera. Horien artean, arkumearen, txahal-biribila, granadaren, ananaren eta bisiguaren prezioak maximo historikoetan daude –bisigua, esaterako, duela 9 urte baino %200 garestiagoa da–. Ostrak ere %19 garestiagoak dira aurten, eta granadak %17ko prezio igoera izan du. Arkumea, berriz, %16 garestiagoa da.

Igoera Debagoienean

Eskualdeko merkatariek eta ekoizleek ere igarri dute alda­keta. Prezio igoera nabarmen igarri dute, esaterako, Arrasateko Ezkiña tabernako jabeek. Arkume eta txerrikume erreak, behi-masailak, kroketak zein arrain-zopa eskaintzen dituzte Gabonetan. Aurten, ordea, arkumea eta txerrikumea ez dituzte izango, produktu horien prezio igoera dela eta. "Orain arte, arkumea, esaterako, hirurogei euro inguru ordaintzen genuen, eta gero, laurogei euro­ren bueltan saltzen genuen guk. Orain, ordea, laurogei euro or­daindu beharko genuke arkume gordinagatik. Txerrikumea ere hogeita hamar euro igo da buru­ko", azaldu du tabernako jabe Gurutze Villarrek. Esan du "in­bertsio handiegia" egin beharko luketela, eta, gainera, ez dakitela jende nahikok erosiko dien.

Gazta eta esne ekoizleak dira Eskoriatzako Atxalde baserrian, baina badituzte arkumeak ere, eta saltzen dituzte Gabonetan. Azpiproduktu bezala dituzte. "Ez da hain errentagarria; ez dakit produktu izatera inoiz helduko den", azaldu du Asier Sagastak. Jakinarazi du kilo bakoitzeko 6,05 euro ordaindu diela aurten handizkariak –iaz 5,85 euro–, eta partikularrei saltzeko "kon­plikazio sanitario handiak" dau­zkala. Ekoizlearendako igoera bat egon da, baina txikia izan da. "Beharrezkoa zen. Joan den hogeita hamar urteotan arku­mearen prezioa mugitu gabe egon da, bizitzaren prezioa igo­tzera ari zen bitartean –pentsua, argindarra, erregaiak…–". Gai­neratu du gero eta arkume ekoiz­le gutxiago daudela, eta horrek ere eragina izango zuela eskain­tzaren eta eskaeraren arteko lehia horretan.

Merkatarien inpresioak

Jendea hasi da jada Gabonetako erosketak egiten, baina oraindik nahiko lasai dago Aretxabaletako Areder arrandegia, haren jabe Aitziber Gaunak adierazi duenez. Igartzen da Gabon giroa; argitxoek argitzen dute denda, eta kartel bat dago horma batean: Gabonetako enkarguak hartzen dira. Hala ere, Gabonetako prezio igoera oraindik ez du suma­tu Gaunak; ez oraindik, behintzat: "Igo, ez da igo oraindik. Kontua da aurten prezio altuak urte osoan egon direla. Garesti dau­de gauzak. Egun batzuk barru, are gehiago igoko da guztia, seguruenik. Kokotxak, legatza, almejak, bisigua eta angulak izan ohi dira bezeroek Gabone­tan gehien erosten dizkiotenak. Hala ere, azken hilabeteetako prezio igoerak eragin negatiboa izan du erosketetan: "Jendeak ez du horrenbeste erosten. Lehen kilo bat angula erosten bazuten, orain kilo erdi erosten dute".

Bergarako Igarza harategian ere igarri dute prezio igoera, bertako jabe Andoitz Igarzak adierazi duenez: "Urteroko kon­tua da". Hala ere, adierazi du ez dela prezio igoera horren alde­koa: "Ez diot zentzurik ikusten. Hamabost egun pasatzen dire­nean, prezio guztiak jaitsiko dira berriro. Gabonak hori dira: kontsumismoa topera. Eta gure sektorean asko igartzen da". Beste hornitzaile batzuei erosten dizkieten produktuen prezioak igo behar izaten dituzte, baina produktu gehienak eurek ekoiz­ten dituztela, horiek prezio berean mantentzen dituztela adierazi du.

Eskoriatzako Martin fruta-den­dako Miguel Perezek, ordea, oraindik ez du prezio igoera askorik igarri. "Eskariaren ara­bera aldatzen da prezioa. Eta anana, adibidez, jada ez da ho­rrenbeste eskatzen Gabonetan".

Erosketa arduratsua

Kontsumobidek kontsumo ar­duratsua egiteko gomendatu du. Plangintza egitea funtsezkoa dela azpimarratu dute, eta ahol­katu dute aurrekontu bat ezar­teko, produktuen zerrenda aurrez prestatzeko, prezioak konparatzeko, eta tokiko komer­tzioetan erosteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak