'Taupa' euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko abe. 14a, 14:00

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du, eta izena ez ezik izana ere aldatu duela iragarri, hilabetetako prozesu baten ondoren, Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretzeko helburuarekin.

Taupa euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian eginiko ekitaldi batean, "eraldaketa sozial sakon bat eragiteko" asmoz, Jasone Mendizabalen, Taupako koordinatzaile orokorraren, hitzetan: "Badakizue aldaketa norberarengandik hasten dela; horregatik ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera".

Hausnarketa prozesu bat egin dute erabaki horretara iristeko, bi bide jarraituta: batetik, Batera Jauzi izeneko laborategi bat egin dute, "euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertzeko"; eta bestetik, nafarren artean "euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat" egin dute askotariko talde baten eskutik, ondorio "argi" batekin: "Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar gara. Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu".

Mugimenduaren ardatzak

Euskal Herriko euskaltzalez osatutako "mugimendu zabal bat" irudikatu dute, eta euskara elkarteen bazkideetatik hasi arren, harago jo nahi dute, Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunaren esanetan: "Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera". Are gehiago, Irati Iciarrek, Taupako lehendakariak, erantsi du "asko" direla euskarari eta hiztun komunitateari ekarpena egiten dioten herritarrak, galdera bat botaz airera: "Zer gertatuko litzateke herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?". Hala, "aktibatzeko aukera berri eta berritzaileak proposatzea" izango da sarearen erronka nagusienetako bat.

Ez da, ordea, erronka bakarra, euskararen ardatzean "komunitate zabala biltzea" ere erronkatzat baitu Taupak: "Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu, eta horrekin batera, epel eta hotz dauden pertsona eta sektoreak posizio aldekoagoetara erakarri behar ditugu", azpimarratu du Iciarrek. Horretarako, esaterako, "kultur sorkuntza herrikoia bultzatzen" jarraituko dute, kanpora ez ezik barrura ere begiratuz: "Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko". Herritarren arteko elkar ezagutzan eta harremanean jarri dute, adibidez, arreta, hizkuntza, kultur eta jatorri aniztasunaren kudeaketa gogoan: "Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da, eta euskaltzaleen mugimenduak, beste eragile batzuekin elkarlanean, zeregin handia du".

Erabileraren aroa

Mendizabalen hitzetan, "aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da", eta horrenbestez, "erabileraren aroa" izan behar da datorrena. Horretarako, alabaina, argi du ez dela nahikoa hiztunen borondatea: "Egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dugu bizi dugun larrialdi egoera iraultzeko. Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu". Hala, "euskaltzale mugimendu indartsu baten beharra" nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak