Ameriketako Estatu Batuetako Boise (Idahon) hirian jaio da Txuri-Urdin Amerikanuak, Real Sociedad futbol taldearen lagunarte ofiziala, eta Debagoieneko hiru herritarrek parte hartu dute: Haritz Maillo arrasatearra lehendakaria da, eta oñatiar bik, Jesus Alcelayk eta Jon Kortabarriak, lagunartean parte-hartze aktiboa dute. Lagunartearen sorrera-prozesua eta inaugurazio-ekitaldia futbolarekiko grina eta euskal komunitatearekiko lotura uztartzeko gune bihurtu dira.
Lagunartearen sorrera
Maillo lehendakariak azaldu duenez, lagunartearen ideia Ameriketako Estatu Batuetan sakabanatuta zeuden txuri-urdinak biltzeko gogotik sortu zen. "Realzale naiz betidanik, eta taldeari ikusgarritasuna emateko beharra sentitzen nuen. Ameriketako zale guztien artean lotura sortzea erronka polita izan da".
Izenari dagokionez, argi zuten euskaraz izendatu nahi zutela: "Asanbladan hainbat izen proposatu genituen, baina argi zegoen euskaraz izan behar zuela. Euskarak gure nortasuna adierazten du".
Lagunartearen helburua ez da tokikoa bakarrik, zabalagoa baizik. Hainbat tokitan bizi diren zaleak batu dituzte; besteak beste, San Frantziskon eta New Yorken. "Sare sozialen bidez asko elkartu gara. Hasieran, gutxi batzuk ginen, baina, gaur egun, 45 kide gara", azaldu du Maillok.
Debagoiendarren presentzia
Lagunartean hiru debagoiendarrek parte-hartze nabarmena izan dute. Haritz Maillo lehendakariaz gain, Jesus Alcelay eta Jon Kortabarria oñatiarrak dira taldeko beste bi kide. Horrez gain, aste osoko ekitaldietan Unai Telleria oñatiarra ere egon zen, Ameriketako Estatu Batuetan Eusko Jaurlaritzako ordezkaria. "Unai Telleriak aste osoan lagundu zigun, eta gure ekintzetan egon zen", dio Maillok.
Ekitaldiz beteriko astea
"Polita izan zen athleticzaleekin partidu txiki bat jokatzea. Giro ona egon zen, eta denok gozatzea izan zen helburua", azaldu du Maillok. Astean zehar euskal komunitatearen hainbat txoko bisitatu zituzten, hala nola euskal etxea, frontoiak eta Boiseko euskarazko ikastola txikia.
Real Sociedad taldearen ordezkaritza ere han izan zen, Xabi Prieto eta Zuhaitz Gurrutxaga jokalari ohiekin. "Idahon bizi garenontzat oso garrantzitsua izan da Realeko delegazioa bertan izatea. Urte osoan lanean ibili ondoren, haiekin ospatzea sekulako esperientzia izan da".