Krean-eko ingeniari Hodei Arzakek eman zituen instalazioaren gaineko xehetasunak. Zenbat plaka diren, nondik ekarriak, zein preziotan, muntaketa zelan egin zen, mantenimendua zelan egiten den eta abar eta abar.
Ordu bete inguruko bisitan, instalazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten bazkideek eta zituzten zalantzak argitzeko aukera ere bai. Elkarrizketa interesgarriak ere mahaigaineratu ziren, esate baterako, energia merkatuaren egoera edota berriztagarrien inplementazioa gizartean.
2.520 panel Garaia Gunean
Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak bostehun watteko 2.520 panel ezarrita ditu Arrasateko Garaia Gunean, eta, aurreikuspenen arabera, gai izango dira 1.375 megawatt sortzeko orduko. Kontsumo horren kostua jasangarria eta egonkorra izango da bazkideentzat, merkatu elektrikoan gertatuko diren aldaketak ekidingo dituelako.
Une honetan, Garaiako instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energiaren %75 esleituta dago bazkideen artean eta asmoa da, %100 esleitzea, ahal den heinean, familia edo etxebizitza bati emanez. “Une honetan, esleituta ez dagoen %28 horrek sortzen duen energia sarera botatzen dugu eta horregatik zeozer kobratuko dugu eta kooperatibarendako onura izango da, baina ez da hori gure helburua, baizik eta Leintz Bailarako herritarren artean partekatzea instalazioak sortzen duen energia”, azaldu dute errektore kontseiluko ordezkariek.
Bazkidetza kanpaina martxan
Leintz Bailarako Ekiola energia-komunitateak martxan du bazkidetza kanpaina. Horretarako, leintzbailara.ekiola.eus webgunea dute martxan.