Langabeziak ez du gorabehera handirik izan hilabetean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko abenduaren 4a

Bi langile lanean, artxiboko irudi batean.

2.405 pertsona daude lanik gabe Debagoienean, aurreko hilabetean baino hamasei gehiago, 2.389 baitziren ordu hartan. Arrasaten dago langabezia-tasa altuena.

Langabeziak ez du gorabehera handirik izan hilabeteko epean bailaran, Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuetan oinarrituz gero. Hain zuzen ere, %7,88koa izan da langabezia-tasa azaroan, urrian baino 0,05 handiagoa –%7,83koa izan zen orduan– eta aldea, horrenbestez, ez da handia. Iazko aldi bereko datuarekin konparatuz gero, ordea, bestelakoa da egoera: zehazki, 2.314 pertsona zeuden lanik gabe Debagoienean 2023ko azaroan eta %7,54koa zen langabezia-tasa.

 

Herriz herriko egoerari erreparatuz gero, langabeen kopuruak behera egin du Antzuolan (-1), Aretxabaletan (-3), Elgetan (-3) eta Eskoriatzan (-10), eta gora, berriz, Arrasaten (+21), Bergaran (+11) eta Oñatin (+1). Aramaioko eta Leintz Gatzagako egoerari dagokionez, bost langabe baino gutxiago direnez, ez dago datu zehatzik.

Datu absolutuak aztertuz gero, aurreko aldietako joera errepikatzen da: Arrasate da langabezia-tasa altuena duen herria, hamarretik bat baino gehiago –%11,23– baitago lanik gabe. Hurrenez hurren: Bergaran, %7,63koa da langabezia-tasa; Eskoriatzan, %7,56koa; Oñatin, %5,63koa; Aretxabaletan, %5,62koa; Elgetan, %5,39koa; eta Antzuolan, %5,08koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak