Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, bataz beste 1.975 dira uholdeek kaltetutako herritarrak urtero Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aldi berean, beste datu batzuk ere eman ditu: uholde-arrisku "nabarmenena" duten ibai-tarte nagusiek, esaterako, 458 kilometroko luzera dute hiru lurralde horietan, eta aurreikusi daitezkeen kalteen %85etik gora biltzen dituzte. Hori dela eta, etorkizunari dagokionez, "uholde-arriskua duten eremuetan erabilera kalteberak prebenitzea da gakoa", Uraren hitzetan.
Horretarako, bada, alde batetik, azpimarratu du urak har ditzakeen eremuetan ez direla erabilera kalteberak jarri behar, eta, gainera, hobe dela dirua uholdeek eragin ditzaketen kalteetan gastatu baino gehiago, prebentzioan inbertitzea: "Uholdeei aurre egiteko inbertitzen den euro bakoitzeko 1,9 euroko gastua saihesten da kalteak konpontzeko. Prebentzio jardueretan inbertitzea baino zazpi aldiz garestiagoa da uholdeek eragindako kalteei erantzutea". Bestetik, erantsi du "azpiegitura eta instalazio estrategikoak uholdeetatik salbu" kokatu behar direla, baina: "Sekula ez da izango zero arriskurik".
Helburua: pertsonak "babestea"
Eusko Jaurlaritzak, Ura Agentziaren esanetan, helburu du "uholdeen eraginpean dauden 100.000 pertsona inguru babestea", eta, horretarako, "350 euro inguru inbertitu ditu uholdeetatik babesteko obrak" egiten: "URAk %18 murriztu du uholde-arriskuaren eraginpean dagoen populazioa, eta 2022-2027 aldirako ezarria duen erronka eragina %40ra murriztea da".
Inbertsio horiez harago, ordea, eguneroko jardunean egin daitezkeen urratsez ere jardun du Ura Agentziak; esate baterako, ibaien garbiketaz. Haren arabera, ibaiertzeko landaredia ere ibaia da, eta "onurak" dakarzkie pertsonei: "Ur-goraldi baten higadura ahalmena murrizten du, edo ibaiertzak finkatzen ditu, adibidez".
Arreta "aliantzan" jarrita
Datozen urteetarako aurrerapausoak emateko asmoz, administrazioen, eragileen eta herritarren "aliantzan" jarri du arreta Urak, eginbehar batzuk markatuta: "Gertatutakotik ikastea, uholde-arriskua duten eremuetan erabilera kalteberak –eskolak, funtsezko zerbitzu publikoak...– ez sustatzea, esposiziopeko guneak defendatzen jarraitzea eta herritarren babesaren etengabeko hobekuntza sustatzea".