Etxeetan da Goienakide egutegia, artea oinarri

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 22a, 10:15

2025eko Goienakide egutegiaren azala.

Gaur bertan helduko zaie Goienakide guztiei etxera 2025eko egutegia. Komunitatearekin batera sortutako egutegiak askotariko informazioa izango du eskuragarri, eta hainbat diziplinatako artistak eta artelanak izango ditu ardatz.

Iazkoari jarraipena emanaz, aurten ere Goienakide egutegia oparituko du Goienak: "2025eko bailarako egutegi osatuena". Etxez etxe banatuko dute egutegia; ohiko Puntua aldizkariaren formatua jarraituko duen 40 orriko egutegi tematikoa, "komunitatearekin egindakoa", Monika Belastegi Puntua aldizkariko erredaktoreburuak azaldu duenez. Gainera, Belastegik iragarri du egutegiak banatzen diren egubakoitzean ez dela Puntua aldizkaririk banatuko.

Artea eta artistak

Iaz, Lanbideak izan zen egutegiaren gaia, eta aurten arteak eta bailarako artistek izango dute tokia Goienakide egutegian, diziplina askotariko artistek, sortzen ari diren bitartean erretratatuak. Bi atal nagusi izango ditu 2025eko Goienakide egutegiak: lehenik eta behin, "egutegia bera" egongo dela dio hura koordinatzeaz arduratu den Oihana Elortzak, eta askotariko informazioa egongo da eskuragarri: "Hilabete bakoitzak artista baten argazkia du, baita informazio ugari ere: herrietako eta auzoetako jaiak eta hitzordu seinalatuak, nazioarteko egunak, Euskal Herriko jaiegunak, ilargi aldaketak, tenporak eta efemerideak, hain zuzen". Bestetik, Elortzak aurreratu du bailarako artistak ardatz hartuta argazki-erreportaje bat ere jasoko duela egutegiak: "Puntua aldizkaria oinarri izanik, atzera begira ere jarri gara, eta, argazki-erreportaje batean, dagoeneko hilda dauden bailarako zenbait artistaren artelanak erakutsi ditugu, haien senitartekoen eskutik". Egutegiaren azken orrian 2026ko egutegia eta editoriala daude. Elortzak aprobetxatu gura izan du eskerrak emateko egutegia sortzen lagundu duten debagoiendar guztiei: "Jende askok hartu du parte, eta guztiei eskerrak ematea besterik ez daukagu. Ez dugu ezetzik jaso; kontua egunak eta orduak zehaztea izan da, bakoitzak baduelako bere agenda propioa, baina nork bere partetik asko jarri du. Oso gustura gelditu dira artistak eta herritarrak, baita gu ere".

Eskerrak emateko

Goienakideentzat egindako egutegia da 2025ekoa; Belastegiren hitzetan, "opari bat; eskerrak emateko Goienakideei, Goienaren misioarekin konprometituta daudelako eta lagundu egiten digutelako, euskaratik, kazetaritza profesionala egiten. Guk ere mimo handiz egin dugun egutegi bat da, bailarako pertsona asko agertzen dira, eta espero dugu horrenbesteko mimoarekin egindako lan hori eurek ere gustuko izatea eta 2025ean zehar erabilgarria izatea", adierazi du Belastegik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak